Ernai, Arran eta Ógra Sinn Féin, prozesu independentistetan gazteen paperaz mintzo
Gazte Martxa Iruñeara heldu bitartean, Elizondo da aktibismoaren epizentroa. Larunbata goiz honetan hitzaldi batean jarri dugu arreta: ‘Prozesu independentistak Europan gazteen ikuspegitik’. Kataluniako Arran, Ernai eta Irlandatik hurbildu den Ógra Sinn Féin batu dira hitzordura.
Nagiak kenduta eta eguneko aurreneko kafea eskuartean, gazte andana gerturatu da larunbata goizean Akeita Gunera. Elizondon Gazte Martxak aurrera darrai egitarau oparoarekin eta ezagutzak eta esperientziak partekatzeko parada bikaina eskaintzen zuen eguneko lehenengo hitzaldiak. Zein da gazteek duten ikuspegia Europan ematen ari diren prozesu independentisten inguruan? Zer dute esateko eta eskaintzeko?
Mahaiaren bueltan hiru erakundetako hiru ordezkari batu dira. Marina Gispert, Kataluniako Herrialdeetatik etorria, Arranen bozeramaile gisa; Ainhoa Bueno, Ernairen ordezkaria; eta Oisin Ó Síocháin, Ógra Sinn Féin gazte erakundeko kidea.
Hitzaldia lau galderen bueltan garatu da, eta besteak beste, burujabetza, langile-klasea, hizkuntza, feminismoa eta kontzientzia aipatu dira. Bide luzea da egin dena, eta aurretik egiteke dagoena ez da makala. Etorkizun hori eraiki ahal izateko aipatu dute aliantzen garrantzia, batek bestea eragin dezakeelako, pieza batek bestea aktibatu.
Burujabetza zertarako galdetuta, Marina Gispertek azpimarratu nahi izan du nazio borroka langilegoaren borrokarengandik banatuezina dela. «Estatu espainiarra estatu liberal batean oinarritzen da, eta frankismoaren oinordea da. Herri ezberdinak eta bakoitzaren kulturak xurgatzeaz arduratu da. Nazio borroka ezinbestekoa da, are gehiago, zimenduak mugitzeko gai den bakarra. Borroka hau langilegoak zuzendu behar du».
Ernaik burujabetzak pluralean ulertzen ditu. Gorputzeko burujabetasuna, ekonomiarena, lurraldearena… «Helburua estrategikoa da, eta hiru dira elementu nagusiak: independentzia, sozialismoa eta feminismoa –adierazi du Ainhoa Buenok–. Lurraldearen burujabetasuna palanka gisa kokatzen dugu guk, burubajetza batek beste bat irekitzen duelako».
Oisin irlandarrarentzat, adibidez, nazio askapena estuki lotuta dago aldaketa sozial eta politikoekin, eta beste elementu nuklear bat erantsi du, bere ustez gakoa dena: hizkuntza eskubideak. Herri baten DNA ere hor baitago.
Baina nola eraiki prozesu burujabe hori? Gispertentzat, mugimendu gisa ezin da kolpe bakarraz eman, apurka apurka eta helduleku ezberdinetatik. Kontzientziazio politikoa borroka anitzetan elikatzen dela iritzita, «batasun popularra» estrategia gisa aipatu du. Haien kasuan, arazo nagusien artean «nazio osoa» marraztu ahal/nahi izatea da. Herrialde Katalanak aipatu ditu: Principat de Catalunya, Països Valencians, Balears, Franja d'Aragó eta Catalunya Nord, azken hau Estatu frantsesaren eremuan.
«Banaketa hau ez da kasuala –salatu du–. Geroz eta zati gehiagotan banatu, zailagoa da berreraikitzea. Eta desorekak izugarriak dira batetik bestera. Adibidez, Katalunia Nord deitutako eremuan gure hizkuntza istripuz suertatzen den zerbait da. Hori da gakoa: hizkuntza bat ezabatzen duzunean, zaila da ulertaraztea gure lurraldearen borroka zein den». Zentzu horretan Oisinek hizkuntzaz esandakoarekin bat etorri da Arraneko kidea.
Buenoren ustez, aldaketarako aukerak norberaren esku daude, borondatean, jarreran. «Alternatiba errealak mahai gainean jarriaz eta botere guneak zalantzan jarriaz» bidea egin. «Guk ere lurralde zatiketa pairatzen dugu» tamaldu da. Prozesuan izan/egin daitezkeen «kontraesanak» aitortuz, Ernai-tik «benetako aldaketa» planteatzen dela hitz eman du, «proposamen integrala» dela beraiena. «Nazio kutsuaren beherakada eman dela akaso… independentismoa edukiz eta alternatibaz hornitu behar dugu, hobeto bizitzeko tresna bezala ulertzen dugulako», amaitu du.
Gaztaroa, militantziarako sasoia
Burujabetzarako nahiak batzen ditu denak, baita gaztetasunak ere. Grina eta gosea, mundua hobetu nahi izateko kontzientzia. Arran erakundearentzat, adibidez, ez da kasualitatea militantzia gaztetan hastea, izan ere hori baita bizitzako etaparik bizienetakoa, zentzu askotan. «Gaztaroa kontzientziaziotik pasatzen den aro bitala da, eta orduan ulertzen da, adibidez, zergatik diren beharrezkoak sozialismoa eta feminismoa. Oso garrantzitsua da gazteengan eragin ahal izatea, eta gazteria izan dadila kaleak hartzen dituena», uste du.
Eslogan batetik urrundu nahi izan du baieztapena egitean, baina hala uste du: «Gutxi daukagu galtzeko, eta asko irabazteko. Saiatzeak bakarrik merezi du».
Gauza bakarraz tamaldu da Gispert: militantzia gaztarora mugatzea, salbuespenak salbuespen. «Erreferente helduak falta dira». Asko izango dira gaztetan aktiboki aritu diren gurasoak, militante izan direnak, baina bizitzako uneren batean utzi egin diote.
Buenok euskal gazteria elikatzeko iturriak aipatu ditu, direla ikastetxeak, gaztetxeak, emakumeen osatutako sareak eta bestelako taldeak. «Zalantzarik gabe, gazte mugimendua da dugun gauzarik baliotsuena». Eta bide hau kolektiboan eta batasunetik eraiki ahal izatea da, Ernairentzat, gakoa. Edo behintzat gakoetako bat.
Beste behin Oisin Ó Síocháin kideak eman du bestelako eredu baten adibidea, izan ere, oroitu duenez, ordezkatzen duen gazte erakundea Sinn Féin alderdi politikoaren adar bat da. «Batasun» horren inportantzia azpimarratu du berak ere. Eta zentzu horretan, Gispertek faltan botatzen duen erreleboa naturala dela esan du irlandarrak. «Gazteak eta helduak batera ari gara, etengabe».
Kataluniak, Euskal Herriak eta Irlandak jarri dituzte mahai gainean haien zailtasunak eta errealitateak, baina abaguneak abagune, zenbat elkarreragin dezaketen jakitun azaldu dira. Lehen urratsak nork bere etxean eman behar ditu, hori argi gelditu da, zeren gertuko urrats horiek gabe nekez helduko dira urrutiagorako urratsak. Prozesu batek beste bat xaxatu dezake, horregatik dira baliotsuak eta baliagarriak «aliantzak».
«Herri baten aurrerapenak beste herri baten prozesua bultzatu dezake –uste du Buenok–. Kataluniako prozesuak edo Irlandak erakutsi digute independentzia egingarria dela, posible dela eredua, finean. Herri ezberdinak gara, bai, baina borroka beraren parte». Zuhaitz beraren adaxkak. Hauek lehortu ez daitezen, enborra da ureztatu behar dena.