INFO

Ukrainara laguntza bidaltzeko bolondresak eskatu ditu Txernobilen Lagunak elkarteak

Urdazubi, Ibardin eta Dantxarineako merkatarien elkarteen ekimenez, elikagai, oinarrizko produktu eta diru bilketa egingo dute asteburu honetan eta hurrengoan puntu desberdinetak. Helburua Ukraina eta Errusiaren arteko gatazkako kaltetuei laguntza bidaltzea da.

Urtero, Chernobil inguruko haurrak Euskal Herrira etortzen dira uda pasatzera. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Txernobilen Lagunak elkarteak kanpaina solidario bat jarri du abian elikagaiak eta premia handiko materiala Ukrainako gerrak kaltetutako biztanleei bidaltzeko. Horretarako bolondresak eskatu ditu.

Ohar baten bidez, Txernobilen Lagunak elkarteak adierazi du Urdazubiko, Ibardineko eta Dantxarineako merkatarien elkarteen babesa duen ekimena dela, eta premia biziko materiala duen kamioi bat bidaltzea erraztuko dutela.

Elkarteak dei egiten die bereziki Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko biztanleei bolondres gisa izena eman dezaten Ukraina eta Errusiaren arteko gerraren erdian harrapatuta dauden pertsonentzako elkartasunezko diru-bilketan laguntzeko.

Diru-bilketa asteburu honetan, apirilaren 2an eta 3an, eta datorren asteburuan, apirilaren 9an eta 10ean izango da, 11:00etatik 19:00etara. Hainbat txanda egin eta poltsak janariarekin eta materialarekin jaso ditzaketen pertsonak behar dituzte.

Txernobilen Lagunakek eskerrak eman diete merkatari elkarte horiei, elkartasunez betetako kamioi bat bidaltzeagatik. Elikagaiak eta oinarrizko gaiak eman nahi dituztenek Dantxarinea eta Ibardineko bi elkarteetako dendetan egin ahal izango dute.
Gehien behar direnak

Une honetan, kontserbak, pasta, arroza, irina, olioa, esnea, haurtxoentzat esne-hautsa, zerealak, gailetak eta potitoak, barratxo energetikoak, maskara kirurgikoak, Betadine, ur oxigenatua, osasun-alkohola, bendak, esparadrapoak, gazak, konpresak, haurtxoentzako eta helduentzako pixoihalak, xaboi-pastillak, hortzetakoak linternak eta 3 kW-ko generadore elektrikoak.

Diru-bilketa Txernobilen Lagunak elkarteak kudeatuko du, 25 urte baino gehiago baitaramatza Ivankiv inguruko haurrak Euskal Herrira ekartzen. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, batez ere Gipuzkoako familia boluntarioek osatzen dute, eta helburu bat dute: 1986an Txernobileko zentral nuklearrean izandako istripuaren ondorioz kaltetutako adingabeen osasuna hobetzen laguntzea.

Programan parte hartzen duten haurrak 7 eta 17 urte bitartekoak dira eta Txernobileko hondamendi nuklearrak kaltetutako eremuan bizi dira. Haien familiek ez dute baliabide ekonomiko propiorik ingurune horretatik aldentzeko, batez ere udan, tenperatura altuen ondorioz erradioaktibitatea kutsadura-maila gorenera iristen denean.