INFO

ELAk 541.600 lan prekarioen aurkako borroka lehenetsiko du Maiatzaren Lehenean

Bizitzaren garestitzearen eta 541.600 lan prekarioen aurkako ekimen eta kanpainetan murgilduta helduko da LAB aurtengo Maiatzaren Lehenera, eta horregatik ‘Borrokan ari gara-Acabemos con precariedad’ leloa hautatu du.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Leire Txakartegi antolakuntzar arduraduna. (Gorka RUBIO | FOKU)

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Leire Txakartegi antolakuntza arduradunak prentsaurrekoa eman dute gaur astelehenean Maiatzaren Lehena ospatzeko sindikatuak antolatutako mobilizazioak aurkezteko. ‘Borrokan ari gara-Acabemos con precariedad’ leloa hautatu dute eta bizitzaren garestitzearen eta 541.600 lan prekarioen aurkako borroka lehenetsiko dute.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu dituzte manifestazioak: Bilbon 11.30ean Jesusen Bihotzetik; Donostian 11.30ean Alderdi Ederretik; Iruñean 11.30ean Gurutze plazatik; eta Gasteizen 12.00etan Andra Mari Zuriaren plazatik.

Lakuntzak salatu duenez, enpresek inoiz baino mozkin gehiago izan dituzte 2021ean, «baina gobernuek soldatak ez igotzeko deia egin dute». «Errenta-ituna deitzen diote. Zer da hori? Mahai batean patronalarekin eta gobernuekin eseri soldatak igo ez daitezen. ELAk ez du errenta-itunik sinatuko langileak pobreagoak izan daitezen. Bizi dugun une honetan milaka pertsona egoera prekarioan daude, soldaten defentsa (KPIaren igoera) eta emakumeek pairatzen duten soldata-arrakalarekin amaitzea dira sindikatuaren borroka nagusietako batzuk», azaldu du.

Era berean, ELAk salatu du Hego Euskal Herrian 541.600 langile baino gehiago egoera prekarioan daudela (407.300 EAEn eta 134.330 Nafarroan). Emakumeak errealitate hori gehien jasaten dutenak direla nabarmendu du eta enplegu prekario horiekin amaitzea dela sindikatuaren «zeregin nagusia».

«Iruzur baten» alde anitzak

Etxebizitzaren egoera ere nabarmendu dute dute ELAko kideek: «Espekulazioari oztoporik jarri gabe, 80.000 etxebizitza hutsik daude eta alokairu sozialeko parke publikoa hutsala da, eta etxebizitza bat eskuratzea gero eta zailagoa da biztanleriaren parte handi batentzat».

«Iruzur baten aurrean gaude. Ura, eguzkia eta haizea gasaren prezioan ordainarazten dizkigute. Iruzurgileei iruzur egiten uzten zaienean, horixe egiten dute, jende arruntari iruzur egin. Energia-enpresak etekin historikoak lortzen ari diren bitartean, Sanchezen, Urkulluren edo Chiviteren gobernuek ez dute inolako neurririk hartu espekulazioarekin edo energia-enpresen mozkin lotsagarriekin amaitzeko. Beste behin ere, politika botere ekonomikoaren menpe dago», esan du Lakuntzak.

Horregatik, 2022ko Maiatzaren Lehen honetan gogorarazi nahi izan dute botere sindikala sortzeko «antolatzea dela edozein militante sindikalen zeregin nagusia eta ekarpenik onena».