Unai Laso ez da kate motzean eraman daitekeen pilotari horietakoa (10-22)
Iñaki Artolak oso ondo hasi du partida, pilotari altuera eman eta ezker pareta bilatuz, jokoa moteldu eta Bizkarretakoa deserosotuz, baina nafarrak partidari erritmoa jarri dionean ezin izan dio jarraitu.
Artolak duela bost urte leku berean jarri zion tranpatik ihes egin eta Unai Lasok final-laurdenetako ligaxkako bere lehen puntua eskuratu du Zumaian, alegiarrari 10-22 gailenduta. Hori bai, Artola on baten aurka, partidaren lehen erdian sufritzea egokitu zaio aurrelari nafarrari, une batzuetan lotuta izan du eta gipuzkoarrak.
Azken hilbeteetan lehen mailako lehiaketarik jokatu gabe, bazen Iñaki Artolaren inguruko zalantzarik, baina alegiarrak itxura ederra eman du lehen tanto horietan, kolpez fresko eta ideiak oso argi zituela kantxaratu baita. Ez zeukan ezer asmatu beharrik, duela bost urte frontoi berean Lasorekin erabilitako taktika bera erabili du hasieran, hau da, pilotari altuera eman eta paretara baztertu eta partidari erritmo lasaia emanaz, aurkaria kate motzean lotuz. Horrela, eta sakearekin asmatuta, lortu du alegiarrak partidan aurre hartzea 4-2.
Baliabide gehiago
Kontua da, gaur egungo Lasok eta orduko hark ez dutela antz handirik eta lster topatu du Bizkarreta-Gerendaingoak ataka horretatik irteteko modua. Honek ere ez du ezer berririk asmatu behar izan, bere izaerari lehial izan eta ausart jokatzea izan da erremedioa. Eskuinak ere oso ondo funtzionatu dio pilota luzatzerako orduan.
Arriskuak hartu arren, Lasok bere akats kopurua asko murriztea lortu du azken urtean eta, partidari elektrizitatea sartuz, beste martxa bat sartuz, Artolaren soka hausteko gai izan da. 9-1eko partzial batekin, deis tantotako abantailarekin heldu da lan erdietara (5-11).
Eta Artola jokatzeko zegoen arren, hortik aurrera Lasok ez du arazo handiegirik izan alde hori kudeatzeko, nahiz eta Artola 8-12 ere gerturatu zaion. Izan ere, markagailuan atzetik joanda, alegiarrari partida hasieran erakutsitako sendotasuna falta izan zaio aurkaria gehiago estutzeko. Fisikoki eta kolpez ondo ikusi dugun arren, sakez ez du berriz ere minik egin, jokaldiren batean ere ez du zorterik izan bote txarren batekin edo Laso guratztu zaion 7-12koan kasu.
Eta gauzak ondo egin dituenean ere, Unai Lasok jokaldi harrigarriren bat topatu du, bukaera aldera zabalera jo dituen bi gantxo milimetrikoak adibidez, libre hegan egiteko.
Emaitza hauekin, hurrengo jarunaldia ere erabakita geratzen da eta Iñaki Artolak ostiralean jokatuko du Rezustaren aurka Oiartzunenen eta Laso eta Erik Jakak larunbatean neurtuko dituzte indarrak Labriten. Errekuperatzeko oso denbora gutxi izango du Alegiarrak eta aurkezpenean egin bezala, kritiko agertu da lehiaketa sistemarekin.
FITXA TEKNIKOA:
Artola: 10
Laso: 22
Pilotakadak: 224. Iraupena: 51,30 minutu. Markagailua: 0-2, 4-2, 4-7, 5-7, 5-11, 7-11, 7-12, 8-12, -15, 9-15, 9-19, 10-19, 10-22. Sakeak: 2 Artolak eta 2 Lasok. Egindakoak: 5 Artolak eta 14 Lasok. Galdutakoak: 6 Artolak eta 3 Lasok. Gorabeherak: Sarrera oso ona, 631 ikusle Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Mikel Artola aritu da Iñaki anaiaren botilero lanetan eta Jon Mariezkurrena Unai Lasorekin.