INFO

Miren Agur Meabek eta Theodor Kallifatidesek jaso dute BBK Gutun Zuria Bilbao Ohorezko Saria

Miren Agur Meabek eta Theodor Kallifatidesek jaso dituzte BBK Gutun Zuria Bilbao sariaren Ohorezko Makilak Gorka Martinez eta Juan Mari Aburtoren eskutik. Gainera, hurrengo ediziorako beren intereseko proiektu bat irudikatzeko aukera eman diete sarituei.

Miren Agur Meabe eta Theodor Kallifatides, Ohorezko Makilarekin. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gutun Zuria Bilbao euskal eta nazioarteko literaturaren jaialdia berriz ospatuko da eta aurten BBK eta Azkuna Zentroak Ohorezko Sariak eskaini dizkiete Miren Agure Meabe eta Theodor Kallifatides idazleei. Adierazi dutenez, urtero emango dituzte sari hauek, hemen eta nazioartean egindako ibilbide, obra edo proiektu bat nabarmentzeko.

Sarien lehenengo edizio honetan, Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan dira euskal makila tradizionala eskaini dutenak. Honetaz gain, sariak gutun zuri bat eskainiko die idazleei, hurrengo ediziorako beren intereseko proiektu bat irudikatuko duena.

Lehenengo Miren Agur Meabek jaso du makila Aburto alkatearen eskutik. Apaltasunez adierazi du eskertuta dagoela saria irabazi izanagatik baina ez duela benetan ohore hori merezi duela sentitzen. Makila betidanik euskal gizonari lotuta egon dela azaldu du eta munduko emakume idazleei eskaini die saria: «Gizon artzainarena izan da makila, tresna hutsetik sinbolora pasa dena. Emakume idazleok, ordea, arkatza dugu guk makila».

Ondoren, Martinezek Theodor Kallifatidesi eskaini dio bigarren makila. Idazle greziarrak honek berarentzat «ohore bat baino gehiago» suposatzen duela adierazi du: «Zuen herriak eta nireak esperientzia berberak bizi ditugu: gerra, jazarpen eta fanatismoren esperientziak. Hala ere, irauten dugu. Gure kulturei esker, ikaragarri aberatsak direnak, eta zentzu batean, bizitzaren zentzua daukatenak».

Bestalde, Aburtok Bilbo erreferentziazko ardatz kulturala izatearen garrantzia azpimarratu du eta «hemengo egileen eta bisitatzen gaituztenen lana eta ibilbidea» aitortzearen beharra nabarmendu du. Alkateak adierazi du ziur dagoela «saria pixkanaka sendotuz joango dela eta ospea hartuko duela, Gutun Zuria Bilbao jaialdiak bezala».

Sari honen osagarri gisa BBK-k Liburu Ganberarekin batera accesit sari bat emango du ospe handiko egile baten nazioarteko lan bat euskaratzeko eta ikasleen artean zabaltzeko. BBK-k, Zentroa inauguratu zenetik, Mediateka babesten du eta Letren Nazioarteko Jaialdiko laguntzaile nagusia da.

Gorka Martinez BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak adierazi duen moduan, pozik daude literaturarentzat «erreferentziako topagunea den eta Bizkaia kultura sektorearentzako talentua erakartzeko gune gisa kokatzen laguntzen ari den» jaialdiari laguntzeko beste urrats bat ematearekin: «Esparru hori gizarte kohesioko aktiboa izateaz gain, jarduera ekonomikoko eragilea era bada».

Sarituak

Theodor Kallifatides idazle suediar-greziarrak fikzioa, saiakera eta poesia lantzen ditu. Berrogei liburu baino gehiago argitaratu ditu eta hainbat hizkuntzatara itzulita daude. Egile handiak itzuli ditu suedieratik grekerara, Ingmar Bergman edo August Strindberg kasu, baita grekeratik suedierara ere, Giannis Ritsos edo Mikis Thaodorakis, esaterako.

Gaur egun Suedian bizi da eta sari ugari jaso ditu Grezian eta Suedian egindako lanagatik, besteak beste, Greziako Literatur Testimonialeko Sari nazionala. Bere azken argitalpenen artean nabarmentzen dira ‘Otra vida por vivir’ (2019), ‘El asedio de Troya’ (2020), ‘Madres e hijos’ (2020), ‘Lo pasado no es un sueño’ (2021) eta ‘Timandra’ (2022).

Saritu euskalduna Miren Agur Meabe idazle eta itzultzailea izan da, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten duena. Besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren edota Skolastique Mukasonga ruandarraren obrak ekarri ditu euskarara. Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n ‘Azalaren kodea’ (2001) eta ‘Bitsa eskuetan’ (2011) poema liburuengatik.

Euskadi saria hiru aldiz irabazi du ‘Itsaslabarreko etxea’ (2000), ‘Urtebete itsasargian’ (2006) eta ‘Errepidea’ (2011) gazte-nobelei esker. Halaber, ‘Kristalezko begi bat’ (2013) eleberriak eta ‘Hezurren erretura’ (2019) ipuin bildumak kritikaren eta irakurleen harrera beroa izan zuten. 2020an ‘Nola gorde errautsa kolkoan’ poema liburua argitaratu zuen, Espainiako Poesia Sari Nazionala irabazi zuena. Biritan jaso du Vitoria-Gasteiz Haur eta Gazte Itzulpen Saria ere.

Jaialdia

Gutun Zuria Bilbao 2022 martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitartean ospatuko da, Anjel Lertxundi idazlearen ‘Itzuliz usu mundua / Todo mundo es traducción / Lost and Found in Translation’ izenburupean. Ivan de la Nuez jaialdiko aholkulariak dioen bezala, etengabe itzultzen ari den mundu batan jarriko du begirada: «Esperientziei, kulturei, lurralde artistikoei, generoei, hizkuntzei begiratuko die. Ez dio, beraz, itzulpenari fenomeno literario gisa begiratzen, baizik eta munduan egoteko modu gisa, hori aldatzeko».

Jaialdiak hogeita hamar proposamen baino gehiago antolatu ditu aurten, hitzaren inguruko eztabaidak eta gogoetak zabaltzeko eta filosofia edo historia bezalako esparruetatik hainbat gai jorratzeko: kulturen eta sentsibilitateen arteko loturak, ama-hizkuntzen zeregina, itzulpenaren eta idazketaren arteko harremana, literatura generoen mugak, Atlantikoaren ertzetako zubiak, edo itzultzaileen zeregina.