Hezkuntza Ituna praktika demokratikoaren eredu dela diote sinatzaileek
Leixuri Arrizabalaga (EAJ), Ikoitz Arrese (EH Bildu), Jose Antonio Pastor (PSE) eta Iñigo Martinez (Elkarrekin Podemos-IU) legebiltzarkideek EAEko Hezkuntza Ituna izan dute hizpide astearte honetan Bilbon. Adostasunera lortzeko ibilitako prozesua errepasatu dute.
Etorkizuneko Hezkuntzaren Legea izango denaren oinarriak lau aldetara eta herritarren parte-hartze prozesu mardul baten ostean adostea demokraziari bide ematea dela ondorioztatu dute ituna babesten duten alderdietako ordezkariek.
Leixuri Arrizabalaga (EAJ), Ikoitz Arrese (EH Bildu), Jose Antonio Pastor (PSE) eta Iñigo Martinez (Elkarrekin Podemos-IU) EAEko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko kideak, batzorde bereko Zelai Nikolas legegilearekin batera, EHU/UPVren Bilboko Hezkuntza Fakultatean izan dira astearteon "Euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioa" hizpide. Ohikoa ez den adostasun horrerara iristeko prozesuaz eta itunaren edukiaz aritu dira unibertsitate publikoak gonbidatuta.
Ikasle, irakasle eta dekanoen aurrean hezkuntza ituna lortzeak duen balioa azpimarratu du Hezkuntza Batzordeko legegileak, hain justu, Legebiltzar batek egin behar duen hori izan duelako ardatz: gizarteko eragileen parte-hartzea. Horren bidez, «lortu da hezkuntza komunitatea identifikatzea eta espazio bat eskaintzea gogoeta partekatu bat egiteko eta, ondorioz, akordio zabal bat etorkizuneko Hezkuntza legeari zilegitasuna emango diona». Gainera, Nikolasen ustez, meritua handiagoa da kontuan hartzen bada testuingurua, «demokraziaren krisi sakona» bizitzen ari baikara bere esanetan eta, ondorioz, baita legebiltzarrena ere.
90 eragilerekin bildu ostetik ondu dute lau alderdiek hezkuntza akordioa. Inorena ez den ituna, Jose Antonio Pastorren hitzetan: «Ez PSErena, baina ezta EAJrena, EH Bildurena edo Elkarrekin Podemosena ere. Denok utzi ditugu gauzak atzean, oinarri bateratu baten mesedetan».
Arrese (EH Bildu): «Egin zezaketen soilik EAJk eta PSEk, gehiengoa dutelako, baina hezkuntzak akordio zabala merezi zuen»
Zelai Nikolasek nola, adostasunaren balioa aldarrikatu dute Gasteizko Legebiltzarreko alderdi nagusietako ordezkariek. Hezkuntzak behar zuela esan du EH Bilduko Ikoitz Arresek. «Nahi genituen adostasun guztiak lortu ez ditugun arren, ardura ariketa bat egin dugu herri akordio batera iristeko. Egin zezaketen soilik EAJk eta PSEk, gehiengoa dutelako, baina hezkuntzak akordio zabala merezi zuen», nabarmendu du. Izan ere, Arreseren hitzetan, hezkuntza komunitatea ez da gai izan azken hamarkadan aliantzak sortzeko, «Legebiltzarra bai».
Koalizio subiranistaren legebiltzarkidearen hitzetan, gainera, adostu den Ekintza Planak ahalbidetuko du datozen hamabi urteetan itunak markatuko duen bide-orria zigilatzea, edozein dela ere Gobernuan dagoen alderdia. Hori baita, Leixuri Arrizabalagaren ustez, egungo ereduaren arazo nagusietako bat: «Ezin da onartu gobernu aldaketa bat dagoen bakoitzero hezkuntza eredua aldatzea. Horrela ez da errespetatzen hezkuntzaren esparrua».
Oinarrizko akordioa mahai gainean dela, «orain konplikatua dena da hau lege bihurtzea», ohartarazi du Iñigo Martinezek. Eta gutxieneko berme bat: «Ea Gobernuak erantzukizunaz kudeatzen duen akordio hau».
Edukia eta forma
Akordioaren edukiaren inguruan hitz egiteko tartea ere izan dute legebiltzarkideak. Dena ezin aletu, baina itunak jasotzen dituen neurri askotan bat egin dute lau kideek: nagusiki, segregazioaren kontrako borrokan, ikasle guztien aukera berdintasunean eta eskolen autonomian.
Arrizabalaga (EAJ): «Aspalditik bi sareak elkarbizitzen ari dira. Borroka publiko-pribatua alde batera utzi behar dugu»
Eskola publiko eta pribatuen konbergentziari eutsi dio, ordea, EAJkoak, beste taldekoek ez bezala. «Itunak aitortza egiten dio sare publikoari, garrantzitsua da, baina jasotzen du baita zein den gure gizartearen errealitatea. Aspalditik bi sareak elkarbizitzen ari dira. Anomalia bat da? Ez dakit, baina horrekin bizi gara. Borroka publiko-pribatua alde batera utzi behar dugu eta uste dut akordio honek gainditzen duela», agertu du Arrizabalagak.
Iñigo Martinezek, ordea, ordezkatzen duen koalizioaren iritzi irmoa mantendu du, hezkuntza sistemak 100%ean publikoa izan behar duela esanez. Bide beretik jo du Jose Antonio Pastorrek, eskola publikoak EAEko hezkuntza ereduaren ardatz izan behar duela esanez.
Euskararen arloan lortutakoa azpimarratu du, bere aldetik, Ikoitz Arresek, gogora ekarriz itunak jasotzen duela ikasle orok, edozein jatorri duela eta edozein ikastetxetan ikasten duela, euskarazko B2 maila lortuko duela.
Hezkuntza Itunak EAErentzat zer esan nahi duen ez dute alderdi guztiek berdin irakurtzen. «Baliteke hemen eskuman dudan kidearentzat [Leixuri Arrizabalaga] akordio hau izatea urrats osoago bat, edo ezkerretara ditudan bientzako [Jose Antonio Pastor eta Iñigo Martinez] publifikazioari atea irekiko dion akordio bat. Guretzako, abiapuntu bat da, amesten dugun sistema burujabe baten norabidean», esan du Arresek.