INFO

Lapurdin egingo du LABek Biltzar Nagusia, «mugaz gaindiko sindikalismoa praktikan jartzeko»

LAB sindikatuak jakinarazi du X. Biltzar Nagusia Baionan eta Biarritzen egingo dutela ekainaren 16an eta 17an, ‘Bagara bagoaz’ lelopean. Biltzar Nagusia Ipar Euskal Herrian egiteak «mugaz gaindiko sindikalismoa praktikan jartzeko» konpromisoari erantzuten dio.

Garbiñe Aranburu eta Argitxu Dufau, Baionan egindako prentsaurrekoan. (Guillaume FAUVEAU)

X. Biltzar Nagusia Bilbon joan den astean aurkeztu ondoren, asteazken honetan Lapurdin egin du agerraldia LAB sindikatuak; biltzarra bera hartuko duen herrialdean, hain justu. Izan ere, Baionan eta Biarritzen egingo dute ekainaren 16an eta 17an, ‘Bagara bagoaz’ leloarekin.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta LABeko Ipar Euskal Herriko ordezkari Argitxu Dufauk jakinarazitakoaren arabera, Biltzar Nagusia Ipar Euskal Herrian egiteak konpromiso bikoitzari erantzuten dio. Batetik, «sindikatu nazional bakarra izanik, euskal langile guztiei begirako egitasmoa garatu eta mugaz gaindiko sindikalismoa praktikan jartzeko hautuari».

Bestetik, «Ipar Euskal Herrian sortu eta 22 urtera, lurralde honetan LABen egitasmoa indartu eta hedatzeko erabakiari».

Hala, eskualdez eskualde hautatutako 500 kide elkartuko dituzte Biltzar Nagusian. Berritasunen artean, bi koordinatzaile orokor izateko proposamena eramango dute osoko bilkurara, idazkari nagusi baten ordez. Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo dira hautagaiak.

«Erabaki nagusiei dagokienez, testuingurua aldatu bada ere, hartutako bidea berretsi egingo dugu. Kapitala eta Bizitzaren arteko talka betean gaude. Pandemia eta Ukraniako gerra tartean, baina oinarrian dagoena arazo bera da: sistema hau, bidegabea ez ezik, bideraezina ere bada», azaldu du LABek.