INFO

Arnasgune eta udalerri euskaldunak: eragiteko aukera eta ardura aldaketen aitzinean

Zestoa, Usurbil, Errezil, Lazkao... Hainbat udalerri euskaldunetatik pasa da ostiral honetan Korrika, eta inportantea izanen da aktibatzeko eta zer egina badela ohartzeko. Badago euskaltegira joateko beharra. Bada premia eguneroko bizitzan erdarara jotzen dutenek euskaraz ekiteko, eta ez gutxi.

Usurbilgo Udalak protokolo bat dauka kanpotik etorritakoei harrera egiteko. Euskarari garrantzia ematen dio eta bultzada horrekin euskaltegira hurbiltzeko lehen pausoa ematen dute. (Jon URBE | FOKU)

Kontzeptuak argituz hasiko gara. Udalerri euskaldunak dira euskaldunak %70 baino gehiago diren herriak. Horien barnean arnasguneak daude, biztanleen %80tik goiti euskaldunak dituztenak. Biak biltzen ditu UEMAk. Mankomunitateak euskararen kale erabilera aztertu zuen 2021ean eta emaitzak plazaratu berri ditu. Orokorrean, ez da deus aldatu 2017an egin zen aitzineko neurketatik: %60 pasatxoan mantentzen da euskarak karrikan duen presentzia. Baina datu orokor horren azpian txanponaren bi aldeak ikusi dituzte: batetik, udalerri euskaldun bai baina arnasgune ez direnetan puntu bat hazi da erabilera. Hor sartzen dira UEMAko herririk handienak. Aldiz, arnasguneetan, hiru puntu jaitsi da. Udalerririk euskaldunenak dira hauek eta, gehienetan, txikienak.

Gari Goikoetxea mankomunitateko teknikariak baieztatu digunez, ez da ezustekoa izan. «Zantzu kezkagarri asko ikusten ari gara. Euskararen ezagutzak behera egin du. Gehiengoa euskalduna da, baina erdaldunen presentzia handiagoa da eta lehen hizkuntza euskara ez dutenak gehiago dira».

Oroitu duenez, 2010eko hamarkadaren inguruan etxebizitzen ‘boom’ bat gertatu zen eta herri handi eta erdaldunagoetatik txiki eta euskaldunagoetara mugitu zen jendea. Horrek ume gehiago ekarri ditu, baina baita hizkuntzaren erabileran galera bat ere. Euskaraz ez dakiten lagunak, jakin arren erdaraz aritzeko ohitura dutenak. Euskal Herritik kanpokoak ere bai, batez ere belaunaldi berriak, guraso eta seme-alabak.

Eskualde buruetan, erabilerak gora

Goikoetxeak esplikatu duenez, arnasgune ez diren udalerri euskaldunetan kale erabilera igo izanari balio handia eman behar zaio udalerri handiak daudelako multzo horretan. Eskualde buru funtzioa betetzen dute eta arnasgunez inguratuta daude. Tolosa eta Bergara dira adibide.

«Elkar elikatzen duten udalerriak dira. Arnasguneetako herritarrek bizitzaren parte bat eskualde buruan egiten dute: lana, erosketak, lagunartea… Euskararen bilakaera positiboa izatea arnasguneekin lotu behar da, hedatze funtzioa jokatzen dutelako. Aldi berean, euskararen erabilera igotzea mesede da arnasguneetan ere handitzeko».

Badira herri batzuk neurketa bereziak egiten dituztenak: Zarautz, Oiartzun, Azpeitia... Definituta dago azterketak zer kaletan egin eta auzoka ateratzen dira datuak. Maiatza-ekainean jasoko du UEMAk argazki hori, baina jada badakite erabilera orokorrak goiti egin duela.

Sexua
Emakumeak gehiago mintzo dira euskaraz gizonak baino. Alderik nabarmenena belaunaldi berrietan ageri da, gainera. Bada sakon ikertu eta ekintzetan kontuan hartu beharreko gai bat. Xede horrekin beka bat sortu du Lakuako Gobernuak. 

Galderak
Zer dago emakumeek euskara gehiago erabiltzearen atzean? Hizkuntza gaitasuna eta erraztasuna? Edo genero rolekin lotutako bertzelako faktoreak? Atxikimenduarekin dago lotuagoa? Galderak gehiago dira erantzunak baino.


Herrietako datuez ari garenean, testuingurua kontuan izan behar dugu. Aurreko neurketa 2017an egin zela erran dugu. 2021era aldaketak gertatu dira kalean, batez ere herri txikietan. Har dezagun 300 biztanleko herri bat, ostatu bat duena. 2017an itxita zegoen eta orain irekita. Jende desberdina ibiliko da eta horrek inpaktua izanen du.

«Azterketa honetan neurtzen da herri bakoitzeko kaleetan zenbat euskara entzuten den, ez bertako biztanleek zenbat euskara egiten duten», argitu du UEMAko teknikariak. «Batez ere bisitari asko jasotzen dituzten herrietan garrantzitsua da hori kontuan izatea».

Baldintzak sortu

Euskaldunon ezaugarriak aldatzen ari dira: «Gero eta euskaldun gehiago daude euskara jakin arren bigarren hizkuntza gisa jaso dutenak. Hobeto moldatzen dira erdaraz. Udalerri euskaldunetan, gehiengoarentzat euskara da lehen hizkuntza, baina aldaketa gertatzen ari da euskaldun berrien seme-alabetan, eta erabilera joerak aldatzea dakar horrek».

Bi faktorek eragiten dute, eta biak aldatu dira. Batetik aldagai pertsonalak daude: gaitasuna, erraztasuna, ohitura… Bertzetik, komunitarioak: inguruak zertara eramaten gaituen. Zenbat eta euskaldun dentsitate handiagoa, gehiago erabiltzen da.

2021a azterketa ugariko urtea izan zen: kaleko neurketak egin ziren, UEMAkoak eta Euskal Herrikoak (maiatza-ekainean aterako dira emaitzak), herrialde mailako inkesta soziolinguistikoa eta Hego Euskal Herriko errolda ere bai. Horiei esker diagnostiko oso bat egiteko aukera izanen da.

Bigarren pausoa, lehentasunak eta ildoak finkatzea izanen du UEMAk. «Jendeari baldintza pertsonalak sortu behar dizkiogu eroso egin dezan, eta inguruko baldintzak ere bai. Pausoak emateko aukera eta erantzukizuna dugu. Normalizaziotik gertuen gauden eremuak izanik bide berriak urratzeko ardura dugu», agertu du teknikariak.

Zenbat eta gazteago euskara gehiago egiten da, nahiz eta aurkakoa uste

Euskal Herrian oro har eta udalerri euskaldunetan ere bai, zenbat eta gazteago euskara gehiago egiten da, gure aurreiritzia kontrakoa izan arren. Halere, bada kezka eta gogoetarako motiborik.

Aldaketarik handienak belaunaldi berrietan ari dira gertatzen eta testuingurua aztertzen ari da UEMA: gazteek euskararekiko duten irudia eta atxikimendua, jaso duten edo ez duten transmisioa, mintzatzeko gaitasuna eta erosotasuna... Bi azterketa dituzte martxan, eskola giroko erabilerarena eta ikus-entzunezko kontsumoarena, eta laster espero dituzte emaitzak.

Harrera protokoloa, euskaltegira hurbiltzeko lehen pausoan lagun

Urte gutxitan izugarri aldatu da jendartea: teknologia bizitzako eremu guztietara zabaldu da, lan baldintzak hagitz ezegonkorrak dira, bizi estiloa eta demografia ere desberdinak dira... Eta, noski, hori guztia euskaltegietan ere sumatzen da.

Goiztiri AEK Goierriko Euskaltegiko zuzendaria eta irakaslea da Irati Aldaz, eta nabarmendu du gero eta gaztetxo gehiago hurbiltzen zaizkiela, 16-18 urte bitartekoak. «Asko DBH garaian etorri dira Goierrira, eta Batxilergora euskara jakinda ailegatzen diren arren, ez dute beharrezko mailarik. Gainera, gero eta nerabe gehiagok ematen dute izena C1 titulua lortzeko».

Finantziazioan pausoak ematen jarraitzeko beharra ikusten du Aldazek. «Goierriko udalek diru-laguntzak emateko baldintzak hobetu dituzte eta guztiak saiatzen dira taldeak sortzen. Guk Zaldibia, Gabiria, Zegama, Segura, Legorreta, Ezkio, Beasain eta Ordizian ditugu taldeak. Udalekin harreman ona dugu». Aldarrikatu duenez, HABEk urratsak egin behar ditu denok izan dezagun euskara ikasteko eskubidea. Horretaz gain, taldeak eratzeko baldintzak malgutu behar ditu.

Usurbilgo AEK euskaltegian irakasle dabil Rosa Zubeldia. Azaldu duenez, etxe aunitz egin da eta jende berria etorri da, bertze kultura batekoa edo Euskal Herriko bertze tokiren batekoa. Migranteei dagokienez, duela bost urtera arte nahiko zaila zuten euskaltegian hastapeneko taldeak sortzea baina ordutik ia urtero osatzen dira, batez ere estatutik kanpoko jendearekin. Euskaltegira hurbiltze horretan eragin zuzena izan du harrera egiteko Udalaren protokoloak. Bertan, garrantzi handia ematen zaio euskarari.

Lazkao Txikiren Ordiziako murala. (Raul BOGAJO/FOKU)

Gazteek euskaraz ikasi arren sarean jasotzen duten hizkuntzak, ingelesa eta gaztelania gehienetan, pisu handia du. «Euskara ez da modakoa. Helduen artean, lasaitu egin gara. Euskaldun peto asko entzuten dut gaztelania petoan». Orain hasi da Lazkao Txikiren Ordiziako muraleko esaldia ulertzen: «Martxa honetan aurki erderaz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoan».

Erronken artean dute kaleko eskaerari erantzutea. Izan ere, badute mintzalagun proiektu bat eta zailtasunak dituzte bidelagunak topatzeko.

Zestoako euskaltegian, Eli Agirre bertako langileak erran digunez ez dute aldaketa nabarmenik antzeman. «Bi profiletako ikasleak ditugu; euskalduntzen ari direnak eta alfabetatzen ari direnak. Migrazioari dagokienez, gure euskaltegian ez da islatzen; jatorri atzerritarreko ikasleak baditugun arren, ikasle kopurua ez dator bat migrante kopuruak azken urteetan izan duen gorakadarekin eta herrian dauden hainbat jatorritako ikaslerik ez daukagu».

Urteak daramatzate saiatzen, jatorri zehatz batzuetako herritarrengana nola iritsi asmatu ezinik. Horixe dute oraingo eta azken urteetako erronka nagusia.