INFO

Cork City talde irlandarreko zaleen omenaldia Iñigo Cabacasi eta herri harmailari babesa

Cork City futbol talde irlandarreko jarraitzaileek Ertzaintzaren pilotakada batek hildako zale zuri-gorria gogoan izan dute hamargarren urteurrenean. Herri harmailaren aldeko argazkia egin dute ere Athleticen partidaren atarikoan.

Cork City taldeko jarraitzaileak Iñigoren gurasoekin, Manu Cabacas eta Fina Liceranzu. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Apirila hontan hamar urte beteko dira Iñigo Cabacas Ertzaintzak jaurtitako pilotakada baten ondorioz hil zenetik. Athletic zaleekin adiskidetasuna mantentzen duten futbol talde ezberdinetako jarraitzaileek gogoan izaten dute Cabacas San Mamesera etortzen direnean eta igande honetan Irlandako lagunak izan dira.

Hain zuzen ere, Cork City taldeko 1st Brigade-ko kideak Euskal Herrian izan dira egun hauetan eta omenaldia egin diote Elcheren kontrako partida atarian Kirruli herriko tabernaren ondoko plazan. Lore eskaintza bat egin dute eta kamiseta bat oparitu diete Iñigoren gurasoak diren Manu Cabacasi eta Fina Liceranzuri.

Irlanda hegoaldeko hiri nagusia da Cork eta taldeak irlako futbolaren Lehen Mailan jokatzen du. Europan ere aritu izan dira sailkapen faseetan parte hartzen. 1st Brigade-koek ikurrinak jartzen dituzte bere harmailan eta lan handia egiten dute beren komunitatean beharra dutenei laguntzen.

Esan bezala, hamargarren urteurrena ospatuko da aurten eta datorren larunbat goizean ere, apirilak 9, ekitaldia izango da Bilbon 13.00etatik aurrera Indautxuko Kirruli plazan. Iñigo Cabacas Herri Harmailak ere kamiseta bereziak egin ditu eta bere dendan egongo dira salgai.

Bestalde, San Mamesen Orroa ekimenak argazki erraldoia egin du partida hasi aurretik herri harmailaren proiektuari babesa eskaintzeko. Ostegun honetan, apirilak 7, ez ohiko batzarra izango da Euskalduna jauregian. Athleticen bazkide ordezkariek herri harmailaren inguruko bozketa izango dute. Lehenengo alde edo kontra dauden erantzun beharko dute. Aldeko emaitza ateratzen bada Aitor Elizegiren Zuzendaritza Batzak aurkeztutako proiektuaren eta San Mamesen Orroaren proposamenaren artean hautatu beharko dute.