INFO

Zenbait frikikeria, baita istorio hunkigarriak ere, etorkizunerako utzi dituzte irlandarrek

Bost urtetan behin egiten duten bezala, irlandarrek errolda bete dute. Ohiko galderez gain, denbora kapsula bat ere gehitu dute inprimakian, non herritarrek hemendik ehun urtera argitaratuko dituzten mezuak idatzi dituzten.

Zentsoko arduradun bat inprimakiak etxez etxe batzen. (Central Statistics Office Ireland)

Irlandako Gobernuak bost urtetan behin antolatzen duen errolda zenbaketa egin du igande honetan. Irlandar guztiak daude behartuta errolda betetzera eta, ohiko galderez gain, denboraren kapsula bat txertatu dute galderen inprimakian. Irlandako Estatistika Bulegoaren arabera, munduko lehena da. Denboraren kapsula horretan, hemendik ehun urte barru argitaratuko dituzten mezuak uzteko aukera izan dute irlandarrek. Etorkizuneko gizartearentzat galderak, aholkuak eta bizipenak uzteaz gain, memeak, loteria zenbakiak eta bestelako bitxikeriak utzi dituzte zenbait herritarrek datozen belaunaldientzako ondare gisa.

Herritar askok sare sozialetan argitaratu dituzte inprimaki zurian planteatu dituzten aferak. Politikaren esparruan, esaterako, hainbat erabiltzailek Fine Gael eta Fianna Fail alderdi politikoei bozkatzen ez jarraitzeko galdegin diete etorkizuneko irlandarrei.

Beste batzuek umorez hartu dute ehun urte barruko herrikideei mezua uzteko aukera. Brendan Kellyk, esaterako, bere ohiko loteria zenbakiak luzatu dizkie etorkizuneko belaunaldiei, ia sekula irabazle suertatu diren egiaztatu dezaten.

Maura Byrnek fedea du zientziaren aurrerapenean. Hortaz, bi betile itsatsita utzi ditu orrian «2122ko medikuntza zientzia aurreratuarekin» berpiztu dezatela eskatuz.

Beste askok, erakustaldi artistikoak egiteko erabili dute espazio zuria. Batzuek partiturak idatzi dituzte, besteek sareetako memeak irudikatu eta Oscar sarietan Will Smithek Chris Rocki emandako zaplaztekoa marraztu duenik ere izan da.

Hala ere, umoretik at, istorio hunkigarriak ere elkarbanatu dituzte zenbait herritarrek twitterren. Amy Wallen 38 urteko emakumearen kasua da. Ondoko txioan irakurri daitekeenez, duela 5 urte auto istripu batean zendutako bere 4 urteko alaba gogoratu du Wallek.

Errolda bost urtetan behin egiten denez, alaba ez zen sekula erroldan zenbatua izan, beraz, omenaldi txiki hau opatu nahi izan dio amak: «Estlin gure lehen haurra eta gure bizitzetako maitea izan zen. Inoiz ez zuten erroldan zenbatu, beraz, oso arinduta sentitzen gara tarte honetan aipatu ahal izanagatik. Ederra, dibertigarria, sortzailea, argia eta bere buruarekiko segurua zen. Ohore bat da bere gurasoak izatea eta are ohore handiagoa gure bizitzek irauten duten bitartean berari negar egitea».

Zerbitzuen planifikazioa

Berez, Irlandako Gobernuak azaldu duenez, erroldaren inprimakia betetzea derrigorrezkoa da herritar guztientzat. Honen bidez, herrialdeko eskualde bakoitzean bizi den jende kopurua eta hauen adina kalkulatu dezakete agintariek. Bildutako informazioarekin, hurrengo bost urteetan eskualde zein herri bakoitzean beharko dituzten zerbitzuak kalkulatu eta aurreikusi ditzakete agintariek.

Oraingoz, errolda arduradunak etxez etxe joaten dira inprimakiak banatzera. Baina, datorren erroldarako, 2027rako, prozesu guztia digitalizatuta izatea eta inprimakia online egin ahal izateko aukera martxan izatea espero dute erroldaren arduradunek.