Osasunaren defentsako ahulezia ondo probestu du Betisek (4-1)
Osasunak partida ondo hasi badu ere, etxekoek lehendabiziko gola egin dutenetik behera etorri da. Budimirrek 2-1ekoa egin duenean itxaropenerako tartea ireki da baina segituan itzali da itxaropenerako tartea. Carvalhok eta Morenok borobildu dute lehen zatian Juanmik irekitako markagailua.
Zenbait aldaera izan ditu Osasunak igande honetako partidan: ondo hasi du partida, Betisekin aurrez aurre lehiatzen erritmo altuko norgehiagokan. Hara eta hona ibili da baloia eta gorritxoek ondo mugitzen dakitela erakutsi dute. Arriskua, baina, beti etxekoen aldetik iritsi da. Morenok gertu izan du gola bere burukadan baina langa ukitu eta aldaratzean ez da fin ibili Joaquin. Fin ibili ez den aukera bakanetakoa izango zen hori, erasoko jokalari andaluziarra, bere 40 urterekin, taldeko onena izan baita.
Ez du golik egin Joaquinek, ate aurrean abilena Juanmi izan baita. 32. minutuan egin du lehendabizikoa Willian Joseren erremate kamutsa aprobetxatu eta Sergio Herrera ezustean hartuz. Bigarrena, hamar minuturen buruan egin du, Osasuna jada atsedenaldiarekin pentsatzen zegoela. Izan ere, gorritxoek partida ondo hasi badute ere, 1-0ekoa jasu dutenetik, asko makaldu dira eta Betis nagusi izan da.
Nagusitasun hori markagailuan ere islatu da 2-0ekoarekin eta kolpe horrez gain, Jagoba Arrasatek defentsan aldaketak egin behar izan ditu behartuta. Min hartu du Juan Cruzek eta Aridanek ordezkatu du; Manu Sanchez ere aldageletan geratu da eta Cotek ordezkatu du. Asturiarraren zelairatzearekin sakontasun gehiago lortu du talde iruindarrak baina sakontasun horren zantzuak ez dira igarri 64. minutura arte, Budimirrek 2-1ekoa egin duen arte, alegia.
Ordura arte, Betisek markagailuko alde handitzeko zenbait aukera izan ditu eta guztietan, Sergio Herrerarekin topatu da. Atezain gorritxoa ondo ibili da Guido Rodriguezen jaurtiketa indartsua kornerrera desbideratzeko eta segidan, geldiketa bikoitza egin behar izan du Bartra eta Ruizen erremateen aurrean.
Taldea salbatu du Herrerak eta ondo etorri zaio Osasunari, errealitateaz jabetu eta erreakzioaren bila joateko. Jokaldi isolatu batean aurkitu du gola, Budimirrek modu bikainean errematatuta. Aurrelari kroaziarrak bigarren gol bat ere egin du baina jokoz kanpo zegoela adierazi du marrazainak. Asmatu egin du erabakian eta gola baliogabe utzi izanagatik ere, gora etorri dira gorritxoak.
Gora etortze hori, baina, 81. minutuan bukatu da Willian Carvalhoren gol ederrarekin. Erdilari portugaldarrak Osasunaren itxaropen oro itzali du eta eta azkenean, Alex Morenoren laugarren golarekin garaipen etxean geratzea bermatu dute andaluziarrek.
Jagoba Arrasateren taldea sailkapeneko une erosoan dago nahiz eta oraindik matematikoki ez duen itxi salbazioa. Denbora kontua izango da helburua lortzea. Hurrengo asteburuan Alavesen aurkako derbia etxean jokatu du.