Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenerako kongresu bat antolatu dute ikertzaile ospetsuekin
Gernika-Lumoko Udalak memoria, legeria eta historiografiari buruzko kongresu bat antolatu du bonbardaketaren 85. urteurrenerako, EHU, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroa eta Gogora lagun. Bestalde, Gernika Gogoratuz elkarteak 32. Kultura eta Bakearen Jardunaldiak egingo ditu.
Memoria, legeria eta historiografiari buruzko lehendabiziko kongresua apirilaren 27tik 28ra izango da, Elai Alai aretoan, Gernikako bonbardaketaren 85. urteurreneko ekitaldien barruan. Udalak antolatu du, EHU, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroa eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua lagun.
Aurkezpenean azaldu dutenez, «iraganeko gertaera traumatikoen biktimen eta narratiba tradizionaletatik kanpo geratu zirenen memoria diskurtso historikoan txertatzeko» beharretik jaio da kongresua. «Adostasun zabalak ehundu dira indarkeria politikoen biktimek egia jakiteko duten eskubideari buruz, baita, zailtasun handiagoz, haien memoriari eusteko betebehar sozialari buruz ere. Testuinguru horretan, indarra hartu du belaunaldi gazteei hezkuntzan memoria helarazteko beharraren kontzientziak».
Biltzarra publiko orokorrari zuzenduta egongo da, eta 14 ikertzaile ospetsu bilduko ditu, tartean Francoren eta Juan Carlos Borboikoaren biografoa, Paul Preston; Angel Viñas espainiar historialari, ekonomialari eta diplomatikoa; Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendaria, Xabier Irujo, eta Lourdes Herrasti irakaslea.
Gernika sariak
Asteartean, apirilak 26, duela 85 urte Gernikako bonbardaketa gertatu zen egunean, tragedia hura oroitzeko ekitaldiak egingo dira. Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, eguerdian, ‘Bakearen eta adiskidetzearen aldeko Gernika sariak’ jasoko dituzte Bakearen Nazioarteko Brigadak, ‘Kids Guernica’ nazioarteko proiektuak, WILPF Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Elkarteak eta Gernikako Calzada Egoitzako zaintzaileek.
15.45ean, ‘4 minutu ekimena’-ren txanda izango da, kanpaiekin eta sirena hotsarekin. Segidan, loreak eskainiko dizkiete bonbardaketaren biktimei, Zallo hilerrian.
Programaren barruan Astrako babeslekuari (Goikoibarra kalea, 1) balioa emateko proiektuaren aurkezpen ekitaldia ere sartu dute. Asteazkenean, apirilak 27, egingo da, eta bertan izango dira Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatea eta Beatriz Artolozabal eta Bingen Zupiria Lakuako sailburuak.
Bakearen geopolitiken inguruko jardunaldiak
Bestalde, Gernika Gogoratuz elkarteak 32. Kultura eta Bakearen Jardunaldiak egingo ditu, apirilaren 25etik 27ra, Gernika, Donostia eta Bilbo artean.
Apirilaren 25ean, astelehena, 16.00etan, Gernika-Lumoko Elai Alai Aretoan ‘Feminismo baketsuak 100 urte’ erakusketa inauguratuko dute, WILPF bakearen eta askatasunaren aldeko emakumeen nazioarteko GKEarena, eta bertan izango da Laura Alonso WILPFeko Estatu espainiarreko presidentea.
Jarraian, ‘Bakearen Geopolitikak’ jardunaldiak hasiko dira, kultur etxean. Bertan, bakeari eta gerrari buruz hausnartuko dute Manuela Mesa, Tica Font, Carmen Magallon, Heidi Meinzolt eta Joy Onyesoh WILPFeko kideek. Saioa erdi presentziala izango da eta Youtube bidez emango da itzulpenik gabe. Izena ematea doakoa da.
Astearte arratsaldean, EHUren Donostiako Ibaetako campuseko Zuzenbide Fakultatean, Europar Batasunak eta Afrikak dituzten harremanak jorratuko dituzte, migrazioak eta gatazkak, Itziar Ruiz Gimenez eta Teresa Cunha adituek. Hibai Arbide eta Oriol Puig-en ‘Tombes de Sorra’ (hondarrezko hilobiak) dokumentala ere ikusten ahalko da, eta Arbiderekin komentatu.
Hurrengo egunean, asteazkenean, goizean, Zuzenbide Fakultate berean, Europar Batasuna eta Ukrainako gerra aztertuko dituzte Arbidek berak, kazetaria eta Muzungu ekoizpenen kidea; Ana Villellas Escola Cultura de Paueko ikertzaileak, Victor Pozas, Hegoako kide eta EHUko irakasleak eta Maria Villellas Escola Cultura de Pauko ikertzailea eta Estatu espainiarreko WILPFeko zuzendariordeak.
Arratsaldean, Bilbon segituko du egitarauak, Sarriko campuseko Hegoa Zubiria Etxean. Mozambikeko Cabo Delgadoko ekintza humanitarioaren eta bakearen eraikuntzaren ikuspegi kritikoak ezagutaraziko dituzte Teresa Cunha CES-Coimbrako Unibertsitateko ikerlariak eta Beñat Arzadun Mozambikeko Mundukide Fundazioko kooperanteak.