INFO

Verde Pratok jaso du MIN sarietako euskarazko disko onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria

Verde Pratok irabazi du musika independentearen MIN sarietako Euskarazko disko onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria. Iruñeko Nafarroa Arenan egin zen bart sari banaketa, 3.000 ikusle bildu zituen festa giroan.

Verde Pratok irabazi du MIN sarietako euskarazko disko onenaren saria. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Epaimahaiak ‘Kondaira eder hura’ (2021) lanagatik egin dio aitortza Verde Prato ezizenez ezagun egin den Ana Arsuagari (Tolosa, 1994). Diskoan gai minimalistak aurkezten ditu, teklatua eta ahotsa erabiliz, askotan herriko folklorearen tradizioan oinarrituta. Izaro Andresen eskutik jaso zuen saria.

Euskarazko disko onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria eskuratzeko Amak, Bulego, Ezpalak, Huntza, Ibil Bedi, Jon Maia, Joseba Irazoki eta lagunak, Maite Larburu, Olatz Salvador eta Ruper Ordorika ere lehiatu dira.

Beste kategoriatan ere lehiatu dira artista horietako asko. Izan ere, ugariak dira kategoriak; horien artean, musika estiloen araberakoa (jazz diskorik onena, flamenko diskorik onena, rock diskorik onena…), edota hizkuntzen araberakoa (euskarazkoa, katalanezkoa, galegozkoa) aurki daitezke, orokorragoak diren beste batzuez gain: diskorik onena, bideoklip onena, abestirik onena.

Carolina Iglesias umoregileak gidatu zuen ekitaldian zuzeneko ugari ikusi eta entzuteko aukera izan zen. Tartean, Izarok Amaralekin sortu berri duen ‘Argia’ kanta eta baita Chill Mafia, Baiuca, Maria Arnal i Marcel Bagés eta Ilegales taldeen zuzenekoak ere.

Zahara gailendu zen sari banaketan, inork baino sari gehiago eskuratu baitzituen, sei denera. Horien artean, urteko disko onenaren The Orchard Saria. Urteko abesti onenaren Radio 3 Saria Rigoberta Bandiniren ‘Ay Mamá’-rentzat izan zen, artista onenaren Amazon Music Saria ere Rigoberta Bandinirentzat izan zen eta artista emergente onenarena Tanxugueiras talde galizarrak irabazi zuen.