INFO

Ia 200 gaztek hartu dute parte EGOren entzunaldietan, orkestraren 25. urteurrenean

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) entzunaldiak antolatu ditu 26 postu betetzeko eta, prozesua amaituta, «instrumentisten maila altua, bikaintasuna nabarmenduz» goraipatu ditu Ruben Gimeno zuzendari artistikoak. Aukeratutako gazteen %60 Hego Euskal Herriko lau lurraldeetatik datoz.

Euskal Herriko Gazte Orkestraren kontzertu bat, Donostiako San Telmo Museoan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) 26 postu betetzeko antolatu dituen entzunaldietan 25 urte bitarteko 197 gaztek parte hartu dute. Azken urteotan izandako parte hartzearekin parekatu da kopurua, EGOren 25. urteurrena betetzen den urtean.

EGOk jakinarazi duenez, azken bi urteetan, entzunaldi presentzialak telematiko bilakatu zituen eta, emaitzak ikusita eta urte hasierako osasun egoerak bultzatuta, aurten ere formula berdina erabiltzea erabaki du entzunaldietarako.

Eskatutako errepertorioa prestatu eta bideoan grabatu behar izan dute hautagaiek. Aurkeztutako materiala instrumentu ezberdinetako epaimahai aditu batek aztertu du, EGOren zuzendari artistikoa den Ruben Gimenok gidatuta.

Horrela, orkestrako zuzendaria pozik azaldu da entzunaldietako emaitzekin: «Instrumentisten batez besteko maila altua aipatu nahiko nuke, bikaintasuna nabarmenduz, batez ere talentu gazteenetan. Geroz eta ikasle gazteagoak eta era berean helduagoak ditugu».

«EGOko kideen adinaren batez bestekoa beherantz egitea lortzen ari gara, eta hau zen gure helburuetako bat epe ertainera. Modu honetan, adin gazteagoetan orkestra-formakuntza eskaintzea ahalbidetzen digu honek guztiak», gaineratu du Gimenok.

Entzunaldiak bukatuta, 26 gazte aukeratu dira titular eta 40 ordezko gisa, Musikene izanik ekarpen handiena egin duen eskola, Nafarroako eta Aragoiko goi mailako eskolen aurretik. Aukeratutako gazteen %60 inguru Hego Euskal Herriko lau lurraldeetatik datoz.

Halaber, nazioartean erreferentzia diren zentroetan ikasten ari diren gazteen parte hartzea nabarmendu dute EGOtik, hala nola Conservatorium Maastricht, Franz Liszt Eskola, Amsterdameko Goi Mailako Kontserbatorioa eta Gotemburgeko Unibertistateak. Generoaren ikuspegitik aztertuta, hautagaien erdiak gizonezkoak izan dira, eta beste erdia emakumezkoak. Batez besteko adina 20 urte izan da.

Zilarrezko ezteiak

Behin entzunaldien prozesua amaituta, EGOren arduradunak 2022. urterako jardueren prestaketan murgilduta daude. Urte berezia izango da, 25 urte igaro baitira EGOren sorreratik.

Bada, urte berezi honetarako zenbait jarduera aurreikusi ditu EGOk, besteak beste, trukea Kanariaseko Gazte Orkestrarekin (JOCAN), Musika Hamabostaldiaren Kursaaleko abonu zikloan agerraldia, Kukai Dantza taldearekin batera aurkeztuko duen proiektu berritzailea, eta neguko topaketan egingo den egitarau «oso berezia», besteak beste.