INFO

Beldurra eta konformidadea ditu ardatz Juan Luis Zabalaren ‘Mina hartzeko ere’ poema liburuak

Beldurra da ‘Min hartzeko ere’ (Susa) Juan Luis Zabalaren lan berriko poema guztiak zeharkatzen dituen gai nagusia. Beldurra minari, zahartzeari, gaixotzeari, hiltzeari. Harremanetako gaizki ulertu, erdi ulertu eta ondoegi ulertuei. Baita euskararen endekapenari eta indar espresioa galtzeari ere.

Juan Luis Zabala ‘Mina hartzeko ere’ poema liburua aurkezten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Artean jaio gabe nintzela/ bizitza zer den ulertzerik izan banu/ bizi nahi al nuen galdetu balidate/ eta bizitzara jauzi egiteko proposamena egin/ ezezkoa emateko gauza ni/ mina hartzeko ere». Hala dio ‘Min hartzeko ere’ Juan Luis Zabala Artetxeren liburuari izenburua ematen dion poemak. Idazle azkoitiarraren testuetan mina dago; bizitza bada hori ere, eta horren kontzientzia dago, baina badago dagoenarekin aurrera egite bat ere.

Idazleak Donostian aurkeztu du astelehen honetan poema liburu berria, Leire L. Ziluaga Susako editorea lagun. 1985ean argitaratu zuen lehen liburua eta ordutik 15 literatur lanetik gora kaleratu ditu, tartean hiru poema liburu.

58 poemaz osatuta dago ‘Min hartzeko ere’. Nitik idatzita daude gehienak, badira batzuk hirugarren pertsonan edo bigarrenean ere. Laburrak dira oro har eta segidan datoz, atal bereziturik, elkar osatuz. Tonu orokor bat dago liburua zeharkatzen duena: beldur bat, eszeptizismo bat bizitzarekin zailtasunekin lotua, eta horien aurrean bilatutako konformidade bat. Ez da erosoa, aurrera egiteko bilatzen den modu bat da.

Azkoitiarra haurtzarora bueltatzen da, amarengana, etxe aurreko aulkira, idealizaziorik gabe, mundua zer den jakin aurreko garaira. Horrekin lotuta, denboraren iragatea eta heriotza ageri dira, sarri umoretik. Hizkuntzarekin dute lotura beste poema batzuek: hitz jokoak, errepikapenen erabilera… Hizkuntzarekin lotutako kezka bat badago, eta badaude idazketarekin lotutako poemak. Norbere buruari gogor egiten diotenak, autoironia printzekin. Ez da bereziki liburu optimista baina badago bizitza zer den jakinda bizitzeko nahi bat.

Beldurren aurrean distantziamendu bat dago batzuetan, bizitzari zirrikitu batzuk irekitzeko gogo bat ere bai. Eta horrek eraman du poeta hitz bat gogoratzera, Azkoitiko zaharrei entzun diena: konformidadea. «Arazo bat konpon badaiteke aurre egitea da onena, eta konpondu ezin bada konformidadea da jarrerarik egokiena, alda ezin dezakeguna onartu eta horrekin bizitzen ikastea ahalik eta baikorren», aitortu du.

Oso euskararenak diren adierazpideak

Astuna izan gabe, oso euskararenak diren eta erdaretan itzulpen zuzenik ez duten adierazpideak erabiltzen saiatu da Juan Luis Zabala. ‘Min hartzeko ere’, adibidez. «Amek esaten ziguten batez ere jolasean zerbait arriskutsua egiten genuenean, edo norbait erortzeko zorian ikusten zutenean. Esateko molde hori galtzeko zorian dago, beste formula batzuk bezala». Itzultzean galduko dena ahalik eta gehiena izan dadila ahalegindu da, horrek euskararen bizitasuna adierazten duelako. «Galtzen ari gara, gaurko literatura errazago itzultzen da, edo behintzat gutxiago galtzen du Hauspoako literaturak baino».

Liburu honetako hiru poema Garik musikatu ditu: ‘Beste denbora batean’ diskoan daude bi, ‘Esan’ eta ‘Jaioterrian’ izenburuekin. Hirugarren kantua, ‘Zerua’, interneten entzun daiteke. Zabalarentzat beti da pozgarria musikariek poemak musikatzea eta horretara animatu ditu musika estilo guztietako artistak.

Kontroletik kanpo ez iristeko

Eskerrak eman dizkio editoreari. Ez zaio erosoa egiten norberak idatzitakoaz hitz egitea, are gutxiago aldaketak egiteko asmoz. Baina Ziluagak eta kideek proposatutako aldaketa eta kenketekin liburuak irabazi egin duela ohartzen da.

Urte asko pasa dira lehen liburua aurkeztu zuenetik eta oroitzen da sentsazioa zuela euskararen aldeko zerbait egiten ari zela, gazteen errelebo hori emanez aurretik euskal idazleek egiten zutenari. «Harrotasunaren parte bat hori zen, liburuaren berezko merituaz aparte. Orain, berriz, ez dut esango liburu batekin traba egiten duzunik, baina hainbeste idazle daude, hain espazio urria segitzen du izaten literaturak, hizkuntza bati, kultura bati laguntzen ari zarelako sentsazioa ez da hain nabarmena».

Irudipena du bere obraren ardatzak diren liburuak jada idatzita dauzkadala. Orain zientzia fikzioa idazten ari da, ipuin batzuk, baina ez dago idazten duenari garai batean bezain estu atxikia, ‘Galdu arte’ edo ‘Txistu eta biok’-ekin zegoen bezala. Txirrindularitzarekin alderatuz, garai batean idazten zuen irabazteko, orain idazten du kontroletik kanpo ez iristeko.