Manchester City-Atletico, bi estilo eta obsesio bakarra Txapeldunen Ligako final-laurdenetan
Guardiolak gidatzen duen talde ingelesa eta Simeoneren talde madrildarra aurrez aurre arituko dira astearte honetan joaneko partidan. Beste neurketan Benfica eta kanporaketako faboritoa den Liverpool arituko dira Lisboan.
Txapeldunen Ligak aurrera darrai, eta hemen dira dagoeneko final-laurdenetako joaneko partidak. Astearte honetan bi jokatuko dira (Manchester City-Atletico eta Benfica-Liverpool) eta asteazkenean beste bi (Chelsea-Real Madril eta Vilarreal-Bayern). Partida guztiak 21.00etan hasiko dira.
Lisboan jokatuko den partidan, Liverpool faborito garbi bezala arituko da, nahiz eta dena erabaki gabe egon jokatu aurretik, baina beste kanporaketan Cityk eta Atleticok indarrak parekatuago dituztela esan daiteke.
Bi estilo zeharo ezberdin arituko dira bihar Etihad Stadiumean, baina helburua berdina da: historian lehen aldiz Txapeldunen Liga irabaztea. Gertu izan dute biek garaipena Europa mailan dagoen txapelketa handienean, baina ihesi egin zien finalean. Manchester Cityk iaz jokatu zuen finala, baina Cesar Azpilicuetaren Chelsearen aurka galdu egin zuen (1-0).
Simeoneren Atleticok, aldiz, bi final jokatu zituen oso denbora gutxian (2013-1024 eta 2015-2016 denboraldietan), eta biak galdu zituen aurkari beraren aurka: Real Madril. Aurten, badirudi behetik gora ari dela talde madrildarra eta, nahiz eta aukerarik ez izan Liga irabazteko, Txapeldunen Ligan edozer gerta liteke, eta bihar lehen pausoa eman lezake.
Manchester Cityk presioa soma lezake, ordea. Izan ere, Guardiolaren taldeak denboraldiaren parte handi bat jokoan izango du datozen hamabi egunetan. Bihar Atleticoren kontra, igandean Liverpool Premier Leagueko liderra hartuko du –bien artean puntu bakarreko aldea dago–, hilaren 13an itzuleko neurketa jokatuko du Madrilgo Wanda Metropolitanon eta 16an berriro ere Liverpoolen kontra FA Cupeko finalerdia jokatu beharko du.
Beraz, presioa senti lezakete Citykoek. Hori bai, iragan asteburuan Burnleyren aurka 0-2 irabazi zuen talde ingelesak eta Guardiolak jokalari garrantzitsuak berreskura ditzake: John Stones, Kevin de Bruyne edota Riyad Mahrez. Manchester Cityk batez beste bi gol baino gehiago sartu ditu partida bakoitzean Premier Leaguen, eta Txapeldunen Ligan 23 gol daramatza denboraldi honetan.
Atleticon, Simeone momentu oso onean dauden bi jokalarirekin arituko da Etiham Stadiumean: Joao Felix eta Antoine Griezmann. Portugaldarrak zazpi gol sartu ditu azken zortzi neurketetan eta taldeak 17 egin ditu denbora horretan.
Taldeak aurrean egiten duen minari atzean berreskuratu duen sendotasuna gehitu behar zaio. Egia da Jose Maria Gimenez eta Hector Herrera atzelariek ezingo dutela bihar jokatu, baina Llorente, Savic, Felipe, Reinildo eta Lodik osatutako defentsarekin arituko da emaitza on bat lortzeko helburuarekin.
Hamaikakoak:
Manchester City: Ederson; Walker, Laporte, Stones edo Ake, Cancelo; De Bruyne, Rodri, Gündogan; Sterling, Foden eta Grealish.
Atletico Madril: Oblak; Llorente, Savic, Felipe, Reinildo, Lodi; De Paul, Koke, Kondogbia; Griezmann eta Joao Felix.
Benfica-Liverpool: ingelesak, faborito argiak?
Bihar jokatuko den beste kanporaketan, badirudi Liverpoolek faborito etiketa duela argi eta garbi. Ez bakarrik gaur egun Jurgen Kloppek gidatzen duen taldeak duen mailarengatik bakarrik, baizik eta estatistikek esaten dutelako ingelesak hobeak izan direla portugaldarren kontra. Bi taldeen arteko azken lau kanporaketetan, hiru aldiz irabazi du Liverpoolek (1977-78, 1983-84 eta 1984-85), baina, kasualitatez, azkeneko aldian Benfica izan zen garaile (2005-06).
Eta kontuz! Portugaldarrek final-zortzirenetan faboritoa zen Ajax kanporatu zuten. Ligan ez dabil bolada ona pasatzen, baina Europan eraldatzen den talde horietako bat da aurten.
Bihar Lucas Verissimok eta Rodrigo Pinhok ezingo dute jokatu, baina bai Adel Taarabtek eta Seferovicek, biak lesioak gaindituta, eta baita Darwin Nuñezek ere, taldeko izarra. Golegile nagusia da Ligan, 21 golekin, eta Ajaxen aurkako kanporaketan protagonista nabarmena izan zen.
Aurrean Liverpool arituko da, honelako kanporaketetan ohitura hartzen ari den talde horietako bat. Premier Leaguen izango duen borrokak agian zertxobait distraitu lezake talde ingelesa, baina Jurgen Klopp bezalako entrenatzaile bat izanda, motibazioa handia izango da.
Jokalariak, gainera, azken urteetako onenak dira. Hortxe daude, adibidez, Diogo Jota eta Luis Diaz, Sadio Mane eta Mohamed Salah golegile eta izarren ordez aritu daitezkeenak; edota Thiago Alcantara zelai erdian eta Ibrahima Konate defentsan.
Txapeldunen Ligak garrantzia berezia har lezake aurten Liverpoolentzat, txapelketa irabaztea Salah egipziarrak taldearekin berritu dezan eragingarri bat izan baitaiteke. Aurrelariak oraindik ez du berritu klubarekin –2023ko ekainean amaitzen zaio kontratua– eta garaikurra lortzeak kontratu berria sinatzea ekar lezake.
ASTEARTEKO PARTIDAK
Manchester City / Atletico
Benfica / Liverpool
ASTEAZKENEKO PARTIDAK
Chelsea / Real Madril
Vilarreal / Bayern