GOGen aurka galdu arren, Bidasoak sentsazio onekin esan dio agur EHF European Leagueri
Bi goleko errentari buelta eman behar zieten irundarrek itzuleko gaurko partidan Danimarkan, baina erasoan ez dute batere asmatu lehen zatian eta zortzi goleko aldea hartu dute daniarrek. Bigarren zatian asko hobetu du Bidasoak eta azkenean 33-31 galdu du.
Bidasoa-Irunek agur esan behar izan dio EHF European Leagueri… aurten behintzat. Asobal Ligan daraman martxa bikainari segida ematen badio, hurrengo denboraldian Europan egongo da berriro ere talde irundarra talde indartsuenekin lehian.
GOG talde daniarrararen aurkako kanporaketa zaila zegoen, bi goli buelta eman behar baitzion joaneko neurketan galdu ostean. Baina lehen zati eskasa kontuan izanda, nola amaitu duen ibilbidea izan da garrantzitsua, bigarren zatian esentzia berreskuratu baitute jokalariek eta atsedenaldian zegoen zortzi goleko aldea bitara jaitsi dute neurketa amaieran (33-31).
Hori izan da aipatu daitekeen punturik garrantzitsuena. Izan ere, lehen ordu erdia ahaztekoa izan da. Jacobo Cuetara ere horren jakitun izan da eta bere haserrea erakutsi du hutsarte batean. Bigarren zatian., ordea, gauzak asko aldatu dira. Xoan Ledok sekulako geldiketa sorta egin ditu eta erasoan gehiago asmatu dute bidasotarrek markagailua apaintzeko.
Gaizki hasi dira gauzak hasiera-hasieratik. Partidako lehen minutuetan Bidasoako Tesoriere eta Adrian bi minutu kanpo geratu behar izan dira, eta bikain aprobetxatu dute egoera hau daniarrek markagailuan ihes egiteko. 3-0eko partzial bat lortu dute 5-2 ipintzeko.
Jakin gabe, irundarren hondamendia izango zen ondoren, lehen zatian behintzat, ikusi denagatik. Erasoan ez da batere eroso sentitu Jacobo Cuetararen taldea. Egia da Viktor Hallgrimsson GOG taldeko atezaina bikain aritu dela, baina gipuzkoarrek ez dute asmatu ate aurrean eta ideia aedo txispa falta gabe aritu dira.
Eskerrak Kauldi Odriozola, eskuin hegaletik, behin baino gehiagotan agertu dela bere taldeari indarra ea golak emateko, bestela etxekoen aldeko aldea handiagoa izan zitekeen.
6-3koarekin, Jacobo Cuetarak hutsartea eskatu du. Lasaitasuna eskatu die bere jokalarie eta hauek ondo erantzun dute ondoren pistan, Dariel Garciak kontraerasoan sartutako gol bati esker. Baina etxekoek, Morten Toft Olsen gidari zelarik, asko asmatu dute Xoan Ledoren ate aurrean Tollbring –zazpi gol lehen zatian–, Bergendahl –lau gol lehen ordu erdian– edota Pytlicki –hiru gol– esker.
Bidasoari, aldiz, asko kostatzen zitzaion aurrean, eta behin jokaldi landu bat borobildu dutela, gola baliogabetu egin dute epaileek jokalari bat marra zapaltzen zegoelako.
Aurrerago, 14-8ko emaitzarekin, Zachariassen bi minutu kanporatu dute epaileek eta Bidasoak aprobetxtau egin du 1-2ko partzial batekin, baina GOGek 15-10ekoa sartu duenean, Cuetaerak beste hutsarte bat eskatu du jokalariei bere haserrea adierazteko –telebistako irudiek era ahotsek hala adierazi dute–, ez baitu benetako Bidasoa ikusi pistan.
Gauzak ez dira hobetu hortik atsedenaldira bitartean. Are gehiago, etxekoek disfrutatu egin dute eta partidaren amaiera zela zirudien. «Alley op» jokaldi ikusgarri batekin 19-12koa ipini dute eta 20-12koa ere ipintzeko denbora eman die aldageletara joan aurretik.
Beste itxura desberdin bat bigarren zatian
Bigarren zatian gauzak erabat aldatu dira. Egia da etxekoek ez dutela kanporaketa arriskuan ikusi, zortzi goleko aldeari beste bi gehitu behar baizitzaizkion. Baina Bidasoa bere filosofiaz baliatu da mina egiteko.
Kauldi Odriozolak penalti bat huts egin du, baina Xoan Ledo onena agertu da, bere geldiketa apartekin aurkarien erasoei freno jartzeko. Sei geldiketa zenbatu dizkiogu bigarren zatian atezainari.
Gainera, Ledok berak gola sartu du bere atetik 26-21ekoa jartzeko, aurretik bi aldiz huts egin ostean. Arraroa bada ere, Rodrigo Salinasek ez du apenas jaurtiketarik egin daniarren defentsa aurrean, baina Kauldiz gain, Aginagalde, Furundarena eta Adrian bezalako jokalariak golekin agertu dira bi glera jartzeko (30-28).
Momentu horretan epaileek Furundarena bi minutu kanporatu dute eta etxekoek bi gol sartu dituzte jarraian (32-28). Hala ere, irundarrek ez dute amore eman eta zapore gozoarekin alde egin nahi izan dute Europatik. Victorrek eta Kauldik, beste bi golekin, 33-31ekoa ipini dute amaieran.
PARTIDAKO FITXA:
33 - GOG: Hallgrimsson, Pytlick (5), Tollbring (9, 3 penaltiz), Madsen (6, 4 penaltiz), Bergendahl (5), Zachariassen (4) eta Olsen (1) –hasierako zazpikoa–, Jorgensen (1), Kildelund (2) eta Laerke.
31 - Bidasoa-Irun: Ledo (1), Ugarte (2), Zabala (1), Odriozola (10), Salinas (1), Rodriguez (3), Fernandez (4, 2 penaltiz) –hasierako zazpikoa–, Furundarena (2), Aginagalde (3, 1 penaltiz), Mujika (1), Tesoriere, Da Silva, Nieto (1), Garcia (2) eta Sierra.
Epaileak: Panayides eta Andreou (Zipre). Bi minutu kanporatu dituzte Zachariassen (2) eta Bergendahl; eta Tesoriere (2), Garcia, Fernandez eta Furundarena,
Partzialak: 3-2, 6-3, 9-5, 12-8, 15-10, 20-12 (atsedenaldia), 22-15, 24-18, 26-20, 29-23, 30-27 y 33-31 (amaiera).
Gertakariak: European Legueko Last 16ko itzuleko neurketa Danimarkan jokatu zen.