Nafar Gobernuak haur eskoletan ezarritako gutxieneko zerbitzu «arriskutsuak» salatu dituzte
Nafarroako haur eskoletako greba mugagabeko lehen egunean, erakunde publikoek jarritako gutxieneko zerbitzuak salatu ditu 0-3 plataformak. Grebalariek negoziazio-mahai bat eskatu diote Nafarroako Gobernuari.
Astelehen honetan abiatu dute greba mugagabea Nafarroako haur eskoletan, eta 0-3 plataformako kideak Eguesibarko eskolaren aurrean izan dira goizean.
Berriz ere salatu dute 0-3 zikloa arautzen duen 2007ko Dekretuak jasotzen duen ohiko ratioa «ankerra» dela: 0-1eko geletan, hezitzaile bat 8 umerentzat, 1-2ko geletan, hezitzaile bat 12 umerentzat, eta 2-3ko geletan, hezitzaile bat 16 umerentzat. «Ratio horiekin ezin dira etapa honetako haurren beharrak ase. Hain zuzen ere, hau gu grebara jotzeko arrazoi nagusienetariko bat da», azaldu dute.
«0 eta 3 urte bitarteko pertsonak, gizartearentzat zama bat balira bezala baztertzen direnak, baina herritarrak direnak ere, menpeko subjektuak dira. Etengabe zainduko dituzten pertsona helduak behar dituztenak, eta hori oso argi geratu behar da», gogoratu dute.
0 eta 3 urte bitarteko pertsonek komunitatean, hau da, eskolan, «etengabeko laguntza eta ikuskapena» behar dutela azpimaratu dute: «Ez dute gaitasunik modu autonomoan moldatzeko. Haien arteko harremanetan gidari lana egingo duen heldu baten presentzia behar dute, muga batzuk ezarriko dituena, sortzen diren etengabeko gatazketan esku hartuko duena, haserreak, oldarkortasuna, beldurra, tristura… kudeatzen lagunduko dituena. Emozioak eta inpultsibitateak eragin handia du euren barnean. Guk kolektibitateko bizitza honek nola funtzionatzen duen ulertzeko gidatzen eta laguntzen ditugu. Horrez gain, higiene, garbitasun, elikadura eta atsedeneko beharrizan fisiologikoak oso modu kontzientean zaintzen ditugu, pertsona duinak sentitzeko oinarria baita».
Grebalarien arabera, 2007ko dekretuak hezitzaile bakoitzeko ezartzen duen haur kopuruarekin ezinezkoa da helduen etengabeko ikuskapen eta presentzia hori bermatzea, «eta horregatik diogu ratioa arriskutsua eta ankerra dela».
Gutxieneko zerbitzuak
Horretaz gain, grebari aurre egiteko administrazioek jarritako gutxieneko zerbitzuak salatu ditu 0-3 plataformak.
Alde batetik, udal batzuek %100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzea erabaki dute. Beste udal batzuek haur-hezitzaileen kolektiboaren aldarrikapenak babesten dituzte, eta %50, %60 edo %70eko gutxieneko zerbitzuak ezartzea erabaki dute, 2007ko Dekretuko ratioa gainditu gabe.
«Eta azkenik, hezitzaileek greba egiteko dugun eskubidea eta familiek beren seme-alabak eskolan utzita, kontziliatu ahal izateko duten eskubidea errespetatzea erabaki duten udalak daude. Baina, ahaztu egin zaie haurrek, beti jasotzen duten arreta jasotzeko dituzten eskubideak errespetatzea, nahiz eta hori, beti bezala, erabat eskasa izan. Eta erabaki dute grebak irauten duen bitartean, ratioa bikoiztu egin daitekeela. Bai, hezitzaile bakar bat 0-1 urte bitarteko 16 haurrekin egon daitekeela, hezitzaile bakar bat 1-2 urte bitarteko 24 haurrekin egon daitekeela eta hezitzaile bakar bat 2-3 urte bitarteko 32 haurrekin egon daitekeela», salatu dute.
Azken hau «astakeria, arduragabekeria eta arriskutsua» dela nabarmendu dute grebalariek.
Honegatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eskatu diote negoziazio-mahai bat sor dezala, «Nafarroako Haur Eskoletako hezitzaileoi ere ahotsa emateko».