EAJk Bilbon egingo duen Aberri Egunaren 90. edizioa aurkeztu du Gernikan
Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak eta Joseba Aurrekoetxea Antolakuntza burukideak Gernika-Lumoko Picassoren ‘Guernica’ muralaren ondoan aurkeztu dute EAJ-PNVk igandean, Bilboko Plaza Barrian, ospatuko duen Aberri Eguna.
EAJ-PNVren Aberri Egunaren kartelean, goiburu zehatz bat jarri beharrean, igande honetakoa 90. edizioa izango dela nabarmendu eta lehen ekitaldia 1932an egin zutela gogoratzen da.
Aurkezpenerako Gernika-Lumo aukeratu izana ere erabat lotuta dago jeltzaleek Aberri Egunean zabalduko dituzten mezuekin. Alde batetik, Ukrainako inbasioaren «gaitzespenik sendoena» adieraziko dute. Eta bestetik, EAJ-PNVk «1895ean sortu zenetik Euskadirentzat eskatzen duen askatasun aldarrikapenaren izaera bakezale, demokrata eta humanista sakon eta ukaezina» azpimarratuko dute.
Bilboko Plaza Barriko ekitaldi politikoa 11.30ean hasiko da, eta hizlari izango ditu Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Andoni Ortuzar EBBren presidentea. Pandemiaren eraginez ezarri behar izan zen itxialdiagatik 2020ko jaia bertan behera utzi eta 2021eko jaia formatu murriztuan egin ondoren, honakoa izango da EAJ-PNVrentzat alderdikide eta alderdizaleekin berriro elkartzeko Aberri Eguna.
Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak eta Joseba Aurrekoetxea Antolakuntza burukideak Aberri Eguneko adierazpena ere ezagutarazi dute.
Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena
EBBren testuan oroitzen dute 90 urte bete direla «euskal abertzaletasunak, demokratikoki, Euskadi aberri gisa eta proiektu eta subjektu politiko gisa suspertzea aldarrikatu zuenetik».
Gaur egun, 36ko gerraren amaieratik 85 urte igaro diren arren, «gure inguruan hobiek agertzen jarraitzen dute gudari eta milizianoen gorpuzkiekin, hil egin baitzituzten edo desagertu egin baitziren etxekoek gertakarien edo haien kokapenen berririk izan gabe», azpimarratzen dute. «Gure betebeharra da, giza sakrifizio haren oinordeko garen heinean, beren gorpuzkiak berreskuratzea, identifikatzea, beren senideei itzultzea eta merezi duten ohorea ematea».
Munduari begira, EAJk Ukrainaren inbasioa «erabat justifikaezina» dela azaltzen du eta «egiten ari diren gerra krimenak» gaitzesten ditu. «Irpín, Járkov, Mariúpol eta Kiev-en antzeman dugun izuan ikusi ditugu Gernika, Durango eta Otxandioko bonbardaketak. Ukraniar agintarien adore eta sendotasunean ikusi ditugu Agirre Lehendakariaren konpromiso eta lidergoa, bai eta zeukaten guztia sakrifikatu zuten euskal herritarren belaunaldiarenak ere».
«Poloniara edo Moldaviara iritsi diren errefuxiatuengan ikusi ditugu gurasoengandik aldenduta itsasontzietan Ingalaterrara, Frantziara, Belgikara eta Sobiet Batasunera eraman zituzten umeak. Eta gaur izen ona eta ospea zikintzeko, manipulatzeko eta desinformatzeko egiten diren saiakeretan, erasoaren zerbitzura jartzen den ‘gerra hibridoaren’ elementu gisa erabiltzen direnetan, antzematen ari gara antzinako gezurrak», eransten dute.
«Birusak eragin zuen krisiaren amaiera hurbiltzen ari zela uste genuenean, beste zartako batek, oraingo honetan gerraren bidez etorri denak, ondorio ekonomikoak ekarri» dituela ere esaten dute. «Atzeraldirik gertatu ez bada ere, gure bizi kalitatea hobetzeko aurreikuspenetan desazelerazioa ikusi dugu (…) Hori arindu egin beharko da, gizarte kohesioa bultzatuko duten eta gure produkzio sarea giharrez hornituko duten proposamenak eta neurriak gidatuko dituen sektore publiko baten eskutik».
Gaineratzen dutenez, gaurko globalizazioak, pandemiarekin eta urrutiko merkatuekiko menpekotasunarekin, argi eta garbi erakutsi die kostuak merkatzeko produkzioa kanpora eramateak menpekotasun handia eragin dezakeela osagaien eta lehengaien hornikuntzan. Horregatik ikusten dute «hain garrantzitsua gure etorkizuna erabaki ahal izatea».
«Argi baino argiago dugu zein izango den gure azken portua, gure xedea: gure herria bere patuaren jabe izatea Europa eta munduko gainerako herrien antzera, egoera berdinean. Hori esanda, orain galdetu beharko genuke zein izango diren euskal abertzaletasunak landu beharko dituen erronkak, zain ditugun ur nahasietan nabigatzeko. Hiritargoari entzutea dagokigu, berriz ere», diote.