INFO
Entrevista
Josu Martinez
‘Irudiz eta euskaraz’ ikerketa liburuaren egilea

«Euskal zinemaren historia nahi eta ezin bat da»

Josu Martinezek ‘Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza’ ikerketa liburua argitaratu du. Bertan, euskaraz egindako zinemaren hastapenez mintzo da EHUko ikus-entzunezko komunikazioko irakaslea.

Josu Martinez, EHUko irakaslea eta ‘Irudiz eta euskaraz’ liburuaren autorea. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

​Liburuaren sinopsia egingo zeniguke?

Liburu hau 2019an Eibarko Udalak eta euskal unibertsitateak emandako Juan San Martin bekari esker egindako ikerketa bat da. Nik aurkeztu nuen proiektua euskal zinemaren historia idaztea izan zen. Izan ere, orain arte Euskal Herrian egindako zinemaren inguruko liburu asko edo batzuk idatzi dira, baina ez dago apenas euskarak zinemarekin izandako harremana beren-beregi tratatzen duen liburutik.

Azken urteetan, euskal zinema zer den esateko orduan «Euskal Herrian egindako zinema» dela nagusitu da. Edo euskaldunek, nolabait, modu inklusibo batean, Euskal Herrian egindakoa. Uste dut euskal zinemak euskarazkoa izan behar duela, euskal literatura euskaraz idatzitakoa edo euskal kantagintza euskaraz kantatutakoa den moduan. Beraz, euskal zinemari buruz aritzean, euskarazko zinemari buruz aritu nahi dut. Liburu hau horri buruzkoa da; ez dago baloraziorik.

Izan ere, orain arte cine vascoari buruz mintzatu diren liburu horietan, euskarazkoak bigarren mailako zerbait bezala agertu dira beti, eta nik irudiz eta euskaraz ari ziren espresio guztiez aritu nahi nuen; hortik dator izenburua. Liburuak ez ditu pelikulak bakarrik lantzen, baizik eta euskaldunok zer idatzi dugun zinemari buruz, nola ikusi dugun eta bestelako kontuak.

«Euskal zinema» batzuek Euskal Herrian sortutako piezei esaten diete, eta beste batzuek, euskaraz egindakoari. Zergatik literaturan edo musikagintzan ez da eztabaida hori piztu eta zinemagintzan, ostera, bai?

Ez dakit, beharbada euskarazko zinema apenas egon delako izango da. XX. mendean Lizardi, Lauaxeta eta horiekin euskal literatura garrantzitsu bat egon zen edo euskal kantagintzan mugimendu garrantzitsu bat egon zen; ez da apenas euskarazko pelikularik egon, ordea. Orduan, beharbada, izen hori zegoen bakarrak hartu du. Euskal zinema izango zen, baldin eta euskarazko pelikulak egon izan balira. Beharbada aurrekari batzuk izan bagenitu, eztabaida hori ez litzateke emango, baina uste dut eztabaida hori ez doala inora. Bakoitzak izan dezala bere iritzia.

Euskal zinema jaio baino lehen, zinema mutua iritsi zen. Zer jarrera izan zuten horrekiko euskaldunek?

Euskaldunek baino, abertzaleek, oro har, zinema Euskal Herria erdalduntzeko tresna bat bezala ikusten zuten paradoxikoki. Momentu hartan zinema mutua zen; beraz, ez dakit nola erdaldundu zezakeen.

Garai hartan euskaldunak asko zentratu ziren zinema mutu hori euskaldundu nahian. Nola? Ezin zituztenez euskarazko filmak egin, euskarazko izenak asmatu nahian kristoren paranoiak izan zituzten, delirioan sartu ziren izenak asmatzen: «zinemintza», «igidazkin», «idazpil»…

Pentsatu behar da apaizak asko beldurtzen zituen kontua zela zinema, eta euskaldungoa, ez bakarrik abertzalea, apaizek kontrolatua zegoen. Orduan harreman konplexua izan zuten euskarak eta zinemak luzaz, nahiz eta egon ziren norbanako gutxi batzuk, luzidoak, ikusi zutenak euskarak ere zinema behar zuela.

Nahiz eta orduko abertzaleen artean prentsa txarra izan, egia dena da zinema bera gustatu egiten zitzaiela euskaldunei. Hor hainbat lekukotza bildu ditut bai bertsoen bitartez bai ahozko testigantzen bitartez, non aitortzen duten lehengo urte horietan euskaldunak erruz joaten zirela zinemara herri txikietan. Hala ere, gero eta zinema gehiago zabaldu zituzten eta euskaldunak, kasu askotan elebakarrak zirenak, zinemara joaten ziren, abertzaleek edo apaizek esaten zutena esaten zutela.

Lekukotza batzuek kontatzen dute Azpeitian, esaterako, zinema mutua azaltzen zuten “esplikadoreak” zeudela. Azken batean, mutua izan arren, euskarazko zinema zen.

Bestela bi aldiz mutua izango zen, batetik mutua zelako eta bestetik euskaldunek ezingo zutelako esplikadoreak esaten zuena ulertu.

1930eko hamarkadan, aukera egon zen katalanek egin zituztenen moduko pelikula batzuk egiteko, baina zineman ez zen egon literaturan edo bertsolaritzan egon zen loraldia bezalakorik. Aukera galdu bat izan zen 30eko hamarkada horretan, errepublika garaian, zinema euskaraz egin ez izana.

«Aukera galdu bat izan zen 30eko hamarkada horretan, errepublika garaian, zinema euskaraz egin ez izana»

Ipar Euskal Herriak berebiziko garrantzia izan du euskal zinemagintzaren hastapenetan, lehen proiektuak bertan jaio baitziren. Oraintsu arte lehen euskarazko filma Gotzon Elortzarena zela uste zen, baina badirudi jeneral hazpandar bat aurreratu zitzaiola…

Euskaraz osoki egindako lehenengo pelikula bai, Ipar Euskal Herrian egin zen. Dokumental bat izan zen: ‘Gure Sor Lekua’. Andre Madrek, armada frantseseko jeneral bat zenak, egin zuen 1956an.

Andre Madre ez da ezaguna izan bere istorioa beste liburu batean eta nire tesian publikatu nuen arte. Ez da ezaguna izan, azken batean gure herrian inkomunikazio handia egon delako eta Iparraldean inork ez duelako fokua jarri, inork jarri ez duen moduan zinema amateurrean edo emakumeen paperean. Uste dut gauzak ateratzen direla fokua pixka bat zabaltzen dugunean eta istorioen bila ertzetara joaten garenean.

Madrek pelikula estreinatu zuenean, Ipar Euskal Herriko leku askotan bota zen, baita Ameriketan ere. Euskarazko pelikula bat izan zen eta diasporako jendeari eskaini nahi zitzaiolako egin zen euskaraz.

Liburuan aipatu duzu euskarazko lehen film luzeak iraultzaileak zirela ekintzan baina tradizionalak edukiz. Zer esan nahi duzu horrekin?

Euskaraz pelikula bat egitea iraultzailea zen; orain agian gero eta gutxiago, baina luzaz izan da iraultzailea edo gutxienez normaren kontrakoa. Baina, egia da, gustatuko litzaidakeela aurkitzea pelikula bat 30, 40 edo 50eko hamarkadakoa garai hartan zineman egiten ari ziren estiloak jarraituko lituzkeena.

Euskalduna eta euskalduntasuna, 1956ra arte behintzat, oso lotuta egon dira tradizioari, eta zinemak lastre hori izan du luzez.

‘Amalur’ pelikula egiten denean, 1968an, momentu bat da non artean abangoardiak dauden; Oteiza, kantagintza berria, Txillardegi, Gabriel Aresti… Horren erdian ‘Amalur’ sortzen da, Euskal Herriari buruzko pelikula bat, kristoren oihartzuna duena gizartean baina, batez ere, baserriari, bizibide tradizionalari, folkloreari edo Euskal Herri mitiko horri buruz hitz egiten duena.

Euskal Herriaren irudi mitiko hori, euskaldunok museo bizidun baten moduan irudikatzen gaituena, oraindik ere gizartearen alor askotan bizi dugula-eta zineman asko luzatu den kontua da. Euskarak ez zuela Euskal Herriari, bertsolaritzari, baserriari eta arrantzari buruz hitz egiteko bakarrik balio ohartu ginenean hasi zen euskal zinema benetan sortzen. Euskal zinema euskaraz edozeri buruz hitz egin dezakeen zinema baita.

«​Euskarak ez zuela Euskal Herriari, bertsolaritzari, baserriari eta arrantzari buruz hitz egiteko bakarrik balio ohartu ginenean hasi zen euskal zinema benetan sortzen»

Tradizioa eta folklorea aipatu dituzu. Zer rol esango zenuke izan duela zinemak euskal nazioaren eraikuntzan?

Txikia, izan zezakeenaren aldean. Zinemak garrantzi handia izan du, eta oraindik ere badauka, herrialde guztien nazio eraikuntzan. Zer da Hollywood, amerikar nazionalismoa zabaltzeko makina bat ez bada?

Euskaldun batzuk horretaz konturatu ziren, baina gertatzen dena da zinema artea izateaz gain, industria ere badela, eta horrek diru asko eskatzen du. Euskal Herrian ez da sekula sortu zine industriarik; besteak beste, ez geneukalako erakunderik. Horregatik, egin dira Iparraldean egin diren gauza urriak.

Gero, 70-80ko hamarkadan nazio askapeneko prozesua pil-pilean zegoenean, ahots askok esan zuten zinemak nazio askapenari lagundu behar ziola. Batzuek, Antton Ezeizak eta Juanma Berasategik adibidez, uste zuten euskaraz izan behar zela, baina horiek galdu zuten eta gutxiengoan gelditu ziren.

Zer ekarpen egin diezaioke zinemak nazio eraikuntzari? Tira, zinema ez dela horretarako egin behar. Jendeak zinema ona egin behar du eta horrela lagunduko dio bere herriari.

Franco hil ostean film asko ekoiztu ziren Euskal Herrian. Hala ere, eztabaidak egon ziren Lakuak eskaintzen zituen dirulaguntzen inguruan…

70eko hamarkadatik aurrera birloratze kultural eta politiko bat egon zen. Ikusten zen frankismoa bukatzera zihoala eta guztiek egin nahi zuten zerbait; gainera, euskara modan zegoen. Testuinguru horretan, gauza asko sortu ziren; tartean, erakundeak eta Euskadiko Filmategia.

Zinemagile batzuk bazeuden, baina inbertsioa behar zuen. Eusko Jaurlaritzak lehen urte horietan hartu zuen politika EAEn helbide fiskala zuen edozeri dirulaguntza handiak ematea izan zen. Ondorioz, ‘Argia’-ko kritika batean esaten zuten bezala, «euskal subentzioen paradisua» bihurtu zen.

80ko hamarkadatik aurrera pelikula piloa ekoitzi ziren euskararen ikuspegitik, dirulaguntza jasotzeko, Eusko Jaurlaritzak eskatu zuen bakarra filma euskaraz izatea edo euskarazko kopia bikoiztu bat entregatzea izan zelako. Beraz, jendeak inork ikusten ez zuen kopia bikoiztu bat entregatzen zuen eta, orduan, 1980ko hamarkadan egin ziren pelikulen %95 espainolez izan ziren.

Oso urte onak izan ziren pelikulak egiteko, baina euskaraz film luze bakarra egin zen.

Euskal zinema dirulaguntzetatik bizitzera kondenatuta dago?

Bai. Baina baita Espainiako eta Frantziako zinema ere. Zinema, oro har, inbertsio publikoa eskatzen duen sektorea da. Euskarazko pelikulek bistan da derrigorrez behar dutela laguntza publikoa, eta gero eta gehiago beharko dute, konpetentzia gero eta handiagoa delako. Baina ulertu behar dena da euskaraz bizi nahi badugu euskarazko filmak, euskarazko prentsa, euskarazko liburuak eta euskarazko dena behar dugula. Erakundeen lana hori laguntzea da eta gure lana [sortzaileena] ahalik eta lan hoberenak egitea, kalitatezkoak.

Zein da euskal zinemaren egoera gaur egun?

Segun eta nondik begiratzen zaion. Ehun urtetan ez dugu ia ezer izan; beraz, loraldia sekula baino hobea da, orain arte ez delako ezer egon. Beraz, euskal zinemaz hitz egiten has gaitezke.

Aldi berean, gero eta genero gehiagotako pelikulak egiten dira: komediak, dramak, popularragoak, fantasiazkoak, historikoak… Hori normaltasun seinale bat da, eta, alde horretatik, ez gara inoiz orain baino hobeto egon.

Orain, euskal zinemak eta euskaldunek, oro har, nolako egoera bizi duten beste kontu bat da. Zenbat euskaldun gara? Eta zenbatek ikusten ditugu pelikulak euskaraz? Euskal zinemari ikusleak falta zaizkio, euskal literaturari irakurleak falta zaizkion bezala. Gauza bat da zenbat euskaldun garen eta beste bat da zenbat bizi garen euskaraz.

Kontsumo ohiturak aldatu behar ditugu orduan?

Bai. Erronka hor dago, eta kalitateak ekarriko du hori.

Bestalde, jendeak jakin behar du euskal ekoiztetxeak badaudela eta hori publizitate eta politika publikoen bitartez sustatu behar da. Zorionez, jendeak jada ez du funtzionatzen lehengo «euskaraz delako joan behar gara» dinamika horren baitan. Ez. Ipin iezadazu pelikula on bat, ez euskarazko pelikula txar bat. Azken finean, hori da gure zinemaren historia, nahi eta ezin bat eta, ziurrenik, hori izango da euskaldunon historia ere, nahi eta ezin bat.