INFO

Estatu frantsesaren erasoei erantzuteko, Herri Urratsek dei nazionala egin die euskaltzaleei

Euskal komunitateak dei berezia jaso du maiatzaren 8an Senperera hurbiltzeko, aurtengo Herri Urrats aldarrikapenaren festa ere izanen delako. Estatu frantsesaren erasoen aurrean euskararen alde dauden milaka pertsonek sostengua beharrezkoa baita. Programazio berezia prestatu dute.

Herri Urratseko Nafarroa guneak milaka jende biltzen ditu beti. (GUILLAUME FAUVEAU)

Herri Urrats berezia izanen da maiatzaren 8an Senperen ospatuko dena. Pandemiaren ondorengo lehena izateaz gain, aldarrikapen eguna ere izanen baita. Estatu frantsesak euskarazko hezkuntzaren kontra egin duen erasoei erantzuteko, dei nazionala egin diote euskal komunitateari. Programazio berezia prestatu dute aurten.

«Sostenguaren eta itzuleraren festa izateaz gain, aurtengo edizioa berezia izanen da euskaraz bizitzeko aldarrikapena eta azterketak euskaraz egin ahal izatearena ere presente egonen direlako, eta horretarako mobilizazio egun nazionala izatea nahi dugu» adierazi du Koldo Rodrigez Akarregik, Herri Urratseko koordinatzaileak.

Hori dela eta, dei berezia egin dutela gaineratu du: «Erakusteko euskaraz bizitzea ez dela bi lagunen kontua, baizik eta milaka pertsonena, jaia eta festa batuko ditugu».

Azterketak euskaraz egin ahal izateko aldarrikapenak kolpe handia jaso zuen joan den astean Anne Bisagni Faure Bordeleko Hezkuntza Nazionaleko Errektoreak ezezko biribila eman zielarik Seaskaren eskaerei. Berarekin hitzordua lotu ahal izateko, Hezkuntza Ikuskaritzaren Ipar Euskal Herriko hiru egoitzak okupatu behar izan zituzten Seaskako gurasoek eta langileek, eta hemendik goiti ere desobedientzia zibilek jarraituko dutela aitzinatu dute.

Bide horretan Rodrigez Akarregik Herri Urratsen garrantzia nabarmendu du: «Errektorearen ezezkoaren ondoren, eta gero etorriko diren desobedientzia bideei sostengua emateko era jendetsua izan dadin egiten dugu deia».

Deskontrolen eta Skakeitanen biren hasierak Senperen


«Bi urte Herri Urrats izan gabe egon ondoren, programazio indartsua egin nahi genuen, eta egia esan gauza oso potenteak lortu ditugu, besteak beste bi musika talderen biren hasiera» baieztatu du koordinatzaileak.

Urte batzuk badira Deskontrol ez dela eszenatokietara igotzen, eta 25. urteurrena ospatzeko nazioarteko bira abiatuko dute, Herri Urratsen emanen diote hasiera.

Skakeitan taldearen biraren hasiera ere izanen da; bira berezi horren berri hil honen 26an egingo duten aurkezpenean emanen dute.

Willis Drummond talde ezagunak ere joko du bertan, eta lehen aldiz Ipar Euskal Herriko agertoki batera igoko dira Aguraingo Dupla taldeko kideak.

Dantza da Herri Urratsen berezitasuna beste ikastolen bestengandik bereizten duena. Honi eskainitako gunea aldatuko dute espazio gehiago emateko, Gipuzkoa gunean izanen da; bertan «kalitatezko dantza ikusteko aukera» izanen dela nabarmendu du Rodrigez Akarregik.

Xabi Solanorekin ari den Kimua dantza taldeak ‘Generoa’ lana aurkeztuko du; generoari buruzko gogoeta den obra lehen aldiz izanen da Ipar Euskal Herrian.

Bestalde, Estitxu Robles Arangiz Baionako kolegioak Dantzaz taldearekin daukan hitzarmen bereziaren baitan Seaskako ikasleek prestatu proiektua lehen aldiz taularatuko dute.

Aurten indar berezia egingo da eraso sexisten kontra eta segurtasuna zaintzeko. Duela urte batzuk talde ubela sortu zuten, baina aurten hobetuko da, izan daitezken erasoei aurre egiteko.