Getxoren igoera ametsak errotik moztu dizkio Pasek Belenos taldeak Avilesen
Bizkaitarrek 36-11 galdu dute Asturias aldean eta beste urte batez errugbiko bigarren mailan jokatu beharko dute. Bestalde, Saint Jean de Luz Olympique taldea Nationale mailara igotzeko borrokan dabil eta final-laurdenetako joanekoan 23-13 galdu zuen. Igande honetan etxean jokatuko du.
Ilusio handia jarria zuen Getxo Rugby taldeak lehen mailara itzultzeko kanporaketetan, baina ametsak errotik moztu dizkio Avileseko Pasek Belenos taldeak, lehen finalerdietan getxoztarrak nagusitasunez kanporatuz. Lehen kolpea aurreko astean jaso zuten hor-beltzek, azkeneko jokaldian jasotako entsegu batean Faduran (20-23) galduta, baina gaur zartakoa erabatekoa izan da, asturiarrak goitik behera nagusitu eta 36-11 irabazi baitiete.
Emaitza azkenerako kontrakoa izan bazen ere, Faduran jokatutako partida onak esperantzarako leiho bat ireki bazuen, getxoztarrak une askotan partida oso kontrolatua izan zuten, gaurkoa oso partida desberdina izan da hasieratik eta asturiarrek hasieratik erakutsi dute zergatik izan diren liga erregularreko talderik onena.
Nahi eta ezin
Zortzigarren minuturako etxeko taldeak aurrea hartu du markagailuan entsegu bat eta ondorengo gauzatzeari esker eta euskaldunak zigor kolpe bati esker 15. minutuan 8-3 gerturatu badira ere, bi minutu baino ez dituzte behar izan etxekoek berriz ere entsegu bat lortu eta aldeak berriz ere handitzeko. Etxekoek lehen zatian lau entsegu lortu dituzten bitartean, Getxok bi zigor kolpeetan baino ez du punturik lortzerik izan, entsegu marratik oso urrun eman dituztelako lehen 40 minutu horiek (26-6).
Bigarren zatian gauzak orekatuagoak izan badira ere, etxeko taldeak ez du zailtasun handirik izan lortutako aldea kudeatzeko eta azkenerako 36-11 nagusitu dira. Gauzak horrela, getxoztarrek igotzeko aukera guztiak galdu dituzte eta Avilesekoek Pozueloren aurka jokatuko dute finala. Irabazlea lehen mailara igoko da zuzenean eta bigarrenak promozioa jokatu beharko du lehen mailako azken bigarrenaren aurka. Ikusi egin beharko da Gernikak jarritako alegazioek aurrera egiten duten eta datorren urtean Ordiziarekin batera talde bizkaitar batek lehen mailan jokatzeko modurik duen.
Nationale mailara igotzeko lehian Donibane Lohizuneko taldea
Donibane Lohizuneko Saint Jean de Luz Olympique taldeak (SJLO) 13 puntuko desabantaila irauli beharko du Federale 1eko final-laurdenak gainditzeko, Nationalera (hirugarren maila) igotzeko lehian.
Lapurdiko kostaldekoek 23-10 galdu zuten igande honetan Rennesen aurka –atsedenaldira 9-10 irabazten iritsi ziren–, eta datorren igandean Donibane Lohizuneko Stade du Pavillon Bleun izango da itzuleko partida.
Gorri, berde eta txurizko taldeak bere zelaira joateko deia egin dio euskal zalegoari, #igogurekin kanpainaren baitan.
⚔️ 퐌퐎퐁퐈퐋퐈퐒퐀퐓퐈퐎퐍 퐆퐄́퐍퐄́퐑퐀퐋퐄 ⚔️
— SAINT-JEAN-DE-LUZ OLYMPIQUE RUGBY (@sjlop_b) May 8, 2022
Seul représentant du rugby basque a jouer ce Dimanche 15 Mai, rendez-vous à Saint Jean de Luz !
Nos rouges et verts auront besoin du 퐏퐄퐔퐏퐋퐄 퐁퐀퐒퐐퐔퐄 ⚪️#홄홂홊홂홐홍홀홆홄홉#혼홐홋혼혿홊홉홄혽혼홉홀礪 pic.twitter.com/PuodnNPLTv