INFO

Apirilaren 25ean irekiko da berriz Gaztelugatxerako bidea, egonkortze lanak amaituta

Gaztelugatxeko San Juan uhartera heltzeko bidea apirilaren 25ean irekiko da berrirz, biotopo babestuaren mendi magala egonkortzeko egiten ari ziren lanak amaitu ondoren.

Hainbat bisitari Gaztelugatxeko San Juan uhartera sartzen. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Bizkaiko Foru Aldundiak apirilaren 25ean irekiko du berriro Gaztelugatxeko San Juan uhartera heltzeko bidea, biotopo babestuaren mendi magala egonkortzeko egiten ari ziren lanak amaitu ondoren. 2021eko urtarrilaren 7an lur-jausi handia izan zen bertan, eta beste toki batzuetan lur mugimendu txikiak izan ziren.

Obrak amaitu baino lehen sarrerak kontrolatzeko sistema bat ezarri da inguru horretan, tiketak emateko sistema bat. Horren bidez, bisitan doazen pertsonen kopurua arautu ahal izango da eta, gehienez, 1.462 bisitari sartzen utziko dira egunean, pandemiaren ondorioz ezarri ziren edukiera mugak kendu eta gero.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, hamabost hilabete hauetan zehar hobekuntza ugari egin dira guneko mendi magalean, beste lur mugimendurik gerta ez dadin, kontuan hartuta aurrekoan uhartera heltzeko gunean lur-jausiak izan zirela. Lehenbizi goiko aldeetan egin dira hobekuntza lanak, Gaztelugatxera bisitariak pixkanaka heldu zitezen, eta gero, lur-jausiak kalte gehien eragin zuen eremuan egin dira hobekuntza lan horiek.

Lanekin batera, bestalde, neurketa sistema bat ezarri da, Biotopoaren ezponda osoan gerta daitezkeen mugimenduak monitorizatu ahal izateko; hau da, lurra etengabe aztertuko da, bertaratzen diren pertsonen segurtasuna bermatze aldera.

Uhartera iristeko bidea berriz irekitzearekin batera beste berrikuntza bat ere ezarri da Gaztelugatxeri lotuta: edukiera mugatu dela. Orain arte uhartera sartu ahal ziren bisitarien kopurua handitu egin da, baina bisitarien gehieneko kopuru bat ezarriko da aurrerantzean.

Osasun arloko agintariek pandemia geldiarazteko ezarri zituzten edukiera mugak dagoeneko kendu direnez, Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek gehienez 1.462 bisitari egon ahal izango direla ezarri dute, kontinente osoan eremu babestuak kudeatzen dituzten erakundeak batzen dituen Ecoparc Europako erakundearen txostenak oinarritzat hartuta.