Hirietan Emmanuel Macron garaile, Jean Lassalle sendo barnealdean
Euskal Herrian emaitza onak lortu zituen lehen itzulian Emmanuel Macronek. Jarduneko frantses presidentea hiru hiriburuetan nagusitu zen. [Emaitza guztiak hemen]
Baionan bozen %27,26 lortu zituen eta Donibane Garazin, %27,52. Harrigarriagoa suertatu zen Maulen lorturiko aitzinamendua. Botoen %25,41 eskuratuta gailendu zen LREMko burua, Louis Labadot komunista alkate den Zuberoako hiriburuan. Duela bost urte iragan igandean Ipar Euskal Herrian bigarren hautagai bozkatuena izan zen Jean-Luc Melenchon ezkertiarra heldu zen lehen postuan Maulen.
Hiri eta herri ertainetan kasu askotan aurreneko bozetan lorturiko emaitzak hobetu zituen Macronek. Auzapez eskuindarrak dituzten hainbat hiritan, hala nola Biarritzen (bozen %36,04), Angelun (%33,08) eta Donibane Lohizunen (%33,60) bozkatuena izan zen. Baita auzapez abertzaleak dituzten Ziburun (%30,47), Urruñan (%27,71), Uztaritzen (%26,87) eta Baigorrin ere (%22,06). Alkate zentrista duen Donapaleun ere aise irabazi zuen (%29,79).
Nahiz eta euskararen edo Ipar Euskal Herriko erakundetzearen aldeko aldarrikapenen aurrean oso jokabide zentralista duen, «boto eraginkorra» bilakatu zen Melenchon hautagaiaren aldekoa. 2017an bezala auzapez sozialista duen hiri batean –Hendaian– irabazi zuen, botoen %25,45 lortuta, nahiz eta Macron gertu arribatu zen (%24,93).
FIko burua Biriatun eta Lekuinen nagusitu zen eta hirigune anitzetan bigarren bozkatuena izan zen: Baiona, Donibane Lohizune, Biarritz eta Bokale kasu. Baita Donibane Garazin eta, erran bezala, Maulen ere.
Marine Le Penek ez zituen frantziar Estatuan bezain emaitza onak lortu Euskal Herrian, baina nabarmen hobetu zituen ia duela bost urte eskuratu zituen emaitzak. Gixunen, Bidaxunen, Sarrikotapean eta Etxarrin lehena geratu zen. Eskuin muturreko burua bigarren hautagairik bozkatuena izan zen, igandean, Ahurti, Ainhoa, Beskoitze, Hazparne, Hiriburu, Kanbo, Larresoro, Luhuso, Mugerre eta Senperen, esaterako. Kezka areagotzen dute Eric Zemmourrek bildutako 13.000 bozek. Bien artean orotara 42.047 boz metatu zituzten. 2017an Le Penek 21.738 boto jaso zituen.
Parlamenturako lehiarako prest da Ipar Euskal Herrian lehen itzuli honetan laugarren heldu den Jean Lassalle. Nafarroa Beherean eta Zuberoan bildu zuen boto uzta oparoena, baina Lekornen eta Makean nagusitu zen.