INFO

Unai Laso eta Jokin Altuna, «aitzakiarik gabe» Buruz Buruko finalerdietara begira

Sorbaldako mina zuela-eta, final-laurdenetako azken partida ez zuen jokatu nafarrak eta astearte honetan jokatzeko moduan sentitu da. Larunbatean Bizkaia pilotalekuan izango da Altuna III.aren aurka Buruz Buruzko finalerdia jokatzeko eta biak ala biak «aitzakiarik gabe» jokatuko dute.

Altuna eta Laso, finalerdietako material aukeraketan, Bizkaia pilotalekuan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak larunbat honetan Buruz Buruko Txapelketako finalerdia jokatzeko moduan dagoela erabaki du. Altuna III.a izango du arerio Bizkaia pilotalekuan 17.00etan hasiko den pilota jaialdian.



Lasok proba bat egin du astearte goiz honetan, Hondarribian, Aimar Olaizolarekin batera: «Ez dut askorik probatu baina ondo sentitu naiz, jada ez daukat kalanbrerik eta jokatzeko prest nago. Ez dago aitzakiarik larunbaterako».

Pasa den astean, final-laurdenetako azken partida ez jokatzea erabaki zuen bere eskuin besoko bizeps brakialean 1. mailako lesio muskulotendinosoa zeukalako. Hala, asteartera arte geldirik egotea behar zuen, lesioak nola eboluzionatzen zuen ikusteko. Asteburuan jokatu ez bazuen ere, finalerdietarako txartela jada eskuratuta zeukan nafarrak.

Lesioa gainditzeko asmoz, Baikoko pilotariak fisioterapia eta elektroterapia tratamendua egin du egun hauetan, eta gaur goizeko probaren ondoren, Unai Lasok Buruz Buruko Txapelketako finalerdia jokatzea erabaki du.

Amezketako pilotariak ere astebetez atseden hartu behar izan zuen final-laurdenetako ligaxkan. Nolanahi ere, pasa den astean pilotalekura itzuli zen finalerdietarako txartela lortzeko asmoz. Zabaleta garaituta lortu zuen helburua eta Buruz Buruko seigarren finalerdia izango du erreskadan.

Altuna ere aitzakiarik gabe

Eskua ondo daukala ziurtatu du amezketarrak eta aurreko partida ondo etorri zitzaiola adierazi du. Lasok faboritotzat ikusten du Altuna baina gipuzkoarrak ez dio horri garrantzirik eman nahi, «partida guztiak ezberdinak direlako eta biok lehiatu garen aldiro, partida estuak izan dira, gogorrak fisikoki eta larunbat honetako ere parekoa izango da».

Buruz Buruko txapelketan soilik behin neurtu dituzte indarrak Bizkarreta Gereindiaingo eta Amezketako aurrelariek. Lehia hura ere amezketarrak irabazi zuen, partida estu batean (22-17). Azken Lau eta Erdiko txapelketan eta Binakakoan finalean lehiatu dira –bietan, amezketarra nagusi– baina oraingoan bietako batek soilik eskuratuko du finalerako txartela.

«Estrategia betikoa da: bera baino gehiago ematea», adierazi du nafarrak. Hala, onartu du Altuna III.a ahalik eta urrunen eramaten saiatuko dela, nahiz eta iritzi duen Bizkaia pilotalekuan hobeto moldatu daitekeela amezketarra, «apurtzea zailago delako». «Eskuan pilota beti ondo sartzen du, artista da. Nik bera baino kolpe gehiago daukat baina berak ere defentsa handia dauka, eta nik uste dut berari ondo etortzen zaiola pilotaleku hau; Labriten, esaterako, gehiago apurtuko nuke», adierazi du.

Material aukeraketari dagokionez, biak gustora agertu dira oso pilota ezberdinak aukeratu dituzten arren. Altunak azaldu du berak aukeratutakoak «lurrean gehiago ibiltzen direla» eta Lasorenak, aldiz lasaiagoak eta bote handiagokoak direla.

Beste finalerdia Ezkurdia eta Jakak jokatuko dute, igandean, Eibarren. Asteazken honetan aukeratuko dute materiala Astelena pilotalekuan.