INFO

EH Bilduk Aznal eta Asiron proposatu ditu Nafarroako Parlamenturako eta Iruñeko Udalerako

EH Bilduko Nafarroako eta Iruñeko Mahai Politikoek Laura Aznal eta Joseba Asiron proposatu dituzte datozen hauteskundeetarako Parlamentuko eta Iruñeko zerrendaburu izateko, hurrenez hurren.

Joseba Asiron eta Laura Aznal. (EH BILDU NAFARROA)

EH Bilduren Nafarroako Mahai Politikoak Laura Aznal proposatu du datozen hauteskundeetarako Nafarroako Parlamenturako zerrendaburu izateko, eta Iruñeko Mahai Politikoak, berriz, Joseba Asiron Iruñeko Udalerako zerrendaburu izatea proposatu du.

Ohar batean azaldu duenez, hautagaiak proposatzeko barne prozesuak zabalik jarraituko du maiatzaren 8ra arte. Hala, datozen asteetan EH Bilduren oinarriek aurkeztutako hautagaitzak bozkatu beharko dituzte, koalizioaren barne araudian jasotzen den bezala.

Kasu bakoitzean hautagaitza bakarra balego, bozketa maiatzaren 12an, 13an eta 14an egingo litzateke. Hautagai zerrenda bat baino gehiago egonez gero, haien arteko eztabaida prozesu bat egingo litzateke maiatzaren 11tik 25era bitartean, eta bozketa maiatzaren 26, 27 eta 28an egingo litzateke.

«Konfiantza osoa»

EH Bilduren Nafarroako Mahai Politikoak uste du «Aznalek sinesgarritasun politiko eta profesional egiaztatua duela, azken urteotan EH Bildun erakutsi duena, Ezkabarteko zinegotzi eta parlamentari gisa, eta Volkswagenen egin duen 20 urteko ibilbidean».

Era berean, «Laurak EH Bildu eta Nafarroa libre, feminista, sozial, iraunkor eta ekologista nahi duen gehiengo soziala ordezkatzeko duen gaitasunean eta egokitasunean sinesten dugu». «Laurak paper garrantzitsua jokatzea espero dugu hazten doan eta gehiengo sozial hori bildu nahi duen proiektuan», gaineratu du.

Iruñeko EH Bilduren Mahai Politikoak, bestalde, adierazi du Joseba Asiron dela «Iruñerako hautagai egokiena nahi dugun hiria eraikitzen jarraitzeko. Etorkizuneko Iruñea, aniztasuna errespetatzen duena eta jasangarritasunaren alde egiten duena. Iruñea ezkertiarra, feminista eta arrazakeriaren aurkakoa».

«EH Bilduren bi Mahai Politikoek konfiantza osoa dute bi pertsona hauengan zerrendaburu izateko, egunero gauzak aldatzeko eta justizia sozialaren, aberastasunaren banaketaren eta demokraziaren eredu propioa eraikitzeko sinesten eta lan egiten duten nafarren gehiengoa ordezkatzen dutelako», nabarmendu du.