INFO

Beren aldarriei erantzun zehatzak eman arte Osakidetzako sindikatuak ez dira Mahaira itzuliko

Osakidetzako sindikatuek (Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK) nabarmendu dutenez, ez dira Mahai Sektorialaren bileratara joango zuzendaritzak euren aldarrikapenei erantzun zehatzak ematen ez dizkion arte. Hilaren 27rako zuten bilera berri baterako deialdia.

Protesta de los sindicatos Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT y ESK en Bilbo por las condiciones de las trabajadores de Osakidetza. (SATSE)

Hilaren 27rako Osakidetzaren Mahai Sektorialaren deialdiaren aurrean, Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek zuzendaritzari ohartarazi diote ez direla bileretara itzuliko aldarrikapenei buruzko proposamen zehatzak izan arte.

Sindikatu hauek gogoratu dutenez, hilaren 1ean egindako batzarra «porrota» izan zen, «Osakidetzak berriro ere agerian utzi zuelako negoziatzeko borondate eza eta inposaketaren eta propagandaren bidearen aldeko apustua». Lehen Arretako grebaren egunean, joan den ostiralean, bigarren bilerarako deia jakinarazi zien Osakidetzak, hilaren 27rako.

«Osakidetzaren inmobilismoa»

«Lehenik eta behin, azpimarratu behar da mugimendu horrek berriro ere agerian uzten duela mobilizazioak eta grebak bakarrik lortzen dutela Osakidetza bere posizioetatik mugitzea. Azken bileran erabateko immobilismoa erakutsi ondoren, greba egunean bertan, beste bilera data bat jakinarazi zigun, grebaren eragina gutxitzeko eta orain arte erakutsi ez duen negoziazio borondatea erakusteko ahalegin batean», adierazi dute sindikatuek.

«Osasun Sailak soberan ezagutzen ditu gure aldarrikapenak, horien zer eta nola. Horietako asko Osakidetzako Mahai Sektorialean jorratu dira bilera ezberdinetan, eta erraz konpon daitezke borondatea badago. Horregatik, azken bileran, Osakidetzari bi eskaera egin genizkion: batetik, berehala gauza daitezkeen eskaerak gauzatu eta abian jartzea; eta, bestetik, gainerako gaien negoziaziorako egutegia egitea, jakitun izanik gai horiek ezin direla negoziatu bilera bakar batean», azaldu dute.

«Zehazki, eskatzen dugu berehala bete daitezela Mahai Sektorialean hartutako akordioak, besteak beste, Garapen Profesionalekoa; %4 eta txanda osagarria parekatzea; Lehen Arretaren egoerari heltzea eta EAGetako ordutegiak berreskuratzea; eta gainerako aldarrikapenen negoziaziorako egutegi bat egitea. Jakina denez, bi orduko bileraren ondoren, non ez zen inolako aurrerapausorik eman, sindikatuok Mahaia uztea erabaki genuen», gaineratu dute.

«Gogoan izan behar da, Mahai Sektoriala utzi ondoren, edukirik eta negoziaziorik ez zegoelako, pasa den apirilaren 1ean, negoziatzeko gure borondatearen erakusgarri, Osakidetzak deitutako bilerara joatea erabaki genuela. Hala ere, Osasun Sailari ohartarazi nahi diogu, bileran bertan adierazi genuen bezala, ez garela Mahaira itzuliko gure aldarrikapenei buruzko proposamen zehatzak egin arte. Horregatik, dei egiten diogu Osakidetzari bere plantillaren lan baldintza eskasak duintzeko urratsak eman ditzan, eta bide horretan, gure aldarrikapenei buruzko proposamen zehatz bat bidal diezagun», diote sindikatuek.

Lakuaren kontuak

Gauzak horela, sindikatuek onartezintzat jo dute Osakidetzak euren aldarrikapenak ez onartzea eta, bitartean, Lakuako Gobernuak 2021ean 605 milioi euro aurreztu dituela nabarmentzea.

«Premiazkoa da Osakidetzaren aurrekontua handitzea 2023ko ekitaldirako, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), aurrekontu horren %25 Lehen Arretara bideratuz; plantillen dimentsioa egokitzea, milaka lanpostu sortuz, eta 24.600 langilek baino gehiagok jasaten duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, %8ra jaitsi arte; galdutako erosahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea, Garapen Profesionalean aplikatutakoa barne; arrisku psikosozialen ebaluazioa eta neurri zuzentzaileen aplikazioa, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan; malgutasun edota kontziliazio neurri eraginkor eta errealak martxan jartzea; konpontzeke dauden gatazkak ebaztea, hala nola, %4, txanda osagarria, mantenimenduko langileen eskaerak eta Santiagoko larrialdien itxiera; eta erretiroa aurreratzeko neurriak martxan jartzea», aldarrikatzen dute sindikatuek.