INFO

Urtebete da Burkina Fason David Beriain eta Roberto Fraile kazetariak hil zituztela

Urtebete da David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetariak Burkina Fason hil zituztela, iazko apirilaren 26an, legez kanpoko ehizari buruzko dokumental batean lanean ari zirela. Hipotesi nagusiaren arabera, yihadista talde bat izan zen atentatuaren egilea.

Urtebete da David Beriain eta Roberto Fraile kazetariak hil zituztenetik. (Europa Press)

Arancha Gonzalez Laya Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetako, EBko eta Lankidetzako ministroak konfirmatu zuen biharamunean, 2021eko apirilaren 27an: David Beriain artaxoarra, eta Roberto Fraile barakaldarra Burkina Fason hil zituzten. Hegazkin militar batean batean ekarri zuten lehenengoaren gorpua Euskal Herrira, eta bigarrenarena Valladolidera, bertan bizi baitzen.

Burkina Fasoko agintariek herrialdeko parke naturalak legez kanpoko ehizatik babesteko egindako ahaleginei buruzko dokumentala grabatzen ari ziren Beriain eta Fraile. Biak desagertuta zeuden, irlandar batekin —Rory Young, Chengeta Wildlife GKEaren sortzaileetako bat, ezkutuko ehizari aurre egiten aritzen zena—, pertsona armatuek Kompiengako probintzian (hego-ekialdean) isileko ehizaren aurka borrokan ari zirenen kontra egindako eraso baten ondoren.

Egiletza, konfirmatu gabe

Hiruen heriotza baieztatu zen egun batzuetara; 2021a bi hamarkadatan kazetari gutxien hil zituzten urtea izateak ez zituen bi euskaldunak salbatu. Nusrat al-Islam erakunde yihadista erradikalak hartu zuen bere gain atentatuaren egiletza, baina hau konfirmatzeke dago egun.

Madrilek «terrorista yihadistak» seinalatu zituen. Eta, egun gutxira, Burkina Fasoko segurtasun-gorputzek yihadistek egindako eraso baten berri eman zuten, David Beriain eta Roberto Fraile kazetariak hil zituzten eremu berean.

2021eko maiatzean, Interpolek txosten bat bidali zion Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari, David Beriain eta Roberto Fraileren hilketari buruzko xehetasunak ematen zituena. Zehazki, talde yihadistetatik hurbil dauden 'bot'en mezuak aurkitu zituen. Mezu horietan adierazi zuten kazetariak «kristauak izateagatik» hil zituztela.

Ondorioz, irailean, Auzitegi Nazional espainiarrak eginbideak ireki zituen Fiskaltzaren eskaerari kasu eginez, kazetarien heriotzak ikertzeko.

Eginbideak irekitzearen ondorioz, kazetarien senideak terrorismoaren biktimatzat hartu ziren.

Zigorgabetasun onartezina

Bi kazetarien hilketa argitzeko asmoz, astelehenean International Press Institutek (IPI) Burkina Fasoko eta Espainiako agintariei dei egin zien ikerketak azkartzeko eta erasoaren egileek «justiziaren aurrean» erantzungo dutela ziurtatzeko. Erakunde honek Polonian preso dagoen Pablo Gonzalez kazetari euskalduna askatzeko deia egin zuen pasa den martxoan.

«IPIk bi kazetari gogoratuko ditu gaur: Roberto Fraile eta David Beriain. Duela urtebete hil zituzten Burkina Fason, misio bat betetzen ari zirela. Munduan entzun behar diren istorioen bila aritu ziren», adierazi zuen IPIko zuzendariorde Scott Griffenek: «Zigorgabetasuna onartezina da kasu honetan».

Sariak

Hil osteko sariak iritsi zitzaizkien Beriain eta Fraileri, bakoitzaren lan-ibilbideari aitortzak: talibanen artean ibili zen Beriain, FARCeko agintariekin hizketan, Sinaloako kartelaren zeharbideetan. Hainbat gatazka armatuetan egin zuen lan Frailek. 2012an, Alepoko artefaktu baten leherketan zauritu zen. Hemen laburtu zituen Koldo Landaluzek kazetariek ibilitakoak.

Mirentxu Purroyrekin batera saritu zituzten artatxoarra eta barakaldoarra -edo laudioarra, han eman baitzituen umetako lehen urteak- 2021eko Euskal Kazetaritza Sariarekin. El País egunkari espainiarraren Ortega y Gasset saria ere haien izenean eman da.

Eta Beriainen alargunak jaso zuen, pasa den otsailean, Nafarroako Unibertsitateak banatzen duen Luka Brajnovic Komunikazioko Saria.