INFO

Araba zeharkatu eta Bilbora iritsiko da gaur Korrika

Korrikak aurrera jarraitzen du bere bidean eta Arabako zati bat igaro ondoren gaur Arratia, Txorierri eta Bilboren txanda izango da. 19:30ak aldera iritsiko da Bizkaiko hiriburura.

Langraitzen argitu du gaurkoan Korrikak. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gauean zehar Lizarra inguruan ibili ondoren, Araban sartu da Korrika asteazken honetan. Kanpeztu, Genevilla, Kabredo, Marañon, Bernedo... zeharkatu ondoren, Trebiñu eta Argantzondik igaro da euskararen aldeko lasterketa eguneko lehen orduetan.

Argantzonen ikastolako haur, guraso eta ikasleek hartu dute lekukoa eta Bernedoko kilometroan, aldiz, udalekuetako langileen eskuetan egin du aurrera.

 

 

Egunsentiak Langraitzen harrapatu du Korrika eta orduek aurrera egin ahala gero eta lagun gehiago batu dira lasterka egitera.

 

Araba atzean utzita, eguerdian sartu da Korrika Bizkaian. Eta Manex Agirreren bertso batek lagunduta egin du sarrera hori.

Iparralderako norantzan, Zeanuri, Areatza, Artea eta Igorretik pasatu da Korrika Arratia zeharkatuz.

Jarraian, Usansolo, Larrabetzu, Zamudio, Derio eta Erandio herriak igaroko ditu lasterketak, 19:30ak aldera Bilbora iritsi baino lehen.

Lau ordu emanen ditu bizkaitar hiriburuan gora eta behera, gauerdia baino minutu gutxi batzuk lehenago Barakaldora iritsi baino lehen, Ezkerraldeatik aurrera egin asmoz.