INFO

‘M ama eme ume’: amatasunen erraietan arakatu dute Estitxu Fernandezek eta Erika Lagomak

Ez dago amatasun bakar bat. Ama bakoitza da mundu bat, eta hamaika mundu dira horietako bakoitza. Argiak. Itzalak. Kontraesanak. Tene Mujika bekari esker idatzi dute Estitxu Fernandez eta Erika Lagomak ‘M ama eme ume’, bizipenetan oinarritutako liburua. Hausnartzeko, konpartitzeko, eraldatzeko.

Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez, ostegun honetan Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Emakumearen gorputzetik igarotzen da bizitza. Bere baitan sortzen da. Denok dugu ama bat, gutako bakoitza gara emakume baten semea edo alaba. Ama izatea, nahi eta ezin izatea, nahi ez izatea… itzalak, argiak, kontraesanak, pozak, eta nekeak, negarrak eta barreak. Eta erruak. Ez daude bi amatasun igualak direnak, ezta birritan ama den emakume berarentzat ere. Bakoitza da mundu bat, eta hamaika mundu daude bakoitzaren barruan.

Tene Mujika beka irabazi ondotik landu dute su txikian amatasunari buruzko liburua Erika Lagoma Pombarrek (Lesaka, 1981) eta Estitxu Fernandez Maritxalarrek (Lesaka, 1975). Ostegun honetan aurkeztu dute Elkar argitaletxearen eskutik «emozioz beterik». Hunkituta eta urduri, aitortu dutenez.

Edukia hamahiru narrazio dira, hamaika ama eta bi aitarenak. Luze eta sakon landu diren elkarrizketak daude atzean. Eztabaida plazara ateratzea du helburu, hausnarketara bultzatzea, pentsatuaraztea eta sentitzea. Amei ahotsa ematea, amei entzutea. «Baina zertarako edo zergatik?», argitu nahi izan du aurretik Fernandezek.

«Amatasunaren eta feminismoaren arteko harremana izan da agitz gatazkatsua urtetan. Egia da gure amonek eta amek, eta oraindik ere batzuetan, amatasuna bizi dugula gure patu natural bezala, derrigortuta gaudela izatera bertze ezer ez bagina bezala, eta horren kontra egin behar zen garai batean. Baina Adrienne Richek ongi adierazten duen bezala, amatasunaren instituzioa da emakumea zapaltzen duena, eta ez amatsunaren bizipenek, bizipenek ez gaituzte zapaltzen, bizipenak ez du zertan izan itogarria, baina bai instituzioak, ezartzen zaituenak nolakoak izan behar dugun, zein muturretan kokatzen gaituen sistemak berak».

Hitzaurrean June Fernandez kazetariak jasotzen duen moduan, kartzela ez da amatasuna bera, sistema patriarkal eta neoliberalak hazkuntzarako ezartzen dituen baldintza itogarriak baizik. «Gure gorputza ez da kartzela, sistema da kartzela».

Egileek soka horri egin nahi izan diote tira. «Ematen du bateraezinak direla amatasuna eta garapen pertsonala, eta hor errotu gara, feminismoa ere, bateraezina delakoan. Eta hor errotu beharrean, uste dugu heldu dela garaia galdetzeko nolako amatasunak eraiki nahi ditugun. Eta zein amatasun izan daitezkeen bizigarriak, benetan bizigarriak», esan du.

Zenbait esparrutatik «amatasunarekiko mesfidantza hori gainditzeko» alea aportatu nahi izan dute, eta salatu amatasunak bizitzeko zein baldintza eskasak eskaintzen dituen sistema honek. Ea noizbait zein amatasun bizi nahi dugun aukeratzeko aukera errealak ditugun emakumeok. Hori izango litzateke ederrena».

Amen ahotsa entzun

Galdetzea izan da gakoa, amei ahotsa ematea. «Orain arte entzun ditugu bertzeak amei buruz hitz egiten, eta sistema. Erraten nolakoak izan behar dugun, onberak, sistemari men egiten diotenak, gure ongizatea eta gure errealizazioa umeen bidez soilik etorriko dena dioena; edo bertzenaz amatasun neoliberala edo feminismo mendebaldarrak eskaintzen duena, amak bere garapenari bakarrik begiratu behar diona, errealizatu lan esparruan eta zaintza guztia delegatu».

Fernandezek kritikatu duenez, bi mutur horiek bakarrik eskaintzen zaizkigu. «Horri begiratzen badiogu, ez dirudi irtenbideak erraza». Eta zer dio amak? «Hitz egiten du, baina etxeko pareten artean, eta gelditzen da barruan, eta barruan gelditzen dena ez da existitzen. Eta bada garaia galdetzeko. Ari gara, ez gara bakarrak, badaude proiektuak, baina hori da helburua: amei galdetu eta testigantzak jaso».

Ama guztiek kabida dutela liburuan, adierazi dute. Eta liburua baino entziklopedia behar lukeela, baina aukeraketa egiteko garaian, «hagitz zaila», 13 bildu dituzte. «Erditu direnak, ez direnak, ama ez izatea hautu dutenak, ama bakarrak, banatu direnak, adopzio bidezkoak, amonak, etorkinak, lesbianak, amatasuna eta eritasuna bizi dutenak, eta amatasuna eta indarkeria matxista, eta amatasuna eta indarkeria obstetrikoa sufritu dutenak, agertzen da migrazioa eta osasun mentala, galerak, galdutako umeak eta doluak… eta noski falta dira pila bat».

Espazio kontuagatik zenbait begirada kanpoan utzi behar izan dituzte eta, era berean, idazleentzat zaila izan da ertzetako amatasunez gaindi, eguneroko amak ere biltzea. «Hor izan dugu erronka: ertzera joan nahi izan dugu baina ertzean ez daudenak ahaztu gabe. Hipotesia zen, eta ondorioztatu dugu amatasuna bera dagoela ertzean. Eta horren barruan ertz gehiago daudela».

Eta zergatik eman balioa bizipenei? Lagomaren aburuz egunerokoa eta bizitza bera politikoak direlako. «Ez luke zentzurik izango politizatzeak bizitzari begiratu gabe, lekukotza horiek jaso gabe», esan du. Eta honek mahai gainera ekarri ditu galdera potoloak eta «ezinbestekoak mundua hasi zenetik. Zer da bizitza? Zer behar du bizitzak garatzeko? Eta erantzunak topatzeko ezin zaio ez ikusiarena egin bizitza ematen duten, sortzen duten, gorputzei ezta ere bizitzaren hastapenari berari».

Amatasun feministak

Emakumeen ahotsei bi gizonenak batzen zaizkie. Hor ere zalantza suertatu zen. Aitaren testigantza jaso, edo ez? «Ez genuen nahi liburua ulertzea bakarrik emakumeentzat, nahi genuen liburua gizonengana ere iristea, eta bidea errazteko modu bat zen hurbiltasun hori sortzeko aitei ere ahotsa ematea. Baino zalantzairk gabe –erantsi du Lagomak–, oso garrantzitsua zen beraien aitatasuna modu kontzientean hausnartuta bizi duten gizonen ahotsa [izatea], eraldaketa honen parte izan behar dutelako nahita ez».

Teoriari «iskin egin« nahi izan diote argi eta garbi, baina liburuak ere betetzen du zentzu batean funtzio hori sortu duten epilogoarekin. ‘Amatasun feministak. Definizio posible bat’ izenburuarekin hiztegi moduko bat sortu dute, liburutik ateratako gakoak bilduz. Horri atxikita, gaiarekin lotura duen bibliografia zabal bat ere jaso dute.

Gako horietan amatasun feministak daude, «pluralean deklinatuta». «Amatasunak anitzak dira, ez dugu ikusten hau singularrean deklinatzeko aukerarik. Ama guztiak kabitzen direlako, zeren amatasun feministaren ideologian ez bada sartzen norberarena, hori ez da ideologia, gehiago da dogma, eta ikuspegi dogmatikoek badakigu nora eramaten gaituzten. Bi mutur horietara», ohartarazi du Fernandezek.