INFO

Plazara atera dira Baionan eskuin muturrari bidea ixtea galdetzeko

Gizarte zibileko eta sindikalismoko dozena bat eragilek eginiko deialdiari jarraituz eskuin muturrari buru egiteko elkarretaratzea egin zuten Baionan. Bezperan, berriz, dozenaka hautetsik parte hartu zuten igandean Emmanuel Macronekin lehiatuko den Marine Le Penen aurkako bozketa sinbolikoan.

Dozenaka herritarrek bat egin zuten Le Penen aurka deituriko mobilizazioarekin, atzo arratsaldean, Baionan. (Bob EDME)

Frantses Presidentetzarako bozetako bigarren itzuliaren atarian eskuin muturraren aurkako elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Baionan. 18.00ak jota dozenaka lagun elkartu ziren Askatasunaren Plazan eskuin muturraren aurka eta justizia eta berdintasun sozialaren alde antolaturiko jende bilkurarekin bat egiteko.

ATTAC, CGT, FCPE, FSU, LDH, Ligue de l'enseignement, MRAP, SAF, NousToutes, Solidaires eta Solidaires Etudiant.es eragileek agiri bateratua plazaratu zuten mobilizazioaren atarian. Adierazpen horren bidez, lehenik eta behin, deitoratu zuten «inoizko boto kopururik handiena lortu ostean» eskuin muturra berriz ere izanen dela Presidentetzarako bozen bigarren itzuli batean. Era berean, Marie Le Penek ordezkatzen dituen ideiak «boterera heltzea saihesteko beharra» nabarmendu zuten.

Eskuin muturraren gorakadaren atzean «arrazoi zaharrak eta askotarikoak» badirela aitortu zuten, preseski frantses Estatuan «azkeneko urteotan garaturako muturreko politika liberalak» jomugan ezarriz.

Gizartearen alor ezberdinetan jarduten duten elkarte eta sindikatuetako ordezkariek oroitarazi zutenez, Emmanuel Macronen gobernu kudeaketak «injustizia eta gizarte desberdintasunak» areagotu ditu. Horrendako, orain arte bezala, «aurrera begira ere, etsipenean erori gabe, politika horiek salatzeko engaiamendua» berretsi zuten.

«Gure balioak berrestea»

«Gaur egun urgentzia bestelakoa» dela iradokiz, «batzen gaituzten ideiak eta balioak» babesteko deia zabaldu zuten atzo eginiko protestaren bidez.

Demokraziaren oinarrizko balio horiekin «guztiz bateraezinak» direla eskuin muturreko mugimenduek defendatzen dituzten «gorrotoa, xenofobia, demagogia nazionalista eta besteen aurkako jarrerak» adierazi zuten. «Askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna» frantziar Errepublikaren goiburua «inoiz baino gehiago erdigunean egon behar» dela defendatu ondoren, «izaera eta jardueren aniztasuna aintzat hartuta etorkizun komuna eraikitzeko bokazioa» berretsi zuten.

Justizia soziala, eskubide berdintasuna, eztabaida demokratikoa, Errepublika laikoa eta elkarkidea, eta askatasunak bermatzea xede duen zuzenbide estatuaren aldeko engaiamenduak aletu zituzten ondoren mobilizazioaren sustatzaileek. «Eskuin muturrak boterea hartuko balu anbizio komun hori lanjerean» egongo litzatekeela ohartaraziz, Baionan bildutako lagunek eskuin muturraren aurkako mezua zabaldu zuten. Azken egunotan frantses Estatuko hiri ugaritan egin dira antzeko agerraldiak.

Atzoko elkarretaratzea ez da, ordea, Iparraldean egindako ekimen bakarra. Hala, ehundik gora hautetsik eskuin muturraren aurkako bozketa sinboliko batean parte hartzeko deia zabaldu zuten asteazken arratsaldean. Familia politiko ezberdinetako 40 ordezkarik parte hartu zuten Michel Portal antzokian gauzatu zen galdeketan. Hala, Modem, LR, Martxan edo PSko hautetsiak lotu ziren ekimenera.