‘Solteroen dantzalekuak’, lehendakari izan nahi duen gizonari iragana oztopo zaio
Lehendakarigai izateko aukera handiak dituen gizonaren istorioa da hau. ‘Solteroen dantzalekuak’ nobelaren protagonistak, ordea, arazo bat dauka bere iraganeko gertakizun batekin, eta hobe hura moldatzea. Historia, fikzioa eta autobiografia uztartu ditu Joxean Agirrek bere lan berrian.
Lehendakarigai izateko curriculum ‘nahikoa garbia’ ez duela-eta, hura ‘egokitzeko’ egonaldi bat egingo du Hondarribiako Buenavista hotelean gure protagonistak. Iragana beti itzultzen da-eta, berriro ikusi nahi ez dugun mamuaren antzera. Baina gu bisitatzen tematzen da mamu madarikatua; zaila izaten da, asko makillatu arren, ixkin egitea.
Karrera politiko baterako bidea atontzen, horretan jarri du Joxean Agirrek bere pertsonaia berria, alegia, bere bizipenak estaltzen, manipulatzen. Ostegun honetan aurkeztu du, Elkar argitaletxearen eskutik, ‘Solteroen dantzalekuak’, iragana eta orainaren artean saltoka dabilen eleberria, tarteka autobiografia dena, tarteka fizkioa eta tarteka historia dena nahastuz.
Obra berria idazteko inspirazioa Régine Robin idazle eta historialaren obra baten ondotik heldu zitzaion Agirreri. «Memoriaren gaietan aditua», Alemania Ekialdean kokatzen duen nobela batean «kontatzen du Berlingo harresia erori zenean Stasi-ko agenteak lanik gabe gelditu eta ikastaroak egin zituztela teknikarien laguntzarekin. Identitate eta biografia berri bat eman zitzaion agente bakoitzari, eta Alemaniako beste leku batera bidaliak izan ziren. Alemanian barrena barreiatu zituzten agente haiek», kontatu du azpeitiarrak.
«Hortxe» otu zitzaion ‘Solteroen dantzalekuak’-en abiapuntua. «Badirudi ezetz, baina denok aldatzen dugu. Gure bizitzaren kontakizuna egiten hasten garen bakoitzean dugu joera pasarte ilunak estali eta ederrak ederragotzeko. Hori hain humanoa dena, ia ia fenomeno soziologiko bihurtzen da batez ere erregimenak edo diktadurak erortzen direnean, orduan mundu guztia hasten da bere biografiak aldatzen eta egokitzen».
Nobela dibertigarri bat dela iragarri du Xabier Mendiguren editoreak, eta azpimarratu du gai serioak umorez planteatzeko egileak erakutsi duen trebezia. «Idazleak bere obsesioak izaten ditu eta Agirrek ere agertzen ditu hemen batzuk, eta gai berriak ere planteatzen ditu».
Iragana makillatu
Bi garaietan aritu da dantzan idazlea: bata 1975. urtea da, alegia, «Joxean Agirrerren garai gaztea», eta bestea aktualitatea, izan daitekeela «iaz, orain edo datorren urtean».
Lehendakarigai izendatu nahi duten gizonezkoak ez du izenik, eta narratzaileak garamatza handik hona. Boterera iristeko kiniela guztiak ditu alde, eta jendeak maite du, hitzaldiak jendez betetzen zaizkio, nahiz bere ingurukoek lehendakari perfila aldatu nahi dioten, ez hain gatzgabea izatea.
Hautesleak konkistatzen ditu, baina badu arazo bat: bere iragana. Frankismoari kontra egiteko, Erakundean ere sartu zen, harik eta, atxiloaldi batean jasotako pasadaren ondoren, borroka-gogoak joan eta Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen arte. «Orban bat du, gaztetakoa. 75eko salbuespen egoeran atxilotuta bi egun eman zituen eta Zuberoan egonaldi bat egin zuela da kontua». Bere gabineteak garai hura desegin eta beste bertsio bat jarri nahi dio lehendakarigaiaren biografiari, hotel batean garatzen den egonaldi batean. Eta lortzen dute biografia bat, bai muga pasa eta Zuberoako egonaldia justifikatzen duena, baina ondoren etorriko dira arazoak, emazte ohiaren deklarazioak… eta gizon honen asmoak bidean geldituko dira.
Nobela bada historikoa, benetako gertakariak direlako salbuespen egoeraz kontatzen direnak. Ordea, bizitzaren kontakizuna egiten ari direnean, haurtzaroari buruzko bi kapituluak Agirrerenak dira, lehen pertsonan bizitzakoak. Bata aitonak egin zuen baserri aldaketari buruzkoa, eta bestea «gure umetako eskolako pedagogia sistemari buruzkoa». Biak «oso modu hiperliterarioan kontatuak».
Ezkongabetasuna eta maiorazkoa
Soziologian irakasle izandakoa, protagonistak gaztetan baserritarrei buruz egindako ikerketa bat baliatzen du Agirrek landa eremuaz, maiorazkoaz, eta ezkongabetasunaz hausnarketa egiteko. Gaztetan, Deustuko Unibertsitateko ikaslea zela, ikerketa bat egiten ibili zen baserritarrak joan ohi diren diskoteketan ze ohitura zeuden eta horrek maiorazkoak mutilzahar geratzearekin zerikusirik ba ote zuen. Hor agertuko dira dantzalekuak, bikoteak sortzeko manerak eta usadioak. Bere burua baserritar gisa aldarrikatu du idazleak, eta esan du egin duen ikerketak baduela oinarri errealik. Anekdotarioa, berriz, oroitzapenetan oinarritu du.
Iragana eta orainaren bi hari nagusiei, beraz, hirugarren hari bat gehitzen zaie, dela ezkongabetasunari eta landa eremuari eskainitakoa. «Nobelan hasi eta bukatu arte badago solterotasunaren aldeko diskurtsoa, kontraesanez betea, merkea, eta aldi berean niri ere bitxia egiten zaidana. Nire buruari entzun diot esaten hamar aldiz ezkonduta ere soltero izatea zein ederra den… Ni, soltero?! Bizitza osoa eman dudala emakume baten alboan…», bota du, barrez.