INFO

Martutenen Urumearen uholdeei aurre egiteko lanen baitan, Sarruetako pasealekua ireki da

Sarruetako pasealekua, Donostiako Martutene auzoan, oinezko zein bizikletentzat ireki da. Urumeako uholdeei aurre egiteko lanen baita kokatu da proiektua eta, fase hau amaituta, sei kilometroko ibilbidea osatu da Kursaaleraino. Hobekuntzak hobekuntza, bizilagunentzat auzoak premiak ditu oraindik.

Sarrueta pasealekua irekita, sei kilometroko ibilbidea osatua gelditu da Kursaaleraino. (Donostiako Udala)

Ia hiru urte igaro dira URA-k Martutenen Urumearen ur-goraldien ondorioz uholde arriskua ekiditeko ibaiaren ubidea zabaltzeko bigarren fasearen lanak egiteari ekin zionetik eta, lanak amaituta, larunbata honetan zabaldu da Sarrueta pasealekua.

Martuteneko zubiaren eta Lugañeneko zubiaren artean kokatua, Sarrueta oinezkoentzat eta bizikletentzat zabaldu da, baita Martuteneko norabidean joateko ibilgailuentzat ere. Halaber, Apostolutzako ertzean sortutako oinezkoentzako bidea ere ireki da.

Bigarren fase honek 500 metroko zatiari eragiten zion Martutene eta Lugañene zubien artean, zehazki 27. industrialdearen sarreran. Udalak ohar bidez zabaldu duenez, eremua «guztiz eraldatu da». Martutene auzotik El Pilar-eraino doan pasealekuaren luzapena da eta Txominera doan bidearekin lotura egiten du, Kursaal zubiraino doan sei kilometrotako ibilbidea osatuz.

Donostiako alkate Eneko Goiak larunbata goizean agerraldia egin du, eta esan duenez, sortutako gune berri honek Martutenen dauden aisialdirako guneak handitzen ditu, eta era berean, auzoaren eta 27. industrialdeearen eta Txomin enearen arteko oinezkoen zein bizikleten lotura hobetzen du. «Donostiar guztion gozamenerako gunea berreskuratzea lortu da, eta horri esker, Donostiako Urumea ibaiaren ibar osoan paseatzeko aukera dugu, Martutenen hasi eta Kursaaleraino», erantsi du.

Ekonomia Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Inguruemeneko sailburu Arantxa Tapia ere bertan izan da. «Urumean uholdeei aurre egiteko defentsak Euskal Autonomia Erkidegoan egin direnen artean gertatu daitezkeen kalte gehien gutxitu dituena da egindako inbertsioa ikusita. Egun Martuteneko auzotarrak Urumea ibaiaren ur-goraldiengatik babestuta daude. Eta era berean, Donostiako hiri-bilbea eta auzoen arteko lotura nabarmen hobetu da, sortutako gune honi esker».

Pasealeku berriaren irekierak Martutenen Urumearen ubidea zabaltzeko proiektuaren bi faseei amaiera ematen dio. Erakundeek 35 milioi eurotako inbertsioa egin dute proiektuan eta lanak 7 urtez luzatu dira.

Martuteneren premiak

Ordezkari publikoen presentzia aprobetsatuta, Martuteneko auzotarrek kezka eta behar batzuk helaraztera gerturatu nahi izan dute, baina salatu dutenez, ez zaie utzi.

‘Martutene bizirik’ plataformatik gogorarazi dutenez, mugimendua auzoko familietatik sortutakoa da. «Asmoa da auzoko hainbat elkartek bat egitea eta merezi dugun auzoa, auzo duina, aldarrikatzea. Martuteneko familiak abandonatuta sentitzen gara, auzoa bezala».

Dozenaka lagun bildu dira, «jai eta aldarrikapen giroan», eskaerak zehatzak helarazi asmoz. «Protesta baketsua eta familiarra izan arren, Ertzaintzak ez digu utzi ekitaldi ofizialaren tokitik 200 metro baino gutxiagora hurbiltzen», salatu dute.

Martuteneko bizilagunek auzoko premiak zeintzuk diren helarazi dituzte.

«Eskatzen dugun premiazkoena ikastolaren inguruko bide-segurtasuna hobetzea da, errepidez inguratuta baitago. Urtarrilean gertatu zen istripu larri baten ondoren, Udaletik esan ziguten trafikoa lasaitzeko urgentziazko esku-hartze bat egingo zutela, baina 4 hilabete daramatzagu zain, eta datorren hilean amaitzen da kurtsoa», gogorarazi dute.

Martutene auzoak beste premia batzuk dituztela ere erantsi dute: zubi berria auzoarekin lotzeko asmatu zen kurbaren segurtasun-arazoa, udal garbitasun-zerbitzu eskasa, gasolindegi abandonatua eta urteak eta urteak bukatu gabe daramatzan biribilgune «probisionala».

DBus-en autobus geltokiak «oso prekarioak» direla salatu dute, Renferen geltokian hobekuntzak beharrezkoak direla eta duela bi urte Kutxa kendu zenetik, «pertsona asko, batez ere adinekoak, zuzeneko arreta-zerbitzurik gabe» utzi dituztela. Azkenik, Marie Curie parkeko puntu kritikoa salatu dute, emakumeen segurtasunerako puntu beltza baita.