INFO

Ekonomia latinoamerikar handiena, estatubatuarra

Ameriketako Estatu Batuetako biztanleen %19k daukate jatorri latinoamerikarra. Komunitateak gorriak eta bi ikusi zituen Trumpekin, baina datuak eztabaidaezinak dira: ezinbesteko ekarpena egiten diote bai herrialdeko ekonomiari, bai demografiari ere.

Jesus «Chuy» Garcia kongresista, migrazioari mugak jartzen dizkion «Title 42» arauaren kontrako mitin batean. Trumpek ezarri zuen pandemia aitzakiatzat hartuta. (Chip SOMODEVILLA | AFP)

Ameriketako Estatu Batuetan bizi diren latinoamerikarrak estatu independente bat balira, bertako Barne Produktu Gordina (BPG) munduko zazpigarrena litzateke», justu Estatu frantsesaren gainetik. Horrela azaldu zuen aurreko astean Kaliforniako Unibertsitateko (UCLA) ikerlaria den David Hayes-Bautistak Mexikon, “BPG latinoa, komunitate baten boterea zifretan” txostenaren aurkezpenean.

Zifra estatikoak ikusgarriak dira. 2019. urtean, jatorri latinoamerikarreko herritarrek AEBetako ekonomiari egindako ekarpena 2,7 bilioi dolarrekoa izan zen. Ideia bat egiteko, Estatu frantsesaren BPGa 2,5 bilioi dolarrekoa izan zen urte hartan; espainiarrarena 1,4 bilioikoa; Hego Euskal Herriarena, 0,1 bilioikoa. «BPG latinoa Italia, Brasil edo Kanada bezalako herrien BPGa baino handiagoa da», aldarrikatzen dute txostenean.

Baina datu dinamikoak dira zalantzarik gabe esanguratsuenak, horiek islatzen baitute latinoamerikarren pisuaren goranzko joera garbia. Hamarkada bat atzera eginda, 2010ean, euren ekarpena 1,7 bilioi dolarrekoa zen, egungoa baino bilioi bat txikiagoa. Hamarkada horretan balizko BPG latinoamerikar hori, AEBetako Barne Produktu Gordin erreala baino %57 azkarrago hazi zen. Are, txostenaren arabera, jatorria AEBetatik hegoaldera daukaten herritarren ekarpenaren hazkunde maila soilik Txinak eta Indiak gainditzen dute mundu mailan.

Garrantzitsuak AEBetan bertan  ere

Txostenaren egileak akademikoak badira ere, lanaren enkargua Latino Donor Collaborative erakundearena da, AEBetako latinoamerikarren interesen alde diharduen think tank ezaguna. Logikoa dirudi, beraz, emaitzak euren interesen aldekoak izatea. Zintzoak izanda, zaila dirudi komunitate baten ekarpena estatu baten BPGarekin parekatzea, baina lerroburuetara iristea helburu duen alderaketa zelebreetatik harago, txostenak ederki islatzen du latinoamerikarrek AEBetan daukaten pisu gero eta handiagoa, bai ekonomian, bai demografian. Gaur egun populazioaren %18,7 dira, orotara 62 milioi pertsona; eta horietatik hamarretik sei, mexikarrak.

Migrazio honen inpaktu ekonomikoa jatorrizko herrietan neurtu ohi da gehienetan, alegia, migrante horiek senideei egindako diru-bidalketetan jartzen da fokua. Ez da harritzekoa, herri askotan diru sarrera itzela delako. Martxoan argitaratutako beste txosten baten arabera –Dialogo Interamericano erakundeak eginda, kasu honetan–, 134.400 milioi dolar bidali zituzten migranteek euren herrietara 2021. urtean; Latinoamerikaren BPGaren %5 da hori.

«Gure herriak daukan diru sarrera nagusia dira. Mexikoko herria langilea da, eta migranteak, bereziki», esan zuen Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak otsailean, 2021ean migrante mexikarrek 51,5 milioi dolar bidali zituztela ezagutu zenean.

Gutxitan erreparatzen zaio, ordea, migrazioak harrera herrian daukan inpaktu ekonomiko positiboari. Enfoke hori ardatz, Hayes-Bautistak aurkeztutako txostenak azaltzen du AEBetan –Europan bezala– 60ko hamarkadako baby boom belaunaldiaren jubilazioak erronka itzela eragin duela, bai demografikoki, bai ekonomikoki. Erretiroa hartzen zihoan belaunaldi horren lekukoa hartzeko ezinbestekoa izan da AEBetan latinoamerikarren eskulana. Azkar esaten da, baina azken hamarkadan, urtero 600.000 langile latinoamerikar berri sartu dira AEBtako lan-merkatuan. Adin mediak ere garbi islatzen du komunitatearen dinamismoa. Latinoamerikarrak kenduta, AEBetako adin media 40,8 urtekoa da. Latinoamerikarrena, ordea, 29,8koa da. Kuantitatiboki, komunitate handia da dagoeneko, baina gainera, askoz gazteagoa da.

Pandemiaren ostekoak

Datuak 2019koak diren arren, pandemiaren osteko lehen txostena izanda, erreferentzia ezinbestekoa izan da. Txostenaren arabera, koronabirusak komunitatea gogor kolpatu badu ere, errekuperazioa AEBetako media baino azkarragoa izan da. Horretarako hiru arrazoi ematen ditu txostenak, eta bakarrak du zerikusia ekonomia gordinarekin: langile latinoamerikarren lanpostuak azkarrago jarri ziren martxan berriz.

Beste bi arrazoiak hauexek dira, txostenaren egileen arabera: latinoamerikarrak gainontzeko estatubatuarrak baino optimistagoak omen dira –%49k begiratzen diote itxaropenarekin etorkizunari lehenengo taldean, %33k bigarrenean, Pew Research Centeren arabera–, eta beste ezeren gainetik, sare familiarrek eta komunitarioek garrantzi handia mantentzen dute komunitatearen barruan.

Elementuokin, egileek ondorio bat atera eta aldarrikatzen dute, Donald Trumpen eta muturrera joandako errepublikanoen demagogiari aurre eginez: «Latinoamerikarren ekarpena ez da bakarrik hazkunde ekonomikoaren motor, nazioak epe luzera begira dituen erronka demografikoaren aurrean antidoto ere bada».