INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

Euskarak Erriberan ere etorkizuna duela erakutsi du Korrikak

Erriberako karretera luzeak, herri batetik hurrengorako bidean kilometro ugari egiteko beharra eta lekukoa eramateko talde txikiagoak. Dena den, Tuteran jendetza bildu du euskararen aldeko ekimenak. Haur asko dira lekukoa eramaten, Erriberan ere euskarak etorkizuna baduela frogatuz.


Erriberan zehar dabil gaur Korrika. Atzoko egunean Iruñerrian jendetzaren sostengua jaso zuen elurra eta hotzari aurre egiteko. «Maya, entzun, Iruñea euskaldun» izan zen ozenen entzun zen oihua eta gaur zein atzo eskubi politiko eta mediatikoak Korrika eta euskara beraren kontra aritu izan dira. Arrakasta baten aurrean erakutsi beharreko amorrua.

Gaur, berriz, panorama arras desberdina da. Errepide lauak eta luzeak dira eta herri batetik bestera kilometro ugari egin behar dira. Askoz ere jende gutxiago egoten ohi da Korrikan Erriberan, Iruñerrian izandako jende andanarekin zerikusirik ez. Halere, euskararen aldeko ekimen honek urtetik urtera uzten dituen irudi ikonikoen artean Erriberakoak izaten ohi dira. Eskualde honetan ere euskarak ere baduela bere txokoa frogatzeko aukera da.

Atzo aurre egin behar izan zioten elurra desagertu da Erriberako errepideetatik. Eguzkitsua atera da eguna. Hotzarekin bai, baina eguzkiarekin.

Castejondik pasa da dagoeneko Korrika eta bertan Palestinako eta Nafarroako banderak izan dute lagun lekukoa eraman dutenek.

Bai Castejonen bai Corellarako bidean (Errixako Alfaron sartu-irtena ere egin du Korrikak) haur asko izan dira lekukoa hartu dutenak. Ziurrekin euskarak etorkizuna baduela erakusteko sinbolotzat hart daiteke. Erriberan ere. Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako herritarrek ere bat egin dute Erriberan Korrikarekin.

Lekukoaren atzetik jende andana bildu da Tuterako kaleetan.

Corellan euskal kulturaren alde lan egiten duen bertako Tambarria elkarteak hartu du lekukoa.

Herri honetatik Cintruenigorako bidean, Beton komertzioaren inguruan, ezkontzear dagoen Aintzanek hartu du lekukoa.

Cintruenigon Oñatitik eta Durangotik heldutako pailazo talde batek gidaturik zeeharkatu Korrikak Alhama ibaia herrian sartzeko.

Cintruenigo eta Tutera arteko ibilbide luzean, 87 urteko Pili Landa euskaltzaleak hartu du lekukoa.

Tuterako sarreran, LAB sindikatuetako ordezkariek hartu dute lekukoa ondoren Osasunbideako langileei pasatzeko. Alejandro Toquero alkateak Tuteran euskaldunik ez dagoela esaten badu ere, bi talde euskaltzaleen laguntzarekin sartu da korrika Erriberako hirian, Beterri peña eta Union Tutera futbol taldea. Argia ikastolak jaso du hurrengo txanda.

Ebro ibaiaren ibaia zeharkatu eta berehala Tuterako gaitariek hartu dute lekukoa Korrika Arguedaseko bidea hartu duelarik. Bertan haurrek hartu dute lekukoa, baita Valtierran ere, Mintzanet eta Ziripot Txarangaren kilometroetan.

Alesbesera bidean, duela 7 urte joandako Aitziber Sarasola omendu dute, Nafarroan euskararen alde egindako lanagatik. Martzillan Sustrai Colina bertsolaria batu da Korrikara, eta hurrengo bertsoa eskaini die korrikalariei:

Zarrakaztelu egun osoko egitaraua izan da, eta sekulako harrera egin diote Korrikari, iluntze eder batek lagundurik.