INFO

Kanadako eskola batean hildako haur indigenei buruzko argazkia, World Press Photoren irabazlea

Amber Bracken kanadarraren argazki bat aukeratu dute World Press Photoren garaile. Kanadan 215 ume indigenaren gorpuak aurkitu zituzteneko une latza islatzen du. Kamloops barnetegian, eliza katolikoak kudeatutako gobernuaren beste erakunde ugaritan bezala, hil ziren haurrei egindako omenaldia da.

‘Kamloops Residential School’ obra da 2022ko World Press Photoren garailea. (Amber BRACKEN | WORLD PRESS PHOTO)

2022ko fotokazetaritzaren sariketarik garrantzitsuenetako batek, World Press Photok, badu irabazlea: Ambar Bracken kanadarraren ‘Kamloops Residential School’ obra da. Kanadako eskola honetan 215 ume hil ziren eta haiei egindako omenaldia da irudia. ‘New York Times’ egunkariak argitaratu zuen.

Bertan, bide baten ondoan gurutzeetatik zintzilikatutako soineko gorri batzuk ageri dira, haurren oroimenez jarriak. Beren gorpuak izenik gabeko hilobietan topatu zituzten, iaz, eliza katolikoak kudeatutako Kamloops eskola-egoitza zaharraren lurretan, Columbia Britainiarreko probintzian.

Efe agentziako Imane Rachidik jaso duenez, barnetegi hau Maria Inmaculada misiolariek zuzentzen zuten. Bertan, agintari erlijiosoek kudeatutako Kanadako Gobernuaren erakunde ugaritan bezala, haur indigenak bortxaz sartu zituzten eta abusu fisiko, emozional eta sexualak egin zizkieten, kultura indigena ezabatzeko ‘berriz hezitzeko’ sistema baten parte. 1890 eta 1997 bitartean halako 130 barnetegi izan ziren martxan Kanadan eta 150.000 haur indigena sartu zituzten horietan.

Rena Effendi World Press Photo sariketako epaimahaiaren buruak nabarmendu duenez, Brackenen irudia oroimenean grabatuta gelditzen den horietakoa da. «Erreakzio sentsorial gisako bat eragiten du, kasik lasaitasuna entzuten uzten du, kolonizazioaren historiako zor kitatze global baten serenitate une bat da, ez soilik Kanadan, baizik eta mundu osoan», deskribatu du.

Bracken penatuta agertu da Efe agentziarekin izandako elkarrizketan herri indigenen «kultur genozidioarengatik. Puntu bateraino beren hizkuntzak, kultura eta errituak ezabatzea lortu da», agertu du. «Ez dut adierazi nahi kultura deuseztu denik, ez baita egia; komunitate ugarik lotura estua dute beren kulturarekin, baina horren parte bat berreskuratzea borroka bat izan da. Kasu batzuetan esku bateko hatzekin zenba daitezke bere errituetara eta hizkuntzara atxiki ziren pertsonak. Hauek gainerakoei erakutsi behar izan zieten».

Suarekin basoak salbatzen

Urteko Erreportaje Grafikoaren kategorian, Matthew Abbott australiarrak lortu du saria. National Geographic-en argitaratu zen bere lana. Australiar indigenek milaka urtetan egiten duten praktika bat goraipatzen du: zuhaixkak estrategikoki erretzea basoak salbatzeko eta balizko suteak kontrolatzeko.

Sua lurra kudeatzeko tresnatzat hartzen dute nawarddeken herritarrek. (Matthew ABBOTT)

Sua kudeatzeko teknika honek ‘cool burning’ izena du ingelesez (tenperatura baxuan erretzea). Sasitza bakarrik erretzea da gakoa, hala gar indartsuagoak elikatuko lituzkeen erregaiaren pilaketa ezabatzeko.

Arnhem Lurraldeko Australiako eskualdean bizi da nawarddeken herria, eta dozenaka mila urtetan egin dute hori. 1,39 hektarea dituen bere jaioterriko lurra kudeatzeko tresnatzat hartzen dute sua. Gaur egun, basozainek jakintza tradizional hori teknologia garaikideekin uztartzen dute baso suteak ekiditeko.

Amazonaseko oihanaren higadura

Lalo Almeida fotokazetari brasildarrak eskuratu du Epe Luzeko Proiektuarentzako Saria, ‘Distopia amazoniarra’ lanagatik. Bertan islatzen denak ez du soilik tokiko komunitatea kaltetzen, mundu osoa baino, Effendik adierazi duenez.

Almeidaren irudiek oihan amazoniarra sufritzen ari den «mehatxu ikaragarria» salatzen dute. Hainbat faktore daude: deforestazioa, meatzaritza, azpiegiturak eta baliabide naturalen gehiegizko ustiaketa. Hauek indar handiagoa hartu dute Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen ingurumen politika atzerakoien ondorioz, fotokazetariak azpimarratu duenez.

‘Distopia amazoniarra’ obra. (Lalo ALMEIDA)

Amazonasen bioaniztasun paregabean bizi dira 350 indigena talde, baina berria izan ez arren 2019tik azkartzen ari den suntsipenak inpaktu sozial handiak ditu, bereziki indigenen komunitateetan. Ingurugiroa eta, horrekin batera, bizimodua nabarmen okertu zaie.

Haziak eta bioaniztasuna

Formatu Irekiari Saria Isadora Romerorentzat izan da. Argazki dokumental bat egin du nekazaritzako biodibertsitatea zaintzeko Ekuadorren zientzialariak eta antzinako komunitateak egiten ari diren ahalegina jasotzeko. Biodibertsitate hau murriztearekin batera «kultur memoria galtzeko arriskua» ikusten du argazkilariak.

Bere lanean zientzialariek eta antzinako komunitateak arazoari modu ezberdinetan nola aurre egiten dioten erakusten du: lehendabizikoek germoplasma banku bat dute Quiton, eraldaketa genetikorik gabe hazi indartsuak sortzeko. Komunitateak, aldiz, belaunaldiak daramatza zaintza lan hori egiten.

Isadora Romeroren argazki dokumentalak ‘Odola hazi bat da’ izena du.

‘Blood is a seed’ (odola hazi bat da) izena du dokumentalak. Camuendo Chico komunitatearekin lan egin zuen Romerok, Imbabura Ekuadorko probintzian. Quitoko zientzialariekin ere bai, «beste jakintza mota batzuetara begiratzera bultzatzeko» eta lan berean ari diren bi eragileen artean zubiak eraikitzeko.