INFO
Entrevista
Joseba Irazabal
Korrikako «furgoneteroa»

«Furgoneterook suitzarrak bihurtu gara»

Joseba Irazabalek Korrika guztietan parte hartu du, gidatzen edota animatzen: «Iraganean ordutegiak errespetatzea ezinezkoa zen, baina orain askoz hobeto da. Hunkigarria da nolakoa den jendearen ilusioa».

Eskubiko furgonetatik aterata, Joseba Irazabal, Korrikaren taldeko argazkian. (NAIZ)

Furgoneteroak ere Korrikaren protagonista dira, edo ko-protagonistak. Lan zikik ez dute egiten, baina ezinbestekoak dira. Haien atzetik joaten dira korrikalariak, denbora guztian erritmoa mantenduz. Txandaka lan egiten dute, zorionez, esperientzia gogor samarra baita.

Eskarmentu handia behar da, baina urtez urte gero eta hobeto modlatzen dira. Ez da bakarrik gidatzea, animatzea ere beraiei baitagokie, ordutegiak eta egoerak uneoro kontrolatzen.

Joseba Irazabalek furgoneteroen taldean oso leku berezia du; batez ere Korrika guztiak bizi dituelako. Otxandion bizi den Arrigorriagakoarekin hitz egin du NAIZek.

Furgonetero eta Aek-ko irakasle, ezta Joseba?

Bai, Otxandion bertan.

Noiz hasi zinen Korrikaren antolakuntzan?

Oso goiz esango nuke, dagoeneko 1980koan. Beste mundu bat zen.

Zer egiten duzu furgonetaren barruan?

Edozein gauza: gidatzen dut, jendea animatzen dut mikrofonoz, musika jartzen dut, are, prentsarekin hitz egiten dut.

Zer aldatu da, gaur egun, lehen Korrika hartatik?

Batez ere ordutegiak, orain oso 'suizarrak' garelako, oso zuzenak. Iraganean, askotan, sekulako atzerapenak eramaten genituen. Gogoratzen dut, esate baterako, Errealeko partidu baten ondoren elkartu behar ginela zaleekin, baina iritsi ginen Donostiara ordu eta erdi baino beranduago.

Zelan da bizitza Korrikaren 10 egunetan?

Begira, ni oso mendizalea naiz, isiltasuna nahiago dut; horregatik Arrigorriagatik Otxandiora etorri nintzen, hemengo inguruetan nire amama bizi baitzen eta mendian ibiltzeko leku paregabea da. Dena den, Korrikaren zalaparta ere maite dut. Kontraesankorra izan daiteke, baina hori da, nolabait, ekitaldi hauen magia.

Zer gustatzen zaizu gehien Korrikan?

Jendearen ilusioa. Hunkigarria da, esate baterako, taldetxo bat ikustea, igual gauean eta euritan gu itxaroten. Eguraldi petrala egon arren, hainbat parte-hartzailerekin oso pozik gaude. Bide batez, eguraldia faktore oso erabakigarria izan daiteke. Ezin dut ahaztu 15. Korrika, beharbada madarikatuenetako bat. Atera ginen Karrantzatik elurrarekin, gero uholdeak, Poliziak ez zuen utzi pasatzen leku batetik. Baina ohituta gaude, azken finean, hemen mendi asko daude eta, Giro d'Italia-n moduan, gure 'Cima Coppi' daukagu, pasatzen dugun lekurik altuena. Piriniotan behin gasolina bota behar genion furgoari, han ere elurra ari zuen, eta hotzagatik ezin izan nituen txanponak hartu.

Momentu txarrak izan dituzue?

Oso txarrak ez, korapilatsuak bai. Behin baino gehiagotan Korrikak Frantzia, Iparraldea alegia, zeharkatu zuen apirilaren 1ean, hango Inuxente Egunean. Beraz, gogoratzen dut gure lehen aldian albiste bat bota zutela irratian, muga itxiko zutela: guk Nafarroara joan behar genuen eta ikara etorri zitzaigun. Zorionez, txantxa bat zen.

Oso nekatuta bukatzen duzue, behin furgoa utzi eta gero?

Iraganean bai, sekulako beherakadak sufritzen nituen. Orain desberdina da, Korrika ondoren lanera itzuliko naiz eta abiadura nahiko iraunkorra mantentzen dut. Hala ere, kontuz ibili behar da nekearekin: behin, furgotik iruditu zitzaidan beste furgoa sutan zegoela. Gaua zen eta alarma gorria piztu genuen, batez ere besteek kasurik egiten ez zutelako. Eta arrazoia zuten, sua ematen zuen, baina efektu optiko bat zen; jendearen bengalak eta furgoaren argiak nahastuta. Basamortuan iturri bat ikusten duzunean bezala izan zen.

Nolakoa da txanden antolakuntza?

14 ordukoak dira, gero beste 14 orduko atsedena hartzen dugu.

Euskeraz hitz egiten ez duenik ere badago lekukoa hartzen?

Noski, baina oso animatuta daude, eta alai. Momentu oso dibertigarriak izan ditugu animatzen. Batzuek azaltzen dute seme-alabak euskera ikasten ari direla, edo bere mutila euskalduna dela eta zertxobait ulertzen dutela. Paregabeak dira, egia esan.

Zuek ere lekukoa hartzen duzue noizbait, ezta?

Bai, batez ere inor ez dagoen lekuetan. Bardeetan, adibidez, hainbat eta hainbat denbora pasatzen dugu herririk igaro gabe. Gure sari txikia da. Egia esan, edizioz edizio gero eta jende gehiago dago kaleetan, edonon, beraz, guretzat gero eta kilometro gutxiago daude. Zorionez, esango nuke.