INFO

Hobekuntzak 40 urte betetzen dituenean, demokrazia Nafarroarentat eskatuko du ekitaldi batek

Foru Hobekuntzak 40 urte betetzen dituenean Nafarroak bizi duen gabezi demokratikoa salatzeko eta eskubideak eskatzeko ekitaldia antolatu du Navarra XXI Nafarroa ekimenak maiatzaren 14rako Iruñeko Sarasate pasealekuan. Ez dela manifestazioa izango nabarmendu dute.

Nafarroako Parlmentuaren aurrean egin dute agerraldia gaur Navarra XXI Nafarroa ekimeneko kideek. (Idoia ZABALETA)

Navarra XXI Nafarroa herri ekimenak bultzatu Foru Hobekuntzak 40 urte betetzen dituenean benetako demokrazia aldarrikatuko dute maiatzaren 14an Iruñeko Sarasate pasealekuan antolatu duten ekitaldian.

Ekimeneko kide Mikel Soto eta Isabel Diezek deitu dutena ez da manifestazioa ez kontzentrazioa izango. Ekitaldi berritzailea izango dela nabarmendu dute eta giltza elementu nagusia izango da.

«Oso kezkatuta gaude Nafarroako, Espainiar estatuko, Europako eta, oro har, munduko egungo egoera politiko eta sozialarekin. Uste dugu jarrera birzentralizatzaileak, eskuin muturrekoak edo belizistak ez direla gizarteak oro har eta bereziki nafarrok pairatzen ditugun arazoen konponbide», adierazi dute gaur Nafarroako Parlamentuaren aurrean egin duten agerraldian.

Alde batetik, demokrazia gehiago aldarrikatzen dute. «Jarrera hauek demokrazia bera arriskuan jartzen dute; horregatik, ez da atzera-egiteko garaia, baizik eta demokrazia zabaltzeko garaia. Gure ustez, egungo ordezkaritza-eredua aldatu behar da: herritarrak ahalduntzeko gai izanen den eredu bat behar dugu, erabakiak hartzeko eredu parte-hartzaile bat. Mundu osoan zehar aurki ditzakegu adibideak, badugu non begiratu. Demokrazia lau urtean behin bozkatzea baino zerbait gehiago izan behar da», azaldu dute.

Honekin batera, eskubide gehiago beharrezkoak direla uste dute. «Lehenik eta behin, eskuin muturraren gorakadaren arriskuari erreparatzen badiogu, orain arte lortutako eskubide eta askatasunak ez daudelako bermatuta. Eta bigarrenik, uste dugulako Nafarroa askoz modernoagoa eta berdinzaleagoa izango litzatekeela aurreko legegintzaldietan onartutako lege sozialak Auzitegi Konstituzionalak errekurritu ez balitu eta Parlamentuaren borondatea errespetatuko balitz, hala nola lan-erreforman edo pentsioen erreforman, mozal edo hezkuntza legean edo, zergatik ez, NATOko kide izateko erreferendumari Nafarroak hautestontzietan emandako erantzuna errespetatuko balitz. Nafarroa prest dago egungo lege-esparruak ahalbidetzen diona baino askoz gehiago aurrera egiteko. Pozten gara dagoeneko ez Parlamentuak ez gizarteak ez dutelako zalantzan jartzen geure autogobernuaren inguruko eztabaida egin behar denik: ezinbestekoa eta urgentea da. Duela sei hilabete onartu zen Parlamentuan autogobernuaren inguruko balantze eta gaurkotzeari buruzko ponentzia sortzea», esan dute.

Arrazoi ugari

Maiatzaren 14ko ekitaldia deitzeko arrazoi ugari daudela nabarmendu dute eta hauetako batzuk aipatu dituzte ere: «Egungo Hobekuntzak defizit demokratikoa du, eta hori konpondu egin behar da. Duela 40 urte Nafarroari ez zitzaion utzi egungo Foruaren Hobekuntzari Bai edo ez bozkatzen. Hobekuntza honek ez du Nafarroako egungo gizartearekin bat egiten, 40 urtean ez baita eraberritu, eta bertan zehazten dena ere ez baita bete. 40 urte geroago, eskumen asko transferitu gabe daude. Gainera, egungo Hobekuntzak ez du bermatzen Legebiltzarreko akordioak errespetatuko direnik. Gogorarazi nahi dugu 17 lege errekurritu dituztela alderdi politikoek edo Auzitegi Konstituzionalak egungo legedian oinarrituta. Horren adibiderik hurbilena Alderdi Popularraren eta Vox alderdiaren jarrera da, Parlamentuko akordio berri baten aurkako helegitea aurkeztu baitute: Nafarroak Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren kudeaketa bere gain hartzea».

«Nafarroa XXI ekimen herritarretik azken urteetan egin diren baliabideek autogobernuari egiten dioten erasoa gaitzesten dugu, eta alderdi politikoei Nafarroaren autogobernua eta bere garapen legitimoa defendatzeko eskatzen diegu. Nafarroan hartzen diren akordioak errespetatuak izatearen logikari jarraituz, Nafarroako herritarrek estatuarekin zein Europarekin izan nahi dugun harreman-ereduaz ere ari gara, eta horrelako erabakiak hartzeko bermeak ere eskatzen ditugu», gaineratu dute.