INFO

Goi-mailako ikasketak euskaraz aldarrikatu dituzte Ipar Euskal Herriko gazteek

Xuti Gazte! mugimenduak Ipar Euskal Herriko gazteek ikasketak euskaraz egin aldarrikatzeko kanpaina abiatu du. Dei zabala da egin du, Bidasoaren bi aldeetara heltzen dena iparraldean eskaintza sortu dadin, eta hegoaldean badenean ikasi ahal izateko bideak zabaldu daitezen. 

Gazte mugimenduko kideak Baionako campusean. (XUTI GAZTE)

Ipar Euskal Herriko gazteek goi-mailako ikasketak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko kanpainan abiatu du Xuti Gazte! mugimenduak, eta bi bide hartu ditu horretarako. Alde batetik sinadura bilketa, eta bestetik EAEn eta Ipar Euskal Herrian goi-mailako ikasketak eskaintzen dituen erakundeei zuzendu zaizkie gutun bidez, bide horretarako beharrezkoak diren baliabideak eman ditzaten eskatzeko.

Baionan eta Angelun campusak dauzkan Paue eta Aturriko Herrietako Unibertsitateko lehendakariari eta errektoreordeari, Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Hezkuntza Nazionalaren zerbitzuen zuzendariari eta Baionako Ikuskariari, eta EHUko errektoreari gutuna bideratu diete beraien aldarrikapenekin.

Erakunde bakoitzeko ordezkariari bere eremuari dagokion eskaera zehatz bat egiten diote. PAHUko lehendakaritzako kideei, heldu den ikasturteetan Ipar Euskal Herriko campusetan eskaintzen diren ikasketa guztiak euskaraz ere proposatu ditzaten. Departamentuko Hezkuntza Nazionaleko arduradunei, goi-mailako formakuntza profesionalean ere euskarazko aukerak eskaintzeko. Eta EHUko errektoreari, Ipar Euskal Herriko ikasleentzako sarbide-ibilbide berezi bat sortzeko, «ez gaitezen ikasle atzerritarren pareko izan».

Horren bitartez, euskaraz eta Euskal Herrian dagoen aukera ere eskuragarri izatea eskatu dute: «Hego Euskal Herrian badira euskaraz ikasteko aukerak. Alabaina, ezohikoa eta konplikatua den ibilbide burokratikoa (...) usu beharrezko orientazio-baliabiderik gabe».

Xuti Gazte! martxoan eman zuen bere burua ezagutzera, eta bere xedea eskualdez eskualde eta arloz arlo gazteak saretuz Ipar Euskal Herri mailan gazteen problematikari erantzuteko mugimendua da.

Ikasle euskaldunen gorakada

Eskaera egitearekin batera mugimenduak nabarmendu nahi izan du ikasle potentzialen garapena: «Ipar Euskal Herriko lizeotar euskaldun kopurua etengabeko emendatzean da, izan Seaskan, hezkuntza konfesional katolikoan edo hezkuntza publiko elebidunean, urtez-urte gehiago dira terminala arrakastaz bukatzen duten ikasleak».

Euskal Elkargoaren arabera 6.000 ikasle daude gaur egun goi-mailako ikasketak egiten iparraldeko hiru lurraldeetan. Bestalde, Euskararen Erakunde Publikoak 2016an egindako estimazioaren arabera, goi-mailako ikasketak egiteko adinean dauden gazteetatik %19 euskaldunak lirateke, hau da, 5.000 inguru.

Baina gaur egun Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasteko goi-mailako aukera bakarra PAHUk Baionan eskaintzen duen Euskal Ikasketak literatura eta hizkuntza karrera da.