INFO

Nafarroa Behereko eta Zuberoako lurretan barna ibili da Korrika

Nafarroa Garaitik Nafarroa Beherera egin du salto Korrikak astelehen honetan, iluntzetik goiti Zuberoara heldu aitzin. Korrikalariek zapaldu duten Euskal Herriko laugarren hiriburua izan da Maule, lehenago Donibane Garazin adierazpena irakurri du AEK-k erakundeei euskarazko kurtsoak urririk eskatuz.

Donibane Garaziko adierazpena irakurri du Alizia Iribarren Anduezak. ( (@AEK_eus))

Zuberoako eta Nafarroa Beherekoa lurretan dabil Korrika, Piriniotako tontor elurtuetan barna Nafarroa Garaia atzean utzita. Euskarazko kurtsoak urririk izan daitezen aldarrikatu du beste behin Alizia Iribarren Anduezak AEKren Koordinatzaile Nagusiak, arratsaldean Donibane Garaziko adierazpena irakurri duelarik. Euskal Herriko laugarren hiriburua trebeskatu Korrikak iluntzean Maulen izan delarik.

Arnegitik sartu da Korrika Nafarroa Beherera eta Euskal Elkargoaren ordezkariek egin diote harrera, Joseba Erremundeguyk eta Antton Curutcharryk harte dute lekukoa, azken hau Euskararen Erekunde Publikoko presidente ere badena.

Ohi bezala jende anitz elkartu da bi estatuen arteko muga zeharkatzeko, eta besarkada artean aldatu da eskuz lekukoa.

Bi hiriburu zeharkatu ditu astelehen honetan lasterketak, Nafarroa Beherekoa eta Zuberoakoa ere. Batean arratsaldeko eguzkia, bestean gaueko ilargia izan dute lagun bertara bildu diren korrikalari andanak.

Zuberoako berezitasunetako bat den ‘xibereraren’ doinua entzuteko parada izan dute Garindaineko korrikalariek, Amaren Alabak taldeko kantariek furgonetatik eskaini dieten ‘kantüari’ esker.

Donibane Garaziko adierazpena

Donibane Garaiko gau eskolaren atarian irakurri du adierazpena Anduezak, bertako zenbait ikasle lagun izan dituela. Hitzartearen ondoren, Korrikaren pasaiarekin bat egin dute bertaratutakoek, eta AEK-Donibane Garaziko adierazpenaren kilometroa egiteari ekin diote.

Dei berezia egin diete Ipar Euskal Herriko administrazio publikoko egiturei, EEPri eta Euskal Elkargoari, «bidelagun izan zaitezten helduen euskalduntze-alfabetatze arloarentzat beharrezkoak diren dirulaguntzak bermatuz eta orain arte eman gabeko urratsak emanez».

Iparraldeko hiru lurraldeetan euskara ofiziala ez dela gogoan hartu badute ere, euskara ikasi nahi duen ororentzat «eskubide gauzagarria» izan dadila aldarrikatu dute.

«Hitzetatik ekintzetara jauzia emateko konpromisoa eskatzen dugu, ekiteko garaia da. 22. tantoa jokatzera goaz eta denon artean, elkarlanean, partida irabaziko dugu!» hitzekin bukatu du hitzartzea AEKren koordinatzaile nagusiak.

AEK-k ez ezik beste eragile batzuek bat egin dute adierazpenarekin: Batuz Euskaltegi Elkartea, Juan Mateo Zabala euskaltegia, Gabriel Aresti euskaltegia, Errioxako IKA, Bai&by, Gotzon Garitanoaindia euskaltegia, Hegoalde euskaltegia, Bilbo Zaharra euskaltegia eta Maizpide.

Azterketak euskaraz

Hiriburua zeharkatuta Donazaharreruntz abiatu da lasterketa Zuberoako bidean. Kilometroz kilometro adin guztietako jendea bilduz.

Larzabalen Seaskako Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko ikasleak, irakasleak eta gurasoak ibili dira lasterka. ‘Brebeta euskaraz’ eta ‘Azterketak euskaraz’ aldarrikapenek bat egin dute Euskal Herria euskaraz eskatzen duen Korrikako furgonetako doinuekin.

Aldarrikapenekin batera ospakizunerako ere eman du Nafarroa Behereko ibilbideak, aurten 40 urte egiten dituen Irulegiko irratiko kazetariek uhinen bitartez euskararen alde egindako lana eta hartutako engaiamendua partekatu nahi izan dute.