Ibil Bedik jarri dio doinua Ernairen Gazte Martxari: ‘Poesia bat’
Apirilaren 14tik 17ra Zugarramurdi eta Baztan artean egingo duen Gazte Martxaren kanta aurkeztu du Ernai gazte antolakundeak. Ibil Bedi talde nafarrak jarri dio doinua, ‘Poesia bat’ lanarekin.
Este navegador no soporta el elemento audio.
‘Poesia bat’. Hau da aurtengo Gazte Martxaren abestia. Ernai Gazte antolakundeak antolatuta, Zugarramurdi eta Baztan lotuko dituzte apirilaren 14tik 17ra. Ekimena eta kantua aurkezten izan dira Ane Alava Ernaiko bozeramailea eta Amets Aranguren Ibil Bedi taldeko musikaria, NAIZ Irratiko uhinetan.
Aurtengoan Ibil Bedi taldearen eta Lil Buruleunen lana izan da eta letra talde nafarreko kide den Amets Arangurenek osatu du.
Ekimena ohiko moduan aurrera eramatea da gazte antolakundearen asmoa. Horretarako, martxa eta musika jaialdia uztartuko dituen formatua dute esku artean. Amaiurko gazteluaren setioaren bostehungarren urteurrenari keinua eginez, «zutik dagoen herria eta zutik dagoen gazteria badela» aldarrikatuko dute.
Apirilaren 14an Zugarramurditik abiatuko da gazte martxa eta Erratzun egingo dute geldialdia. Hurrengo egunean Erratzutik Elizondora iritsiko dira eta bertan ekingo diote egitarau politiko eta musikalari. Hitzaldiek, tailerrek eta aisialdi eskaintzak osatuko dute egitarau zabala. Apirilaren 17an, Aberri Egunean, amaituko da martxa, Iruñean.
Hitzaldi, ikusizun eta tailerrez gain, 31 musika taldek jarriko dute Baztan dantzan: Abestia egin duen Ibil Bedi taldearekin batera, Streetwise, Nikotina, McOnak, Perlata, Willis Drummond, Crim, Tremenda Jauria, Skakeitan, Xiberoots, Kaleko Urdangak, Liher, Rukula, La Furia, Yare Collective, Aiaraldeko Sound System, Sua, Tribade, Iruñerria Jamaica Clash, Pleura, Marta & Herbass, Romea, Silitia, Dupla, DJ Reimy, XSakara, Skabidean, Erroka, Madame Birrots eta Iheskide izango dira.