INFO
Ezkerretik eskuinera: Tati Garmendia, Asuncion Loriente, Eli Pinedo, Aintzane Encinas eta Patricia Rodriguez.
Jon URBE (FOKU)

Ausardia, ikusgarritasuna eta elkarlana, urrats sendoak emateko osagaiak


«Ongi etorri kirolean ematen ari den aldaketa sozialera», adierazi zuen Aintzane Encinasek. «XXI. mendean dibertsitateaz ulertzen ez duenarekin ez dut denborarik galduko», Maheta Molangok. Emakumezkoen kirolak bere bidea egin behar du ausardiaz. Hainbat bideorri plazaratu ziren jardunaldian.

Guztiok irabazten dugu, guztiok begiratzen badugu». Hori dio DAZN streaming plataformak emakumeen Txapeldunen Ligako emankizunak aurkezteko eginiko spotak. Gaurtik igandera Donostian jokatuko den eskubaloi Koparen harira egin diren ekitaldi, hitzaldi eta elkarrizketetan, “ikusgarritasuna” izan da protagonistek gehien aipatutako hitza, baita, nolabait esateko, bultzatu beharreko alderdia ere. Etxerako lana, alegia. «Ezagutzen ez bada, babesleak aurkitzea zaila izango da», adierazi zuen Lina Carlos de Vergara DAZNeko komunikazio zuzendariak.

Kirol babesletzak sekulako garrantzia dauka txapelketa baten garapenean eta, beraz, baita kirolariengan ere. Hori argi uzten saiatu ziren aipatu De Vergara, Laura Gil (Iberdrolako babesletza saileko arduraduna) eta Marije Etxaniz (Laboral Kutxako komunikazio zuzendaria), Orona Fundazioaren Hernaniko egoitzan eskaini zuten mahai inguruan. Eli Pinedo eskubaloi jokalari ohiak gidatu zuen solasaldia –baita goizeko bat ere– eta, pare bat aldiz esan zuen bezala, «jokalaria nintzenean inbidiaz begiratzen nituen Danimarkako taldeen kamisetak. Partxe pila bat zeuzkaten, eta partxe bakoitza babesle bat zen!».

«2016tik babestu ditugun federazio ezberdinetan –16 aurten arte, hitzarmen berriarekin 32 izango dira–, nesken lizentziak %40 igo dira. Horrek esan nahi du oinarrizko kirola hazten ari dela eta hortik aterako direla etorkizuneko profesionalak», zehaztu zuen Laura Gilek. Babesleak eta ikusgarritasuna eskutik doaz, «domino efektua» bezala deskribatu zuen De Vergarak. DAZNek egin duen ikerketa baten arabera, «hiru hamarkada oso-osorik hartuta, AEBetan publiko handiena zuten kirol hedabideetan ez zen emakumezkoen kirolen inguruko albisterik agertu». Datuak harridura eragin zuen Orona Fundazioaren areto nagusian, emakumezkoen kirolaren inguruko egun osoko jardunaldia hartu zuen lekuan –aurpegi ezagun asko bildu ziren bertan, entzule gisa: Itziar Eguren Arraun Lagunak-eko presidentea; Realeko entrenatzaile Natalia Arroyo, kirol zuzendari Garbiñe Etxeberria eta delegatu Eli Capa; egun Donostian EH Bilduko zinegotzia den Reyes Carrere eskubaloi jokalari eta entrenatzaile ohia...–.

Hasierara itzuliz, ezagutzen ez dena, ikusarazten ez dena, ez da existitzen. Hala, ikusgarritasunean indarra jarri behar dela ondorioztatu zuten mahai inguruan, era guztietako erreferenteak sortzeko: goi mailan dauden kirolariak eta ama direnak, esaterako. Lucia Ybarra hockey jokalaria izan zen gonbidatuetako bat, baita Ona Carbonell igeriketa sinkronizatuko kirolaria. “Amatasuna eta goi mailako kirola” izan zen solasaldiaren gaia eta biek ala biek azpimarratu zuten erreferente falta ez ezik, biak uztartzea ahalbidetu dezaketen baldintzen gabezia ere. Ybarrak argi zeukan ama izan nahi zuela, baina, goi mailan lehiatzen ari zen bitartean, ez zuen planteatu ere egiten. Pandemia iritsi eta bi urtez Estatu frantseseko liga gelditu zenean, hor ikusi zuen aukera izan zezakeela. Erreferenterik ez izateak, posible izan daitekeen zalantza egiteak atzera eginarazi zion: «Nola errekuperatu goi mailan lehiatzen, aukera izango ote dut, oztopoak...». «Nire ama jokalaria  zenean, ni eta nire biki Rocio ikustera joaten ginen, baina oro har ez neukan beste erreferenterik», adierazi zuen. «Ona Carbonellek esan du hasieran: esnealdia eta goi mailako errendimendua Interneten bilatu eta ez zen ezer agertu!». Bada, pentsa. «Desinformazio handia dago, haurdun zaudenean eta erditu ostean egin behar dituzun lan saioak ez daude pentsatuta ama izan den kirolari batentzat», ziurtatu zuen bizkaitarrak.

Lucia Ybarra, hockey jokalaria. (Jon URBE/FOKU)

Ziurgabetasuna ere badago berriro elitean lehiatzeko gaitasunaren inguruan, ez soilik gaitasun propioa, balizko itzulera zer baldintzatan emango den ere kezka iturri izaten da. Ybarrak hockeya utzi zuen ama izateko, baina, azkenean, kasualitatez, itzuli egin zen, areto hockeyko Europako Txapelketa prestatzeko hautatzaileak deitu zionean. Bera izan zen Ybarraren babes nagusia –bikotekidearekin eta ahizparekin batera, noski–, Federazioak zalantzan jarri baitzuen bizkaitarraren gaitasuna. Denboraldi bukaeran erretiroa hartuko du behin betiko (38 urte ditu), bizitzako beste etapa bat abiatzeko.

Hitzarmen kolektiboa

Ama izan eta goi mailan berme guztiekin jarraitu nahi dutenentzat, baina, aukerak egon behar dira, baldintzok jasota egon behar lukete eta horren adibide da, esaterako, piraguismoan gertatzen dena: munduko rankingak 12 hilabetez izozten dira haurdun geratzea oztopo izan ez dadin kirol ibilbidean. 2019tik EHFko marketin arduraduna eta Frantziako eskubaloi ligako jokalarien elkarteko komunikazio arduraduna den Anne Laura Michelek jakinarazitakoa ere bide beretik doa; ama izan nahi duen jokalari batek 12 hilabetez izango du ziurtatuta haurdun geratzen denean duen soldata. Hitzarmen kolektiboarekin lortu da hori. «Frantzian emakumezkoen kirolean sinatzen den lehena da eta iazko maiatzaren 15ean sinatu zen. Berandu gabiltza». Lehen hitzarmen nazionalaren menpe zeuden jokalariak eta hiru hilabetez soilik zeukaten soldata osoa bermatuta. Bada urrats bat.

Hitzarmen hori elkarlanean sinatu da, hiru hilabetero bilerak egin eta gero. Michelentzat hori izan da gakoa. Maheta Molango Erresuma Batuko futbol jokalari profesionalen elkarteko zuzendaria da –eta futbolari ohia– eta adibide argi bat jarri zuen: «Normalean klubetan ez dira batzen emakumezko eta gizonezko jokalariak. Guk egin genuen. Manchester City taldekoak batu genituen eta azalera atera zen gizonezkoek zortzi fisioterapeuta zituztela eta emakumezkoek bi». Gizonezkoak prest agertu ziren klubarekin hitz egin eta auzia konpontzeko. Elkarlana ere badelako bidea. «Ez gatoz zuekin borrokatzera», zuzendu zen Michele gizonezkoengana.

Anne Laura Michele, Frantziako eskubaloi ligako jokalarien elkarteko komunikazio arduraduna.

Ildo horretan, Espainiako Arraun Federazioko presidente Asuncion Lorientek honakoa adierazi zuen: «gizonek askotan beldurra digute emakumeei». «Erabaki guneetan emakume gehiago daudenean igarri egiten da», gaineratu zuen, erabaki berritzaile gehiago hartzen direlako, aurrez gaizki egindakoak zuzentzen saiatzen direlako. «Egun ez dago orekarik erabakiguneetan», tinko azaldu zuen Patricia Rodriguez Granada futbol taldeko zuzendari orokorrak. Emakumeok «iruzurtiaren sindromea» alboratu behar dugula uste du, «ez baitut ezagutzen hori daukan gizonik!». Tati Garmendia Bera Berako eskubaloi ataleko arduradunak esandakoari tiraka adierazi zuen, postua «beldurrez eta zalantzati» hartu zuela onartu baitzuen. Egun, «kristalezko sabaia» hausteko borrokan tinko ari dela gaineratu zuen; eta Rodriguezek zuzendu zion askotan «zementuzko horma» bota behar dela esanda. Aintzane Encinas Realeko jokalari ohiak eta egun Tximist Cup txapelketako sortzaile eta kudeatzaileak «aldaketa sozial» baten aurrean gaudela azpimarratu nahi izan zuen. Belaunaldi berriek baldintza hobeak eduki zitzaten lan egin nahi zuela argi zuen kirolari donostiarrak.

Bidea urratzen jarraitu behar den jakitun dira guztiak, baita urratsak egin diren eta egiten ari diren jakitun ere. Bera Bera, egun, «ez da soilik laguntza publikoen menpeko, babesle pribatuak ditugu», nabarmendu zuen Tati Garmendiak. Eta hori zen bere erronka nagusia kargua hartu zuenean. Horrek klubaren aurrekontua eta jokalarien lan baldintzak hobetzea baitakar. Baita ikusgarritasuna ere. Frantziako ligan, adibidez, klub bakoitzak gutxienez marketin alorreko langile bat izan behar du derrigor. Anne Laura Michelen ustez, ezinbesteko alorra da, produktua saldu eta istorio inspiratzaileak sortzearekin erreferenteak eratzen direlako. «Partida lehiakorrez gain, ikuskizun bat ere saldu behar dugu, ahalik eta ikusle gehien erakartzea lortzeko». Bartzelona, adibidez, lorpen handiak pilatzen ari da emakumezkoen taldearekin eta orain «gaztetxoenek Messi miretsi beharrean, Alexia miresten dute».