INFO

13/13 auziko zigor epaia Bilbon eta Donostian salatuko dute: «Denboraz eta tokiz kanpo dago»

Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri ezarri dizkien zigorrak salatzeko mobilizazioak deitu ditu 13/13 plataformak Bilbon eta Donostian, apirilaren 9an. Halere, datorren astekoari aurrea hartuta, ostiral honetan bertan manifestazioa egin dute bi hiri horietan.

Epaia salatu duten plataformako kideek. (Aritz Loiola | Foku)

13/13 auzian emandako zigor-epaiaren aurkako mobilizazioak deitu dituzte, Bilbon eta Donostian, hurrengo asteburuan, apirilaren 9an hain zuzen ere. Horrela jakinarazi dute Luix Barinagarrementeria, Ana Perez, Gotzon Barandiaran eta Xabier Amurizak ostiral honetan emandako prentsaurrekoan, Auzitegi Nazionalaren erabakia jakin eta ordu gutxitara.

Epai honen bitartez zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zaio Arantza Zulueta abokatuari, eta hiru eta lau urte bitartekoak Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri, presoen aldeko lanagatik.

Sententzia hau bidegabekeria dela azpimarratu dute, «irregulartasunez eta eskubide urraketez gainezka eta berme juridiko oso gutxirekin burututako epaiketa baten ondorioz hartutakoa».

Izan ere, sententzia eta zigor hauek bi helburu zituztela salatu dute 13/13 plataformako kideek: «Epaitutakoen eta euren senide zein lagunen sufrimendua areagotzea eta Euskal Herriarentzako konponbide demokratikoa oztopatzea»

«Gure herrian konponbide demokratikorako hasitako aro berriaren ostean, “dena ETA da” printzipioa oinarri duten jarduerak salatu nahi ditugu. 13/13 makro-epaiketa denboraz eta lekuz kanpokoa izan da, eta Euskal Herrian elkarbizitza demokatrikoa eraikitzeko herritarron gehiengoa egiten ari garen bidearen kontrako norabidean da», azaldu dute.

«Gure herriaren etorkizunaren kontrakoa»

Horregatik, sententzia «demokrazia, bakea eta gure herriaren etorkizunaren kontrako» zigorra dela nabarmendu dute. Gainera, iraganeko estrategia, jarrera eta jokabideetan oinarritzen den zigor kolektiboa dela gogoratu dute, «hain zuzen ere, euskal gizarteak nahi duenaren aurkakoa, euskal gizarteak bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna eraiki nahi baitu».

Sententziarekiko haserrea kaleetara eramateko deia luzatu diete herritarrei, apirilaren 9an antolatu diren mobilizazioetan parte hartuz. 17.30ean hasiko dira bi manifestazioak, Donostiakoa Saguesetik ta Bilboko Bihotz Sakratutik.

Prentsaurrekoa eskaini dutenez gain, Alaia Martin, Alaitz Jauregi, Maider Zabalegi, Mikel Aranburu, Mikel Astarloza, Miren Larrea, Oihane Amantegi, Xabat Galletebeitia eta Zesar Martinezek sinatu dute idatzia, auzipetuentzat zein haien senide eta legunei babesa eta elkartasuna adieraziz.

Erabakizaleak: «Errealitate sozialetik at»

Erabakizaleak taldeak (erabakitzeko eskubidearen aldeko juristak), 13/13 sumarioan emandako epaia kritikatu du ere ohar baten bitartez. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean aitortutako eskubideen urraketa larria dakarrela salatu du.

Alde batetik, sententziak errealitate sozialetik at dauden argudioak ematen dituela azpimarratu dute: «Epaiak bere egin du Fiskaltzaren tesia, hau da, “ETA ez dela desagertu”, eta harrigarria iruditzen zaigu, kontakizun hori ez datorrelako bat legeria aplikatu behar den garaiko errealitate sozialarekin». Izan ere, arauak garaiko errealitate soziala kontuan hartuta interpretatu behar direla eskatzen duen Espainiako Kode Zibilaren 3.artikulua urratzen dela dio jurista taldeak.

«Zigor-zuzenbidea modu objektibo, orokor eta berdinean interpretatu behar da, subjektuak eta egitateen kalifikazio politikoa kontuan hartu gabe», gaineratu du.

Bestalde, egitate beragatik subjektu bera bi aldiz zigortzea debekatzen duen Non bis in idem printzipioa urratu dela azpimarratu dute. «13/13 sumarioan auzipetuetako batzuk kondenatuak izan dira jada egitate berarengatik, banda armatuko kide izateagatik hain zuzen ere, eta euren kondena bete dute», azaldu dute juristek.

Elkarretaratzera batu dira hainbat herritan Donostian. (Jon Urbe | Foku)

Defentsa eskubidearen urraketa egon dela salatu dute ere: «Defentsa eskubidearen bermea burutu izan denaren zalantza mahai gaineratzen duten hainbat kuestio agerian geratu dira. Bereziki deigarria iruditu zaigu CNI-ko agenteen berrespen falta ahozko epaiketa ekitaldian. Espediente osoa, CNI-k burututako ikerketan oinarritzen da, nahiz eta horren gaineko inolako kontrol judizialik egon ez izan. Auzitegiak ez dio jaramonik egin, kontradikzio eta defentsa printzipioen oinarri den agenteen berrespen-eskaerari».

Gainera, epaiak akusatuek pairatutako tratu txar eta torturen salaketak ez dituela kontuan hartu gogoratu dute. «Bortxa eta torturen bidez lortutako deklarazioetan oinarrituta, ezin daiteke Epai kondenatoriorik eraiki», salatu dute.

13/13 auziko lagunekin elkartasunez Bilbon egin den manifestazioa. (Monika Del Valle | Foku)

Zigorgabe gera daitezen

Datorren asteko mobilizazioari aurrea hartuta, ostiral honetan protesta egin du hainbat herritarrek Bilbon, Donostiako Antiguan eta Oiartzunen, 13/13 auziko laurak zigorgabe gera daitezen eskatzeko.