INFO

Herritarren eta langileen presioari esker pauso bat eman da ebakuntza gelak Bidasoan gelditzeko

Osasun Bidasoa plataformak eta eskualdeko herritarrek egindako presioak lehen fruituak eman ditu. Bidasoko Ospitaleko langile eta erabiltzaileen etengabeko mobilizazioen ondorioz, Osasun Sailak bide bat ireki du kirurgia blokea moldatzeko proiektu gatazkatsuari alternatiba bat bilatzeko.

Osasun Bidasoa plataformak eta Bidasoko Ospitaleko langileek antolatutako manifestazioa, Irunen, joan den otsailaren 19an. (Jon URBE | FOKU)

Lakuako Osasun Sailak bide bat zabaldu du Bidasoko Ospitaleko ebakuntza-gelak bertan gelditzeko. Erabaki hori Osasun Bidasoa herri plataformaren eta erietxeko langileen lanak eragin du. Hauek hasiera-hasieratik onartezintzat jo zuten Gotzone Sagarduiren sailak planteatutako obra proiektua eta protestek ez dute etenik izan.

Lakuaren planak ebakuntza gelak gutxienez 18 hilabetez Onkologikora lekualdatzea ekarriko luke. Kontuan izan behar da Bidasoko Ospitaleak ia 100.000 biztanleri ematen diela arreta eta zerbitzu hori gabe utziko lituzkeela.

Irungo alkatea, Jose Antonio Santano (PSE), Elkarrekin Podemos-IU eta Onkologikoko Enpresa Batzordea pozik agertu dira Osasun Sailak plan horri alternatiba bat bilatzeko lehen urrats bat egin duelako eta lorpena norbaitena bada herritarrena eta langileena izan dela nabarmendu dute. Zorionak eman dizkiete horregatik.

Sagardui buru duen Sailak joan den urrian eman zuen planaren berri eta Bidasoko Ospitaleko langileek erabat baztertu zuten. Traumatologia, Anestesia eta Erreanimazioa, Larrialdiak eta Kirofanoetako Erizainak zerbitzuek idatziak aurkeztu zituzten euren ikuspuntua azalduz. Profesionalengandik herritarrengana zabaldu zen proiektuaren aurkakotasun hori eta Osasun Bidasoa plataforma eratu zen. Ordutik, langileen eta herritarren mobilizazioak ez dira gelditu.

Joan den astelehenean Sagardui Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatearekin bildu zen (EAJkoa bera), egoera aztertzeko asmoz, eta bertan proiektu berri bat egiteko aukera jarri zen mahai gainean. Irungo alkateak, Jose Antonio Santanok (PSE), adierazi du berri ona dela, «hori baita hasieratik eskatu zaion arren egiten ez zuena».

David Nuño Irungo Elkarrekin/Podemos-IUko bozeramailea hala mintzatu da: «Aurrerapausoa da, baina presioa egiten jarraitzeko unea da. Osasun sailburuari eskatzen diogu beste pauso bat eman eta ebakuntza-gelak hemen geratuko direla bermatzeko, hori baita hemengo herritarrek ikusten duten aukera bakarra».

Oroitu duenez, maiatzaren 9an Osasun Bidasoak agerraldia egingo du Gasteizko Legebiltzarrean.

Onkologikoko langileak

Elkarlana sortu da arazoak dituzten erietxeen artean: Bidasoa, Onkologikoa, Basurto, Gasteizko Santiago. Berriki Sagarduiren dimisioa eskatu zuten laurek.

Onkologikoko Enpresa Batzordeak oharra kaleratu du asteazken honetan. Bertan, Bidasoko Ospitaleko langile eta herritarrak zoriontzearekin batera, Osasun Sailaren «antolaketa falta» gaitzetsi eta neurri batzuk galdegin dizkio.

«Bidasoko kirurgia Onkologikora eraman nahi izan dute. Bidasoko erabiltzaileei kalte garrantzitsuak ekartzeaz gain, lekualdaketa hori Onkologikoaren kirurgia jarduera, zehazki Bularreko Unitatea, desegitearen ondotik etorri da. Jarduera osagarri hori hartzeko, tratatutako espezialitateak eta karga kirurgikoa nabarmen murriztu dira azken urteotan. Kirurgia beste ospitale batzuetara bideratu da eta hamarkada askotan Onkologikoa Ospitale Monografikoaren kudeaketa eraginkorra izan dena alde batera utzi da», azaldu du.

Ez hori bakarrik. Esan duenez, Gipuzkoako minbiziaren intzidentziari buruzko datuak «negargarriak» dira. Carlos III.a Osasun Institutuari atxikitako Epidemiologiako Zentro Nazionalaren ikerketak dioenez, Estatu espainiarreko batez besteko hilkortasuna gainditzen dute 25 minbizia mota ohikoenetatik 18tan gizonen kasuan eta 16tan emakumeen artean.

Onkologikoko Enpresa Batzordearen iritziz, horrek zer pentsatua eman beharko lioke Osasun Sailari: «Nola liteke Gipuzkoa, hain zuzen ere onkologiako tratamenduen ospitale monografiok bat duena, minbizia mota gehienen hilkotasunean Estatuko batez bestekoaren gainetik egotea?». Aldarrikatu duenez, «dinamika negatiboak iraultzeko eta minbiziaren diagnostikoan eta tratamendu osoan Onkologikoak zentro monografiko gisa euskal osasun publikoan izan behar duen posizioa behin betiko argitzeko garaia da, Osakidetzan erabat integratuta».

Osasun publikoa kudeatzen dutenei «hain baloratua den Onkologikoko Bularreko Unitatea, Estatuko lehena izan zena, osa dezatela» eskatu dio, Onkologikoaren ezaugarri izan den jarduera osoarekin batera, sendagileen berehalako ekintza, proba diagnostiko, tratamendu terapeutiko eta emaitzak barne.