Dena prest larunbateko Zeinen Ederra Izango Den FEST 2022rako
Euskal Herrian aurten egingo den ekitaldi handienetako bat izango da Zeinen Ederra Izango Den FEST 2022. BECen ospatuko da, larunbat honetan, eta bertan izan dira bezperan ekitaldiaren antolatzaileak, Bizkaiko Aldundiko ordezkariekin batera. Duela astebete agortu ziren sarrera guztiak.
Zeinen Ederra Izango den FEST jendarte osoarentzako jaialdia izango da, elkarrekin lan egiten dugunean egiteko gai garenaren erakusgarria. Musika batzeko aitzakia bezala hartuta, esperientzia bakar eta paregabe batez gozatzea da asmoa. Baikortasun eta zoriontasun uneak inspiratu eta kolektibitatea, osotasuna, pasioa, baikortasuna, dibertsioa eta aniztasuna bezalako balioak sustatu nahi ditu, bultzatzaileek adierazi dutenez. «Gure jaialdia Euskal Herriko gizartearen isla izatea nahiko genuke», esan zion Pello Reparaz Zetak taldearen sortzaile eta kideak NAIZi, berriki egindako elkarrizketa batean. Bera da jaialdiaren sustatzailea eta kartelari errepasoa eman zion NAIZ Irratian.
Zetaken ‘Zeinen Ederra Izango Den’ abestia ereserki bihurtu da euskal jendartearentzat, abestiak berak aldarrikatzen duen bezala, maite ditugun pertsonekin bizitzaz gozatzera bultzatzen gaituelako. Beraz, azpimarratu dutenez, «jaialdi honetan benetan garrantzitsuena denona eta denontzat izatea da», izan ere, covid-19 birusak bezala, ZEID FEST-ek ez du genero, adin, herrialde, klase sozial edo arrazagatik bereizkeriarik egiten.
«Ekitaldiak proiektu paregabe baten parte izateko aukera eskaintzen du; gure jendearen eta gure lurraren ikuspegi berezi batean oinarritua. Jaialdi hurbila da, kolektibitate sentimendu handikoa. Publikoa pandemiaren ondorengo lehen jaialdi handi honetako prozesuaren eta esperientziaren parte sentitu dadin nahi duena», esplikatu dute.
Jaialdia larunbat honetan ospatuko da, aski ezaguna den eta aukera asko eskaintzen dituen Barakaldoko BECen. Festaren arduradunek ekitaldia urteroko hitzordu bihurtzea nahi dute. «Jendea ohitu dadila apirileko lehen larunbat guztietan lagunekin hitzordu bat izatera. Galdu ezineko zerbait», proposatu dute.
Era berean, antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiote «euskal gizarteari, historia honen parte izateagatik, eta batez ere herri honi, txikia izan arren honelako gauza handiak egiteko gai den herria izateagatik. Txarrenean eta onenean bat egiteko gai gara. Eskerrik asko ZEID FEST topaketaren jaialdia bihurtzeagatik».
Naiz Eszenatokiko kontzertuak
Jaialdiarekin hitzarmena sinatu du NAIZek eta berau babesteaz gain, kontzertu esanguratsuak eskainiko ditu NAIZ agertokian: 12.15ean ETS, 13.30ean Ptazeta, 14.45ean Tanxugueiras, 16.30ean Maria Arnal & Marcel Bages, 18.00eta Gatibu, 19.45ean Los Chikos del Maiz, 21.30ean Iseo & Dodosound, 23.00etan Zetak, eta 00.30ean ZOO.
La Salve agertokian, aldiz, honako emanaldiak eskainiko dituzte: 12.00etan Ene Kantak, 13.15ean Maren, 14.15ean Anne Lukin, 15.15ean Bengo, 16.00etan Sua, 17.00etan Luna Ki, 18.15ean Dupla, 19.15ean Motxila 21, 20.30ean Ezpalak, 22.00etan Lildami, eta 23.30ean DJ Adrianna Gaultier.
Giro eta gune ezberdinak
Eguna familia edo lagun artean igaro eta musikarik onena entzuteaz gain, egun luzeari aurre egiteko atsedenaldi bat hartzeko txokoak ere izango dira nahi duenarentzat.
ZEID Azoka gunean, sortzaile berriek euren ehunezko produktuak, artistikoak eta diseinuzkoak ezagutaraziko dituzte. Azokak, gainera, aisialdirako gune bat sortu du, barra eta terrazarekin, jendea erlaxatu eta gustora senti dadin. Azokan parte hartu nahi duten Euskal Herriko marka berriek mezu elektroniko bat bidal dezakete azoka@zeidfest.eus helbidera.
Janari Gunean, indarrak hartzeko ‘foodtruck’-a egongo da. Janari eskaintza zabalekoa, begano eta barazkijaleentzako aukera ezberdinekin.
Gaztea Gunea Gazteako DJek girotuko dute. Irratsaioa egun osoan emititzen ariko da eta artistak, ikusleak eta antolakuntzako jendea pasatuko da bertatik.
Taldeen merchandise gunean, jaialdian parte hartuko duten taldeek euren produktuak salduko dituzte, arropa, osagarriak, diskoak eta beste.
Antolatutako bidaiak
Bestalde, jaialdira joateko antolatzaileek autobus zerbitzua jarriko dute martxan Iruñea, Donostia, Gasteiz, Irun, Altsasu, Lizarra, Tafalla, Eibar, Zarautz, Baiona, Biarritz, Hendaia, Errenteria, Azpeitia, Tolosa, Beasain, Arrasate, Durango, Gernika eta Zornotzatik. Itzulera jaialdia amaitu eta 30 minutura izango da. Antolatutako bidaiei buruzko informazio guztia hemen aurki daiteke: https://www.divertisenvivo.com/producto/viajes-zeid-fest-2022/