INFO

Otañoren sasoiak dema eta Arria V.aren apustu gogoak eraman ditu Azpeitiko zezen plazatik

Beizamarrak 46,57 minutu behar izan ditu ebaki beharreko 20 kana-erdikoak mozteko eta errezildarrak 5 minutu eta 40 segundu gehiago.

Otaño eta Arria V.a, apostua amaitutakoan jendea agurtzen. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Hau bizi legea da, ikusi da hauek sasoia dutela eta ni makalduta nago pixka bat eta zer egingo zaio, gazteei paso eman, hauek ikusten gozatu eta ez dago besterik. Hau nik uste kolpe erabakigarria izango da, niri kale edo bale jokatzea gustatzen zait, baina dagoeneko ez dauzkat 30 urte, gerri dela edo belauna dela, beti ezinean eta horrela ez dago hobetzerik». Apustua galdu berritan, berotan,  egindako adierazpenak izanagatik, Arria V.ak egindako aitorpenak errezildarrak atzo Azpeitian jarritako 5.000 euroak baino gehiago galdu duela agerian utzi du, halako desafiotan aritzeko gogoa edo har hori ere joan baitzaizkio halako 30 dema baino gehiago jokatua dituen kirolariari.

Hasterako ere bazekien Xabier Orbegozok lan zailak hartuak zituela aizkolari txapelketan hirugarren izan zen Eneko Otañori halako hordagoa jota, dirua ere doblean irten da beizamarraren alde, baina halakoetan pilatutako esperientzia nahiko izan zitekeenaren konfiantza ere bazuen nonbait. Usteak erdia ustel, ordea. Lehen enborretik bere burua atzetik ikusi eta lan erdietara hainbestean eusti ostean, azkenerako ia sei minututako aldea atera zion Otañok ebaki beharreko 20 kana-erdiko lana amaitzen.

Hasi eta buka

Azpeitiko plazan bazen ikusminik Urola aldeko derbian gerta zitekeena ikusteko, baina hasterako argi geratu da Otañok beste sasoi puntu bat duela. Bakoitzak plazara berak emandako enborretatik hasi bazen ere, lehen kana-erdikoan 17 segundotako aldea atera dio beizamarrak errezildarrari. 1.15ean ebaki du lehen enborra Otañok eta 1,32 behar izan ditu Arria V.ak.

Eta hasierako urduritasunak baretzen joan den heinean, Otañok aldeak areagotu baino ez ditu egin. Bosgarren kana-erdikoan ia minutukoa izan gazteenaren aldeko aldea –9.28 eta 10.20– eta lan erdietarako errezildarraren desabantaila ia bi minututakoa  –21.04 eta 22.56–.

Lan erdietara arte hainbestean eusti badio ere, beti izaten da aurkariari korapilo bihurriren batek lanak ondoratzeko esperantza, lana pilatzen joan zaien eran buruak ere bere lana egin du eta aldeak handitu baina ez dira egin.

Garailea nor izango zen argi izanda, markak hartu du demaren interesa. Baziren lanak 45 minutuz azpitik egingo ote zituztenaren inguruko apustuak, baina azkenerako, egur bihurriren bat eta emoziorik eza tarteko, irabazleak 46,57 minutu behar izan ditu 20 kana-erdikoak mozteko, 52,37 plazan bere azken enborrak izan daitezkeenak ebakitzeko Arria V.ak.