INFO

Nafarroa iparraldetik mendebaldera gurutzatzen ari da Korrika

Zuberoa atzean utzita, Nafarroan dabil berriz ere Korrika astearte goizetik. Iparraldetik mendebaldera gurutzatu du lurraldea egunean zehar, Baztanen hasita eta Acedon amaituta. Arratsaldean ibilbidearen erdira heldu da euskararen aldeko lasterketa.

Pozaren pozez hartu dute lekukoa Lizarran, astearte gauez. (Idoia Zabaleta | Foku)

Korrikak ibilbidearen erdia beteko du astearte honetan. Atzo iluntze eta gauean Zuberoko bazterrak lasterka jarri ostean, euskararen aldeko ekimenik bereziena Nafarroara itzuli da goizaldean.

Izpegiko lepotik Baztanera iritsi da Korrika eta eguneko lehen argiekin batera jende ugari bildu da Elizondon.

Tropel handia bildu da herrietan, goizean goizeko hotza korrika kendu asmoz. Eta Belaten gora mehetu baldin bada ere, gogoak ez du behera egin. Aroztegiako herritarren borondatea errespetatzearen aldeko aldarriekin egin dute mendateko lehen zatia, lekukoa Legasako haurren esku utzi aurretik.

Kuraia taldearen ‘Egunsentian’ abestiak markatutako erritmoan hartu dute basozainek txanda eta «administrazioan euskaraz» edo «Chivite entzun, Nafarroa euskaldun» aldarriekin girotu dute igoera.

Goizean Ultzamarako norantza hartu du lasterketak. Eguzkiak eta lagun ugarik lagunduta aurrera egin du Korrikak. Bailarako azken txanpan lekukoa Korrikaren 22 edizioetan parte hartu duen Silvestreren eskuetara iritsi da, ondoren Basaburuako talde feministari erreleboa emateko.

 

 

Berueten, lasterkariek ez dute kexurik izan malda gora, Korrikak eta lekukoak ematen duen indarraren seinale. Sasoia jubilatu elkarteak autobusean ekarri du bere kemena.

 

 

Beruetera eta Lekunberrira ere iritsi da euskararen olatua. Bitartean, munduan ere zabaldu dira uhinak, astearte honetan New Yorken. Asteazkenean Varsobian eta larunbatean Alacanten eta Shangain izango dira.

Juan Gorritik, Remigio Mendibururekin batera lekukoa egin zuenak, ezin zuen hutsik egin hitzorduan. 

 

 

Irurtzunen, dragoi, hartz, galtzagorri, buruhandi eta bestelako izaki harrigarriek egin dute bat Korrikarekin, eta hainbeste jende bildu da ezin zirela kasik kaleetan sartu.

 

Arratsalde partean ibilbide erdia egina dela ospatu dute Korrikako arduradunek eta gonbidatuek, ohitura den legez. Une honetan izan da:

Ekarpenik ez da faltan sumatu egun honetan. Erronka hau bota dio bere buruari irristalari honek:

 

Nafarroa iparraldetik hego-mendebaldera zeharkatuz, Muetz, Lizarra eta Iratxe topatu ditu jarraian, Lizarratik pasa, eguna Acedon amaitu eta asteazkenean Trebiñura iritsi baino lehen.