INFO

Balizko elikagai-intoxikazioa aztergai Beskoitze eta Hazparneko haurtzaindegietan

Pirinio Atlantikoen Departamenduko zein Eskualdeko Osasun Bulegoko osasun adituek aztertuko dute ostegun honetan Hazparneko eta Beskoitzeko haurtzaindegietako 29 haurri eragin dien balizko janari-intoxikazioa.

SAMUko zerbitzuek bertan artatu dituzte umeak. Inor ez dute erietxera eraman. (@DR)

0-3 urte adin tarteko 29 haur hunkitu ditu ostegun honetan Beskoitzeko eta Hazparneko haurtzaindegietan gertaturiko osasun arazoak. Zorionez, haur bat ere ez dute erietxera eraman izan behar.

Zehazki, Beskoitzeko haurtzaindegiko 17 umek eta Hazparneko haurtzaindegiko bertze 12k ondoeza izan dute bazkalostean, horietarik hainbatek gorakoak ukan dituztela.

Haurtzaindegietako arduradunek berehala deitu dute Samu zerbitzura. Medikuak bertaratu dira bi egituretara. Tokian bertan haurrak artatu ondoren pediatrek erabaki dute ez zela beharrezkoa inor ospitalera eramatea.

Haurtzaindegietako zerbitzuen abisua jasota hainbat guraso ohi baino goizago joan dira haurren bila. Medikuek aholkuak eman dizkiete, batik bat ondorengo orduetan haien umeek jasan ditzaketen gastroenteritis agerraldia tratatzeko.

Era berean, bi herrietako udalengana zein Euskal Elkargoko zerbitzuengana jo dute bi egituretako arduradunek, erakunde horiek haurtzaindegien kudeaketan esku hartze zuzena dutelako.

Beskoitzeko auzapez den Fabienne Ayensa eta Isabelle Pargade, Hazparneko auzapez eta departamendu kontseilaria, beraien herrietako haurtzaindegietara bertaratu dira egoeraren berri hartzeko. Beste hainbeste egin du Philippe Le Moing-Surzur Baionako suprefetak.

Pirinio Atlantikoen Departamenduko zein Eskualdeko Osasun Bulegoko osasun adituek aztertuko dituzte bi haurtzaindegietan hartu dituzten laginak, osasun arazoaren jatorria zehazteko asmoz.

Lehenengo azterketen arabera, litekeena da janariarekin loturiko intoxikazioa eragin izana 29 haur hunkitu dituen osasun arazoa.