INFO

Yulema Corresek beste bi urtez luzatu du hitzarmena Athleticekin

Aurrelari gasteiztarrak beste bi denboraldi gehiago emango ditu klub zuri-gorrian eta eta 2024an hamar denboraldi bete lezake Athleticen elastikoa defendatzen. Denboraldi honetan 18 partida jokatu ditu eta 5 gol sartu ditu. Orotara 187 partida jokatu ditu Athleticen daramatzan zortzi denboralditan. 

Yulema Corresek 2024. urtera arte luzatu du hitzarmena Athleticen. (ATHLETIC CLUB)

Athletic Clubek eta Yulema Corresek 2024ko ekainera arte luzatu dute aurrelariaren kontratua. 30 urteko futbolari gasteiztarraren hitzarmena ekainean amaitzen zen. Corres 2014an iritsi zen Lezamara, CD Aurrera de Vitoria taldetik, eta laster nabarmendu zuen golegile gisa. Azken Ligako titulua lortu zen urtean (2015-2016) 14 gol sartu zituen. Hala ere, bere markarik onena 2016-2017. denboraldian izan zen, 18 gol erdietsi baitzituen. 

Gasteiztarra «pozik» agertu da hitzarmena beste bi urtez luzatzeagatik. Zoriontsu dago Athleticek erakutsitako konfiantzagatik eta hori zelaian itzultzea espero du. «Zelaian ahalik eta gehien ematen saiatuko naiz taldearen helburuak lortzeko», adierazi du klubeko kameren aurrean. 

2024. urtean, gainera, 10 denboraldi bete lezake Athleticen elastikoa defendatzen: «Zifra hori ez du edonork lortzen Athletic bezalako klub batean». «Oso gazte iritsi nintzen, Aurrera Bigarren Mailan zegoen orduan eta jauzi handia izan zen», oroitzen du. Iritsi bezain laster, golegile bezala nabarmendu zen baina onartu du orain beste rol bat daukala, apur bat atzerago jokatzen duela eta jokoan gehiago parte-hartzen duela. 

Denboraldi honetan 18 partida ofizial jokatu ditu eta guztira 5 gol sartu ditu. Lesioek eragozten ez badute –2018-2019 denboraldia gogorra izan zen gasteiztarrarentzat–, 200 partidatik gorako marketan ibiliko da (187 daramatza) hurrengo denboraldian.