INFO

Pablo Gonzalezen askatasunaren alde egiteko eskatu diete hainbat kazetarik erakunde publikoei

Euskal Herriko hainbat kazetari eta herri komunikabidek Pablo Gonzalezen atxiloketa eta espetxeratzea salatu dute ohar baten bitartez. Erakunde publikoei beren askatasunaren alde zerbait egiteko eskatu diete.

Pablo Gonzalez. (Hamaika Telebista)

Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarraren atxiloketa eta espetxeratze inkomunikatuaren aurrean, elkartasuna eta babesa adierazi diote hainbat kazetari eta herri komunikabidek. Bere espetxeratzea bidegabea dela uste dute, eta horregatik berehala aske uzteko eskatu dute.

«Gerra egoera honetan, are garrantzitsuagoa da kazetaritza eta informazioaren profesionalen lana, gatazkan dauden lurraldeetan gertatzen dena herritarrok lehen eskutik jasotzeko. Hala ere, gerra guztietan bezala, kazetariak ere helburu militar bihurtzen dituzte. Badirudi ez dituztela lekuko deserosoak nahi eta prentsari eraso egiten diote, informazio askatasuna urratuz», azaldu dute.

Zentzu horretan, kezkagarritzat jo dute Europan RT eta Sputnik hedabideak zentsuratu dituen Europako Batasunaren «deriba autoritarioa», eta Errusiako Gobernuak prentsa askatasuna murrizteko ezarri dituen lege berriak.

«Euskal Herriak bertatik bertara ezagutzen du prentsa askatasunaren eta adierazteko eta informatzeko eskubidearen urraketa. Lurralde, honetan komunikabideak itxiarazi, kazetariak espetxeratu eta haien aurkako atentatuak egin dituzte. Gainera, gaur egun, Espainiako Estatuan Mozal Legeak indarrean jarraitzen du, eta lege bidegabe horren bidez, testu hau sinatzen dugun hedabide eta kazetari askori isuna jarri digute edo jazarri gaituzte», gogoratu dute.

Hori dela eta, Euskal Herriko, espainiar Estatuko eta Europako erakundeei Pablo Gonzalezen askatasunaren alde zerbait egin dezaketen pertsonei eskatu diete preso dagoen kazetaria lehenbailehen etxera ekartzeko lanari ekin diezaiotela.

Azpimarratu dutenez, askotan frogatu da presio diplomatikoa oso eraginkorra izan daitekeela, «horretarako egiazko indarra jartzen denean». «Ziur gaude hala izango litzatekeela Pablo Errusian atxilotu izan balute. Beraz, berriz ere gogorarazi behar dugu prentsa eta informazio askatasuna demokraziaren oinarria dela, guztiok babestu beharrekoa, hemen eta leku guztietan», aldarrikatu dute testuaren sinatzaileek.

Besteak beste, Ahotsa.info, 97 irratia, Zintzilik irratia, Esan Erran irratia, Hala Bedi irratia, Aiaraldea Komunikabidea, Buruaga, Txapa irratia, Antxeta irratia, Euskalerria Irratia, ZuZeu eta Eguzki Irratia komunikabideek sinatu dute. Baita ‘Argia’, Mediabask, Radio France edo Euskal Irratietako hainbat kazetarik.